EAE ixtea agindu du Jaurlaritzak eta udalerrien artean mugitzea ere mugatu du

Argia.eus 2020ko urr. 27a, 07:30

Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburua neurri berriak iragartzen (argazkia: Irekia).

Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurkako neurriak bideratzeko martxan jarri duen LABI batzordearen urgentziazko bileraren ondoren, astelehen arratsaldean Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburuak iragarri zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jada indarrean diren neurri berriak.

EAEn sartzea eta Autonomia Erkidegotik ateratzea debekatuta geratuko da, salbuespen batzuekin. Osasunarekin lotutako arrazoiak eta lanarekin lotutakoak lirateke sartu-irtenak baimenduko lituzketenak, eta halabeharrezko beste salbuespenen batzuk egiteko aukera ere izango da. Dekretua hemen irakur daiteke, eta urriaren 27 goizaldetik indarrean daude arau hauek guztiak.

Udalerrietatik irtetea ere oso mugatuta geratuko da. Autonomia Erkidegora sartzeko eta irteteko mugei bezalako salbuespenak aplikatuko zaizkie udalerriei ere: osasuna, lana eta, elkarren ondoan dauden herrien kasuan, jarduera sozioekonomikoak tarteko, mugimenduak baimendu ahal izango dira. Gainontzean, debekua berdin aplikatuko da udalerri guztietan, une honetan koronabirusaren kutsatze kopurua edozein dela ere.

Laneko joan-etorrietarako aurkeztu beharreko orria

Eusko Jaurlaritzak atera du laneko joan-etorriak adierazteko aurkeztu beharreko orria. Hementxe eskuratu daiteke.

Gehienez sei lagun elkartzeko muga eta kalean gauez ibiltzeko debekua

Itxiera-neurriez gain, azken egunetan denen ahotan egon diren beste neurri batzuk ere indarrean sartuko dira, hala nola, espazio publiko zein pribatuetan gehienez sei lagun bildu ahalko direla aurrerantzean. Gauez kalean ibiltzea ere debekatuta egongo da 23:00etatik 6:00etara bitartean.

EAEk kutsatze-datu oso kezkagarriak eman ditu azken asteetan, 100.000 biztanleko 500 kasuren langa gainditu baitu azken hamalau egunetan.

Albiste hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu HIRUKAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai, osorik.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun