Zer da ikasle gorren taldekatze-zentro bat eta zergatik da Zubileta erreferentziazkoa?
Taldekatze-proiektuak dituzten ikastetxe arruntak dira. Kasu honetan, ikasle gorrek eta ikasle-entzuleek bat egiten dute, eta baliabide gehigarriak dituzte gainera. Hala nola logopeda, irakasle elebidunak (LSE/zeinu hizkuntza eta ahozko hizkuntza) Haur eta Lehen Hezkuntzan eta pedagogia terapeutikoko irakasleak zeinu-mintzairarako.
Gorren errealitateari buruzko ezagutza handia duten profesionalak daude Zubiletan. Esperientzia handiko zentro bat da, proiektua 2000-2001 ikasturtean hasi zuten; beraz, 19 urte inguru daramatzate ikasle gorrekin lanean eta hemen gauden familiok aukeratutako zentroa da, urte hauetan denetan ikasle gorren proiektuak bultzatu eta osatzen duten pertsonengatik bereziki.
Proiektu horretan diharduen profesionaletako batek arazo bat izan du Jaurlaritzak berriki egindako ebaspen bategatik. Zelan eragiten dio neurri horrek pertsona horri?
Egun batetik bestera bere burua zentrotik kanpo ikusi du. Zuzenean eragin dio Hezkuntza Saileko langileen kudeaketarako arloak Hezkuntza Premia Bereziak dauzkaten ikasleekin aritzeko zerbitzu eginkizunak luzatzeko ebazpenak. Horrek baldintza berri bat ezarri du eta, ondorioz, profesional honek ezin izango du jarraitu berton lanean. Izan ere, orain karrerako funtzionario izateko betebeharra ezarri dute eta hau, bitartekoa denez gero, ezin izango du jarraitu datorren urtean. Zerbitzu eginkizunetan zeuden bitarteko funtzionario denak ez dira berrituko irailean.
Nekez ordezkatzeko moduko profila du kaltetutako pertsonak eta urteetan zehar pilatutako ezagutza partekatzeko prozesurik ez da egongo Jaurlaritzak hartutako erabaki horrekin. Ezagutza hori galduko da. Ez dakigu zergatik hartu den neurri hori orain, momentu honetan. Ez dugu erabakia zalantzan jartzen, baina ezarriko duten momentua eta nola egingo duten bai deitoratzen dugu. Gainera, ez dituzte umeak kontutan hartu.
"Zubiletan 19 urte inguru daramatzate ikasle gorrekin lanean eta hemen gauden familiok aukeratutako zentroa da, urte hauetan denetan ikasle gorren proiektuak bultzatu eta osatzen duten pertsonengatik bereziki"
Ebazpen berriak kaltetu duen profesionalagaz batera zenbat pertsonak egiten dute lan Zubiletako proiektu horretan?
Kaltetutakoarekin batera beste hainbat profesionalek kudeatzen dute proiektua. Batek nagusiekin lan egiten du; beste bat uneoro dago zentroan eta beste bat ordu zehatz batzuetan etortzen da umeei zeinu hizkuntza erakustera. Logopeda bat ere badago eta, azkenik, kaltetua izan den profesionala, Pedagogia Terapeutikoko maistra, hain zuzen ere.
Bitartekoa den arren, kaltetutako profesionala esperientzia luzea eta zabala dauka ume gorrakaz lanean...
Bai. Zubiletan, zehazki, 13 urte daramatza; hala ere, 19 urtez ikasle gorrekin hezkuntzan aritutakoa da. Zentro honetako ikasle gor denak primeran ezagutzen ditu, badaki zeintzuk ezaugarri duen bakoitzak eta zeintzuk behar dituzten ere. Inor baino hobeto ezagutzen ditu ume denak.
Ebazpen berri honegaz pertsona hori zentrotik kanpo geldituko da. Hala ere, behar berezietako umeen artean garrantzitsua izaten da talde finko eta sendo bat izatea jarraipena modu egokian egin ahal izateko...
Bai, guztiz. Are gehiago, ume gorrentzako, gure umeentzako, alegia, erreferentziazko pertsona bat da bera. Eskolan edozein arazo izanez gero berarengana jotzen dute beti. Baina pertsona hori zentrotik kanpo gelditzeak ez die umeei soilik eragiten. Gurekin, familiokin, eraiki duen konfiantzazko harremana oso sendoa da eta horrek eragin zuzena du umeengan, familiongan eta bere inguruan dauden profesionalengan. Zentro mailari dagokionez, bere lan egiteko modua komunitatea egitea da; beste irakasleekin eta eskolako beste langileekin harreman oso estua du, oso inplikatuta dago eta ume denen inklusioa sustatu eta bermatzen saiatzen da. Oso maila altuko eragina du horrek, eta nabarituko da bere falta.
"Kaltetutako maistra jakinduria handiko pertsona da eta gorren mundua asko ezagutzen du; nola pentsatzen duten, jolasteko modu ezberdinak..."
Zelako beharrak izaten dituzte ikasle gorrek ikasketa-prozesu batean eta zelan asetzen dituzte horiek profesionalok?
Ia ume denak inplanteak dituzte; aparatu horiek manipulatzeko jakintasun tekniko minimo bat behar da, eta horiek beharrezkoak dira umeek entzun dezaketela ziurtatzeko eta, ondorioz, ikasteko. Orduan, oso garrantzitsua da gainean egotea eta horiek nola erabiltzen diren jakitea. Izan ere, askotan inplanteak amatatuta egon daitezke, eta horien funtzionamendua ulertzen ez baduzu amatatuta egon daitezke egun osoan, umeak ezertxo ere ez entzun barik. Urte batetik bira bitarteko adina dutenean hasten dira umeak hizkuntza ikasten, eta gai tekniko hori bermatu beharra dago.
Kaltetutako profesionalaren kasuan, gailu horiek menperatzeaz gainera, jakinduria handiko pertsona da eta gorren mundua asko ezagutzen du; nola pentsatzen duten, jolasteko modu ezberdinak... Umeontzako erreferentziazko pertsona da. Ume entzuleen artean ere edozer gauza gertatzen dela, berak lan egiten du inklusioa sustatzeko eta ezberdintasunik ez egoteko umeen artean.
Familiekiko harremana ere garrantzitsua dela diozue...
Bai, hasiera-hasieratik harrera ona egin eta konfiantza eman digun pertsona da, bertan dagoelako beti laguntzeko prest. Hori kalitatezko harreman bat da, egun batetik bestera lortzen ez dena.
Azken finean, familion beldurrak askotarikoak dira eta horiei aurre egiteko eta kudeatzeko lasaigarria da pertsona hori. Izan ere, guretzat dena da berria; berarentzat, aldiz, ez.
Kaltetutako pertsonagaz batera, beste hainbatek osatzen dute lantaldea. Hala ere, bera kanpoan uzteak proiektua bera ezbaian geldi daitekeela uste duzue?
Bai, lantalde bat da eta pertsona horri buruz berba egiten dugu uneoro bera delako kaltetua. Hala ere, pertsona hori da guretzat hemen egoteko zergatia pisutsuenetarikoa. Azpimarratzekoa da berak daukan esperientzia handia; egia da lantalde bat dagoela zentro honetan eta ez diogula garrantzia kendu nahi besteei, oso profesional onak direlako. Hala ere, zentro honetara oso urrutiko familiak datoz erreferentzia horrexegatik. Proiektua eta lantaldea ona da, baina bera joanez gero egitasmoa desegonkortuko dela uste dugu. Ez dakigu kalitatea murriztuko den edo ez, baina epe laburrean ziur baietz. Hemen lortutakoa ez da egun batetik bestera lortzen...
"Proiektua eta lantaldea ona da, baina bera joanez gero egitasmoa desegonkortuko dela uste dugu. Ez dakigu kalitatea murriztuko den edo ez, baina epe laburrean ziur baietz. Hemen lortutakoa ez da egun batetik bestera lortzen..."A
Egoera sozioemozionalari dagokionez, umeentzako gogorra izango da erreferentziazko pertsona hori galtzea, ezta? Are gehiago bizi dugun COVID-19aren garaian...
Bai, eta ez bakarrik ume gorrekin; ume denekin dauka harremana. Eta, diozun moduan, COVID-19ak sortutako arazoekin umeen egoera sozioemozionala larritu egingo da. Datorren ikasturtea ez dakigu zelakoa izango den. Hala ere, aldaketa asko egongo dira eta neurri honek eragin handiagoa izango du aniztasun funtzionala duten umeen artean. Hortaz, uste dugu neurri hau une honetan hartzea ez dela erabaki ona izan. Ez dugu egoki ikusten.
Zer da zehazki eskatzen duzuena?
Ez dakigu berandu den, baina aipatutako neurriak urgentziaz berrikustea eta baliogabetzea nahiko genuke. Kasu honetan, gainera, hamarkada bat baino gehiagoan aritu den pertsona horren jarraikortasuna bermatzea beharrezkoa dela uste dugu. Oso pozik gaude berarekin, bere inplikazioarekin eta enpatiarekin. Egindako dena eskertu nahi diogu.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako IBT-CRI, OET-H eta entzumen urrikoen arretarako taldeetan lan egiten duten bitarteko funtzionarioek hurrengo gutuna bidali diote Olatz Garamendi Landa Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari: https://issuu.com/hiruka_komunikazioa/docs/zerbitzu_eginkizunak_