Uribe ESIko beharginek azaldu dutenez, konfinamenduaren arintze fase batetik bestera pasatu ahal izateko derrigorrezkoa omen zen Lehen Mailako Arreta %10ean indartzea. Hala ere, deitoratu dute hori ez dela bermatu. Denera, hiru erizain kontratatu ditu orain Osakidetzak COVID-19aren kasuen eta kontaktuen jarraipen telefonikoa egiteko Uribe eskualdean (30 Osakidetza osoan). "Edozeinek asma dezake zer portzentaje den hori, baina ez da %10ekoa, jakina", salatu dute. Horrez gainera, udaldian eskualde osoko zentro gehienetan sendagileen ordezkapenik egongo ez dela kritikatu dute; "administrari eta erizain ordezko oso gutxi bidaliko dituztela ere komunikatu digute". Horren aurrean, Uribe ESIko langileek zalantzan jarri dute Lehen Mailako Arreta indartzeko Osakidetzaren konpromisoa.
Gogoratu dutenez, orain urte batzuk, sendagile eta erizain bakoitzak artatu behar zituen pazienteen kopurua (kupoa) 1.400era murriztea lortu zen, "epe ertainera 1.200ekoak izateko itxaropenarekin"; hala ere, gaur egun, 1.600 paziente pasatxo dituztela azpimarratu dute. Horrez gainera, Osakidetzaren baitan laneko bajak edo oporraldiak ez ordezkatzeko "joera sistematikoa" dagoela salatu dute, "eta kasurik onenean, ordezkoren bat bidaliz gero, bi edo hiru kontsulta batera egiteko izan ohi da. Horixe da modako politika ezaguna: txapela batekin hiru buru estaltzearena". 2008ko krisialdi ekonomikoaren ondoren, joera hori defendatzeko argudioa diru-falta ei zen; orain, aldiz, kudeatzaileen azalpena ordezkorik ez dagoela azaldu dute langileek. "Tamalez, hori kasu askotan egia izaten da, sendagile zein erizain asko, urtetan lan-baldintza oso prekarioetan ordezko bezala aritu eta gero, Osakidetzatik kanpo lan egitea erabaki baitute (mutuetan, klinika pribatuetan zein Europar Batasuneko bestelako herrialdeetan). Hala ere, nahiz eta administrazio-laguntzaileen kontratazio- zerrendetan langile faltarik ez egon (eta, beraz, “ez dago ordezkorik” argudioa lekuz kanpo egon), estamentu horretan ere joera inor gutxi ordezkatzea izan ohi da", azaldu dute Uribe ESIko langileek.
Fidagarritasun "eskaseko" probak
Osakidetzako langileek deitoratu dute "aspaldian" ez dutela "ganorazko" etengabeko prestakuntzarik jasotzen. Are gehiago, salatu dute COVID-19aren eta bere ondorioen gainean eman duten informazioa eta prestakuntza bakarra posta elektronikoz bidalitako hainbat protokolo besterik izan ez direla. "Hori bai, astero protokolo desberdin bat (askotan aste berean protokolo bat baino gehiago), eta haien artean zeharo kontrajarriak. Baina ez dute inoiz gure iritzia kontuan hartu, ezta gure kexak entzun ere egin. Ez gaituzte inoiz aintzat hartu", kritikatu dute.
Horrez gainera, euren egunerokoan erabakiak hartzeko eskura dituzten proba diagnostikoen fidagarritasuna "eskasa" dela salatu dute. Era berean, pandemiaren hasieran erabiltzen zituzten babes-neurriak prekarioak zirela ere gogoratu dute: "Inork ez dio bere buruari galdetu zergatik dugun osasun-langile kutsatuen kopururik handienetakoa Europan?".