Finalistak

Lagundu komunitatearen saria ematen!

Iker Rincon Moreno 2020ko urr. 28a, 09:36

Hauek dira TOKIKOM Sarien epaimahaiak finalista aukeratutako bederatzi lanak; HIRUKAkoa barne. Bistan denez, toki komunikabideak txikiak izanagatik ere, punta-puntako edukiak lantzen dituzte, emaitza benetan txundigarriekin.

Mesedez, hartu tartetxo bat lan guztiak patxadaz begiratzeko. Gogoratu irudietan klik eginda aukera izango duzula jatorrizko lan osoa ikusi edo deskargatzeko.

Behin lan guztiak aztertuta, bozketa orrira joan zaitezke, zure gogokoena zein den aukeratu eta botoa hari emateko.

Mila esker parte hartzeagatik!

Guaixe. 'Mozorratu zaitez gurekin'

Guaixe Azala TOKIKOM Sariak 2020

Epaimahaiari azpimarragarria iruditu zaio azala egunerokotik atera eta artelan bihurtzeko pausua: aktualitateko irudi bat egunerokotik harago eraman eta arte bihurtu du, teknika ezberdinak aplikatuz, eta irudiak eta tipografia bikain uztartuz.

Maxixatzen. 'Auzoa arnas'

Maxixatzen azala TOKIKOM Sariak 2020

Argazkiak oso momentu zehatza harrapatzen du eta indar handiz jartzen du ikuslearen begien aurrean. Kontraesanez beteriko irudi bizia osatzen du: anabasa koloretsua, jendea etxean sartuta baina jai giroan… Argazkiaren konposizioak ere efektu hori areagotzen du, perspektibarekin egiten duen jolas bitxiarekin.

Puntua. ‘Suizidioa’

Puntua azala TOKIKOM Sariak 2020

Epaimahaiak nabarmendu du nola oso elementu gutxirekin eta era egokian konbinatuz, asko transmititzen eta iradokitzen duen azala sortzea lortu den. Ideia ona izateaz gain, exekuzioa ere bikaina da, eta emaitza oso dotorea, bolumenen konposizio orekatuarekin, eta soiltasuna erabiliz dramatismoa gehitzeko.

Anboto. 'Zaldibar'

Anboto edukiak TOKIKOM Sariak 2020

Zaldibarko hondakindegiaren auzia ondo ulertzeko gakoak ematen ditu oso modu osatuan: kronika, kronograma, denbora lerroa, elkarrizketak, ikus-entzunezkoa… Kazetaritza lan aparta da, gertatutakoa ulertzeko oso argigarria, teknika eta estilo ezberdinak bikain uztartzen dituena. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).

HIRUKA. 'Koronabirusa atzerrian'

Hiruka edukiak TOKIKOM Sariak 2020

Epaimahaiak nabarmendu du paperaren logikatik aldendu eta informazioa modu bisualean, gailu digitaletatik ikusteko oso modu egokian plazaratzeko lana. Saiakera bisual horrek, gainera, ez dio kalterik ekarri edukiaren sakontasunari, eta hori ere aipatzekoa da. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).

Karkara. 'Najat Kaanache'
Karkara edukiak TOKIKOM Sariak 2020

Karkarak elkarrizketa borobila egin dio gure artean oso ezaguna ez bada ere, mundu mailan lehen lerroan diharduen sukaldari honi. Elkarrizketa bikaina da, pasadizo gogor samarrak kontatzen baditu ere, tonu altu eta itxaropentsuan hasi eta bukatuz. Epaimahaiak goraipatu du elkarrizketatzailearen lana, hala pertsonajea aukeratzeko orduan, nola elkarrizketa osoan txinparta ateratzeko. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).

Aiurri. '#Bertsovid19'
Aiurri ikus-entzunezkoak TOKIKOM Sariak 2020

Aiurrik lan ederra egin du konfinamenduak iraun duen bitartean komunitatea dinamizatzeko eta, ikus-entzunezko produktu gisa dituen mugen gainetik, txalotzekoa da formatua asmatzeko bizi eta azkar ibili izana, eta oso baliabide gutxirekin parte-hartze eta dinamika handia lortu izana. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).

Baleike eta Erlo TB. 'Marea errotaren arrastoaren bila'
Baleike Erlo ikus-entzunezkoak TOKIKOM Sariak 2020

Erreportaje bikain honek primeran jasotzen du herriko ondare historikoa. Lan handia sumatzen da pieza osatzeko orduan: dokumentazioa, artxibo lana, adituen parte hartzea… Osagai bikainekin borobildu dute ikus-entzunezkoa: droneko irudiak, elkarrizketak, ordenagailuz sortutako irudiak… lan-talde ederra zalantzarik gabe, emaitza azpimarragarria eman duena. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).

Guaixe. 'Batzen gaituena'
Guaixe ikus-entzunezkoak TOKIKOM Sariak 2020

Aldizkariaren 25. urteurrena ospatzeko, Guaixek oso ikus-entzunezko berezia osatu du, oso jatorri ezberdineko piezak uztartuz: zuzeneko ospakizun ekitaldia, elkarrizketak, datuak, mugikorretatik bidalitako bideoak… Elementu horiek oso modu egokian konbinatzen asmatu dute, eta emaitza biziki interesgarria lortu, bizia eta, batez ere, gertukotasunarekin oso lotua. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun