Haria euskal gazte aisialdi-elkartea

"Aisialdirako eskaintza zabaldu beharra dugu"

Iker Rincon Moreno 2020ko urr. 14a, 11:37
Unai Mendiburu eta Irene Ezkurra begiraleak ezkerrean eta eskuman, hurrenez hurren; erdian, Maialen Lago.

Haria Getxoko euskal aisialdi-elkarteak 12 eta 15 urte arteko hamar neska-mutilentzako udaleku ibiltaria egin du aurtengo ezohiko udan; abuztuaren 24tik 30era bitartean, hain zuzen ere. Arduradunek azaldu dutenez, “giro euskalduna, eskualdeko ondarearen ezagutza, mendizaletasuna, kulturartekotasuna eta hainbat baloreren lanketa” sustatu gura izan dute egitasmo horregaz, Uribe Kostan ibilbide zirkular bat egiten duten bitartean. Pandemiari egokituta, balorazio “hobezina” egin dute.

Haria Getxoko euskal aisialdi-elkarteak 12 eta 15 urte arteko hamar neska-mutilentzako udaleku ibiltaria egin du aurtengo ezohiko udan; abuztuaren 24tik 30era bitartean, hain zuzen ere. Arduradunek azaldu dutenez, “giro euskalduna, eskualdeko ondarearen ezagutza, mendizaletasuna, kulturartekotasuna eta hainbat baloreren lanketa” sustatu gura izan dute egitasmo horregaz, Uribe Kostan ibilbide zirkular bat egiten duten bitartean. COVID-19aren pandemiak eragindako egoera berezia dela eta, moldaketak egin behar izan dituzte; hasiera batean eskualdeko hainbat udalerritan kanpin-dendetan lo egitea aurreikusita zegoen, denak elkarregaz, talde-kohesioa lantzeko; hala ere, osasun-neurriengatik gauetan norberak bere etxean lo egin eta egun horretan egin beharreko etaparen hasieratik abiatzea erabaki zuten. Dena dela, Unai Mendiburu begiraleetako batek dioenez, COVID-19ak ekimena baldintzatu duen arren, “segurtasun-neurri denak bermatuta mota honetako egitasmoakaz aurrera egin daitekeela demostratu dugu”. 

Zazpi egunean, Uribe Kostako hamaika txoko ezagutzeko aukera izan dute udaleku ibiltarian parte hartu duten 12 eta 15 urte arteko hamar gazteek.

Algorta, Plentzia, Gorliz, Armintza, Erandio, Urduliz, Berango... Pausoz pauso eskualdeko hamaika txoko ezagutzeko aukera izan dute egitasmoan parte hartu duten hamar gazteek. Eguraldiak ere ibilbidea baldintzatu du hainbat egunetan, baita aurreikusitako ekimenen bat edo beste bertan behera uztera behartu ere. Berbarako, Irene Ezkurra bigarren begiraleak azaldu duenez, Berangon Munarrikolandara igotzea aurreikusita zegoen, bertako Burdin Hesia ezagutzeko. Hala ere, eguraldia zela eta, beste jarduera batzuk egitera behartu zuten euren burua. Etapaz etapa, baina, askotariko jarduerak burutu dituzte taldean, hala nola kayakean aritu Butroe ibaian gora, scape room motatako jokoa Gorlizko bunkerretan eta historia-jolasak Martiartu dorretxearen parean. “Askotariko gaiak landu ditugu udalekuotan, bertoko historia ezagutu ahal izateko. Hala ere, ez dira historia-eskolak izan; gaiak jolasen bitartez landu ditugu”, azaldu du Ezkurrak. Diotenez, gainera, azkenengo eguna berezia izan zen: udalekuetako gaueko jarduera bakarra egin zuten Berangoko Santa Ana auzoko baserri batean. “Bertan lo egitearen truke lan egin behar izan genuen denok, auzolanean. Hala, enborrak jaso, abereei jaten eman eta halakoak egin behar izan genituen trukean”. Maialen Lagok, udalekuetan parte hartu duen gazteetako batek dioenez, oso polita izan da egitasmoa, “inguruan ditugun bazterrak ezagutzeko aukera oso aproposa izan da. Hasiera batean parte-hartzaileon adin-desorekak nabaritzen ziren arren, azkenean talde-izaera genuen. Oso ondo konpondu gara denok”.

Luzera begirako egitasmoa

Haria elkarteko kideek diote egitasmoa “luzaroan irauteko” jaio dela; “ideia da datorren urtean errepikatzea”, Ezkurrak iragarri duenez. Era berean, azaldu dute udaleko ibiltariez gainera urtean zehar bestelako hamaika jarduera garatu gura dituztela. “Eskaintza zabala eskaini nahi diegu eskualdeko gazteei, hala nola asteburu-pasak eta mendi-irteerak”. Eskaintza zabal hori gauzatu ahal izateko, COVID-19aren bilakaerari so ibiliko dira, “horrek baldintzatuko baitu zer egin dezakegun edo ez”, Mendibururen esanetan. “Oraingoa esperimentu bat baino ez da izan, oso ondo atera dena. Orain, ditugun baldintzen arabera ikusiko dugu zer egin dezakegun edo ez”. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun