Publikoak bozketa bidez erabaki ahalko du TOKIKOM Sarien 2020ko edizioan

Iker Rincon Moreno 2020ko urr. 28a, 09:34

Bosgarren urtez jarraian, TOKIKOMek TOKIKOM Sariak emango ditu aurten ere, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Sariok TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Osasun egoera asko baldintzatzen ari da komunikabideen jarduna, baita sari hauen antolaketa ere. TOKIKOMek egokitzapen txiki batzuk egin dizkio sariketaren mekanikari, egoera berrira moldatu eta haren helburuari ahalik eta ondoen eutsi ahal izateko.

Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 52 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.

Komunitatearen saria

Berrikuntza gisa, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz. HIRUKA lehia horretarako sailkatu da, "Koronabirusa atzerrian" eduki interaktiboagatik.

Bederatzi lan finalistak zeintzuk diren, TOKIKOMen zein bere sareko komunikabideen webguneetan ikus daiteke. Bozketa egiteko aukera ere webgune horietan izango da zabalik azaroaren 8ra arte.

TOKIKOMetik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. TOKIKOMeko Komunikazio Arduradunak, Joxe Rojasek, azaldu duenez, “alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin”.

Ezohiko sari banaketa

TOKIKOM Sarien banaketa azaroaren bukaera aldera izango da. Normalean, aurreko edizioaren irabazlearen herrian izaten da sariketa, jardunaldi presentzial batean, baina aurten ere berrikuntzak egongo dira zentzu horretan, osasun eta segurtasun egoera aldakorrek hala behartuta. Sari banaketaren inguruko xehetasunak egun gutxi barru jakinaraziko dira.

Informazio gehiago: sariak@tokikom.eus

Finalistak, hemen.

Bozkatzeko orria, hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun