Uribe Kostako Ernai

"Espainiako inposizio-ikur den bandera, Euskal Herritik kanpora!"

Erredakzioa 2020ko urr. 12a, 15:03

Gaur, urriaren 12an, espainiar Estatuak iragan "basatiaren" eta "ukazio eta inposizioaren orainaren" harrotasuna Hego Euskal Herrian ospatu arazi gura duela deitoratu du Ernai gazte antolakundeak. Izan ere, Hispanitatearen Eguna gurean "jai egun arrotza" dela aldarrikatu eta espainiar Estatuaren ikurren kontrako ekimena egin dute bart antolakundeko eskualdeko gazteek, bideoan ikus daitekeenez.

Ernai gazte antolakundearen oharra, osorik

Beste behin ere, hispanitatearen gorazarreak hartuko ditu Espainiar Estatuko kaleak. Beste behin ere, iragan basatiaren eta ukazioa eta inposizioaren orainaren harrotasuna Hego Euskal Herrian ospatu arazi nahi digute. Urriaren 12a, jai egun arrotza geurean.

1492. urtetik aurrera Ameriketan barrena sarraski ugari gauzatu zituen inperio genozida berak Nafarroa menpean hartu zuen indarrez 1512.urtean. Geroztik ordea, gure hizkuntzaren, kulturaren eta burujabetza nazionala ezabatzearen ahalegin guztien gainetik, Euskal Herriak bizi nahiaren borrokaz aurre egin dio espainiar inposizioari.

Iragan inperialista eta genozida duen egitasmo politikoa da Espainiako monarkia. Faxismoaren erroak sasi-trantsizio batekin ezkutarazi nahi izan zuten; eta bien bitartean, haien erregimenaren oinarriak “lotuak eta ongi lotuak” utzi zituzten Juan Carlos Borboitarraren izendapenarekin, besteak beste. Herrien hiltzaile izatetik, herrien eta demokraziaren kartzela izatera igaron den estatuan, Frankismoaren herentzia zuzena dugu monarkia.

Joan Carlos errege emerituaren ihesaldiak sortu du harrabotsa azken hilabeteetan. Monarkiaren izaera frankistari aspaldian ezaguna zen ustelkeria gehitu zaio. Pribilegioak, lapurreta eta inpunitatea. Gutxi balitz, babestu egin du Espainiar Estatuak; eta inolako trabarik gabe egin du ihes Borboiak. Krisian dagoen instituzioaren gidaritzapean gelditu da Felipe semea. Haren barkuaren irudia zuritu nahian, itsaso galduan nabigatzen.

Euskal Herrian, alabaina, koroarekiko gaitzespena eta deslotura Espainiaren izaera antidemokratikoa bezain agerikoa da. Herritarren gehiengoa, gazteengan are modu ageriagoan, antimonarkikoa da.

Erregimenaren makuluetako bat usteltzen dabilen arren, bestelako oinarriak sendotzen ari dira Espainiar Estatuan. Eremu politiko-instituzionalean, bloke konstituzionalista, eskuina eta eskuin muturra ahotsa altxatzetik, trinkotzera egiten ari da. Bien bitartean, “gobernu progresistatzat” izendatu dugunaren maniobra margina geroz eta laburragoa da. Birzentralizazioaren eta ezkutuko 155en aurrean, ezker independentismoak eta egitasmo burujabeek ezaugarritzen dute aldaketarako aukera erreal bakarra.

Konfinamenduan hala ikusi dugu: osasun-sistema kolapsatua zegoen bitartean, militarrak izan ditugu Euskal Herriko kaleetan zehar desfilatzen, espainiar nazionalismoaren gorazarre, antzezpen lanetan. Eta bestelako antzerkiak ere bizi izan ditugu azken astean. Ekhine Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaioren atxiloketak Estatu Espainiarraren izaera estruktural antidemokratiko eta biolentoaren froga dira. Estatuak bere estolderien bidez; aparatu polizial, juridiko, mediatikoaren bidez alegia, bere esentzia zein den agerian utzi du beste behin ere. Estatu sakonaren bihotz eta barrenak sufritu behar izan ditugu beste behin ere.

Gazteok ez ditugu onartzen ihes egindako monarka ustelik, estatu faxista baten oinarriak sostengatzen dituen monarka berririk, ezta geure herria zapaldu eta ukatzen duen estatuaren agindu ezta inposiziorik ere ez! Zerumugaberri bat dugu gazteok, eguneroko injustiziei aurre eginez, Euskal Herri sozialista eta feministaren bidean. Egitasmo politiko burujabe baten eraikuntzan, 78ko erregimena eraitsi araziko dugu.

Urriaren 12an, ezer ez ospatzeko!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun