Atzo ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera, eta gaur bildu da LABI -Larrialdiari Aurre egiteko Bidea- batzordea lehen neurriak adosteko. Batzordearen buru izan da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, eta bertan izan dira baita ere sailburuak eta Diputazioetako ahaldun nagusiak. Bilera horretan, ezarriko diren lehen neurriak adostu dituzte.
Arantxa Tapia Industria sailburuak azaldu du momentuz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztiei eragingo diten neurriak zehaztu dituztela, baina eremu jakin bati soilik eragiten dioten neurriak ere ezar ditzakete aurrerago, tokian tokiko egoera epidemiologikoaren arabera.
Neurriok jende pilaketak sor daitezkeen guneei eragingo diete batik bat. Izan ere, kaleko edozein eremutan ezingo dira hamar pertsona baino gehiago; ez terrazetan, ez parkeetan ezta kirol jardueretan ere. Neurri horrek eragina izango du turismo jardueretan ere.
Ostalaritzari dagokionez, ixteko ordua ostiralean Espainiako Osasun Ministerioak ezarritakoa izango da: 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero berririk sartu. Gainera, 1,5 metroko tartea errespetatu beharko da ez soilik mahaien artean, baita mahai bereko pertsonen artean ere, eta eserita soilik kontsumitu ahal izango da. Jatetxeetan, ezingo dira une berean 60 pertsona baino gehiago egon jaten. Horrez gain, diskoteka eta gaueko tabernek ezingo dute ireki, eta gazte lokalak erabiltzea debekaturik egongo da.
Bestalde, beilatoki eta hiletetan gehienezko pertsona kopurua 30 izango da, barruan zein kanpoan izan. Igerilekuetako edukierak ere %60ra murriztuko dira, eta gehienez ere hiru orduz egon ahal izango da bertan.
Kalean erretzeko debekua ere indarrean jarriko du Jaurlaritzak. Ezingo da kalean errea bi metroko tartea mantentzerik ez badago. Neurriak eragina izango duten beste eremu bat garraio publikoa izango da. Gaueko garraio zerbitzuak 01:30era arte luzatuko dira gehienez ere, eta bi orduko bidaiak baino laburragoak direnetan, ezingo da jan, bai, ordea, edan.
PCR probak zahar etxeetan
Tapiak jakinarazi du murrizketak izango direla zahar etxeetan eta eguneko zentroetan. Pertsona bakarraren bisitak jaso ahal izango dituzte egoiliarrek, egunean ordubetez gehienez ere. halere, "bizitzaren azken fasean" dauden egoiliarren kasuan, neurri hori arindu egingo da. Sarrera-irteerak ere ahalik eta gehien murriztuko dira, eta Foru Aldundien zein Osasun Sailaren esku egongo da murrizketa horiek zehaztea. Bestalde, PCR probak indartuko dituzte zahar etxeetan: egoiliar eta langile berri guztiei probak egingo dizkiete 72 ordu lehenago gehienez ere.
Berria-tik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.