Orain dela urte batzuk (edo urtebete, besterik ez) inork erakutsi baligu begien aurrean duzuen argazkia, film distopiko batetik ateratakoa zela pentsatuko genukeen akaso, baina daborduko guztiz barneratuta daukagu hau dela gaur egungo ikasgela baten ohiko irudia. Are gehiago, asaldatu egingo ginateke irakasle-ikasleak musuko barik ikusiz gero.
Azken hilabeteetan denok ikasi ditugun hainbat berba ohikoak dira egunero irakaskuntzan dihardutenen hiztegian ere: COVID, PCR, musukoa edo maskara, hidrogela, segurtasun-distantzia, berrogeialdia... Beste bat ere badago, seguruenik ikastetxeetatik kanpo askorik erabiltzen ez dena baina bertako bizimoduaren antolamenduan ardatz nagusietakoa dena, nagusia ez bada: burbuila. Jendarte osoak legez, denbora laburrean beste era batean bizitzen ikasi behar izan du hezkuntza-munduak, eta gaitz erdi, bertako kideek diotenez, oraingoz behintzat eskoletan egoteko aukera baitago, eta ez norbere etxean. Hala zen lerro hauek idazteko momentuan, behinik behin. Edozelan, agerikoa da gaur egungo egoeran askoz gehiago direla itzalak argiuneak baino, eta etorkizun hurbilenaz ezer onik espero ez dela. Horretaz jardun dugu Uribe Kostako ikastetxe bitako arduradunakaz eta gurasoen ordezkari bategaz.
Bakardade-sentsazioa
Erreportaje honetako argazkiak Sopelako Zipiriñe eskolan egina daude. Bertako zuzendariak, Aritza Zalduondo getxoztarrak, martxoan konfinamendua hasi zenekoa ekarri du gogora: "Traumatikoa izan zen denontzat, argi dago; egun batetik bestera erabaki asko hartu behar izan genituen, egoeraren aurrekaririk izan gabe. Bat-batean denok etxera, eta eskola ematen jarraitu beharra zegoen". Ez zuten hutsetik abiatu behar izan, "minus hamarretik baino", Zalduondoren esanetan. "Ez genekien familia bakoitzak etxean zer egoera zuen, wifia ote zeukaten...".
Igaro zen hura ere, eta aurrez aurreko hezkuntzara itzultzeko prestatzea egokitu zen orduan. "Uda osoan hemen eman genuen zuzendaritzakook, oinarri handirik gabe arrisku-plana osatzen". Zipiriñeko zuzendariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren aldetik ildo orokor batzuk besterik ez zituztela jaso, "pare bat dekretutan emandakoak", eta euren kabuz antolatu behar izan zutela ikasturtea hasterako segurtasun-protokolo guztiak zuzen betetzeko moduko plana.
Aritza Zalduondo (Zipiriñe eskolako zuzendaria): "Ez zaigu prebentzio-arloko teknikaririk etorri 'eskola hau nolakoa den ikusiz sarrerak eta irteerak hemen egon beharko lirateke' eta halakoak esatera, guk pentsatu behar izan dugu dena, sartu-irtenak nola antolatu, marrak non margotu... Eta COVID-19ari aurre egiteko materiala guk geuk erosi"
"Bakardadea izan da gogorrena", dio Aritza Zalduondok, "ez zaigu prebentzio-arloko teknikaririk etorri, 'eskola hau nolakoa den ikusiz sarrerak eta irteerak hemen egon beharko lirateke' eta halakorik esatera; guk pentsatu behar izan dugu dena, sartu-irtenak nola antolatu, marrak non margotu... eta COVID-19ari aurre egiteko material guztia guk geuk erosi, ikastetxearen eta guraso-elkartearen diruaz". Dirudienez, gastu hori berreskuratzeko moduan izango dira ikastetxeak, baina oraindino ez dago horren gainean ezer ziurtasunez esaterik, Zalduondok argitu duenez.
Pandemia barik ere leku-arazoak zituen Zipiriñek, sopeloztar denek ondo dakitenez. 900 ikasle inguru daude aspaldi txiki geratu zen azpiegituran, eta eguneroko jarduna "burbuilaka" antolatzea ez da erraza. Hala ere, momentuz ondo moldatzen direla dio bertako zuzendariak: "Lau atetatik sartzen dira, bi txandatan; lehenengo, Lehen Hezkuntzako 500 ikasleak eta, ordu laurden geroago, Haur Hezkuntzako 400ak". Sartzeko momentu horietan, eta irtetean ere bai, den-denek daroate musukoa, baita txikienek ere. Berdin, pasabideetan elkarregaz gurutzatuz gero. Gero, gela barruan, Haur Hezkuntzakoak maskara barik egoten dira, ez ordea nagusiagoak. "Ondorioz, HHko gela batean ume batek positibo emanez gero automatikoki denak joango dira etxera konfinatuta", azaldu du Zalduondok, "beste kasuetan, berriz, inguruan egoten direnak bakarrik".
Eskola barruan, gela bakoitza burbuila bat da, eta ez du harremanik besteakaz. Horretarako, kanpoko patioetako leku guztia aprobetxatzen dute, "egunero eta uneoro", konoak baliatuta batzuentzako, eta besteentzako guneak mugatuz eta adieraziz. Eta goizero-goizero, eskolara sartzean, tenperatura hartzen diete ume denei. "Hasieran kanpoan egiten genuen, baina ume asko lasterka etortzen dira eta tenperatura altua dute momentu horretan, edo haize-korronteak daude eta neurketa desitxuratzen da... Horregatik, gelara sartu ondoren egitea erabaki genuen, lasaiago daudenean". Termometro bi bidali dizkie Hezkuntza Sailak, eta ikastetxean 42 gela daudenez, beste 40 erosi dituzte. Mila eurotik gora. Ildo horretan, erakundeentzako eskari argia du Aritza Zalduondok: baliabideak bidera ditzatela lehenbailehen, teknologikoak batik bat; eta osasun-materiala ere bai. Zipiriñeren arazo espezifikoa konpontzea ahaztu barik. "Horri dagokionez, dena den, aterabidea hurbil ikusten dudala esan beharra daukat", dio.
"Lasaitasunezko mezua" zabaldu gura du Zalduondok, eta hezkuntza-komunitatean konfiantza izatea eskatzen du, baina ez du ukatzen zuzendaritza-taldeei eta irakasleei nekea eta estresa eragiten diela egoera honek, eta bereziki gogorra izan zela etxealdian lan egitea. "Dena egiteko astirik ez, 10-11 orduko lanaldiak... Ez dut halakorik berriro nahi". Gaur-gaurkoz, ordea, eta pandemiaren bilakabidea ikusita, Zipiriñeko zuzendariak ez du baztertzen luze gabe egoerak okerrera egitea. "Hala bada, eta [Jaurlaritzak] aurreikusitako bigarren agertokira igarotzen bagara, ikasle batzuk egunero etorriko dira, baina beste batzuk txandaka baino ez, eta tarteka etxetik jaso beharko dute eskola; online emandako eskola ez da benetako eskola, ordea. Ezin da umeekin aritu pantaila baten atzetik".
Hiru agertokiak
Zalduondok aipatutako agertokien berri zehatzagoa eman digu Maite Zelaiak, Leioako Betiko ikastolako zuzendari pedagogikoak. Lehenbizikoa, oraintxe gauden hau bera da: ikastetxeek daborduko aipatu ditugun neurri eta protokoloak, eta geroago azalduko ditugun beste batzuk, ezarri eta bete behar dituzte, baina ikasle denek joan behar dute eskolara, euren edo hurbilekoren baten positiborik ez badago behintzat.
"Bigarren agertokia, berriz, oraingoaren eta erabateko konfinamenduaren arteko nahastea da", dio Zelaiak, "goizeko ordutegia bakarrik erabiliko litzateke eta segurtasun-distantziak eta guneak handiagoak izan behar dira". Baldintza horiek bete behar izatekotan ez legokeenez modurik ume guztiak aldi berean ikastolan egoteko, txandaka jardungo lukete. Honela azaldu du ikastolako zuzendari pedagogikoak: "Guk txikienei emango genieke lehentasuna, eta beraz Lehen Hezkuntzako 4. mailara artekoak egunero etorriko lirateke. Hortik aurrera, txandaka. Adibidez, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak gune berean egongo lirateke, baina 5.ekoak astelehenetan eta asteazkenetan etorrita, eta 6.ekoak astearte eta ostegunetan; ostiraletan, hamabostean behin txandakatuko lirateke. Eta berdin egingo genuke DBH 1-2 eta DBH 3-4rekin". Bide batez, aipa dezagun 671 ume daudela Betikon, 0 urtetik 16ra bitartekoak; hau da, DBHko 4. mailara artekoak.
Hirugarren agertokia udaberrikoa bezalako etxealdira itzultzea izango litzateke, eta egoera horretan jarduteko protokoloa ere antolatu behar izan dute ikastetxe denek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak emandako ildo orokorrei jarraituz. Maite Zelaiaren esanetan, Betikoren kasuan, "martxotik ekainera arte zerk funtzionatu zuen aztertu genuen, eta zer hobetu behar genuen". Hala, hamaika kontu zehaztu dituzte: online konektatzeko ordutegiak eta jarduteko metodologiak, ebaluazio-irizpideak, lanak jasotzeko eta azterketak egiteko era... Ondo finkatu beharreko beste kontu bat tutoretzak dira. "Guretzat ezinbestekoak dira", azpimarratu du Zelaiak; "konfinamenduan egon ginenean ere, saiatu ginen ikasleekin eta gurasoekin ahalik eta harremanik estuena izaten, bakoitzaren errealitatea eta egoera emozionala zein zen jakiteko".
Maite Zelaia (Betiko ikastolako zuzendari pedagogikoa): "Ondo ziurtatu behar dugu gure ikasle guztiek dutela aukera gauzak online egiteko: ordenagailuak, wifi... Aurrekoan, konfinamenduan, behar zutenei eman egin genien. Batzuek, hasieran esan zuten ez zutela behar; gero, ikusi zen etxean ordenagailu bat izatea ez dela nahikoa; batzuetan 3-4 behar ziren"
Bigarren agertokian zein hirugarrenean, eta azken horretan batez ere, garrantzi handia izango du norberak eskura duen ekipamenduak, udaberrian ondo agerian geratu zenez. "Ondo ziurtatu behar dugu gure ikasle guztiek dutela aukera gauzak online egiteko: ordenagailuak, wifi... Aurrekoan, behar zutenei eman egin genuen. Kontua da batzuek hasieran esan zutela ez zutela behar, baina gero ikusi zen etxean ordenagailu bat izatea ez dela nahikoa, momentu batzuetan hiruzpalau behar ziren". Ume bat baino gehiago etxean, gurasoren bat edo biak telelana egiten... Behar horiek asetzeko ere ordenagailuak utzi zituen Betikok; orain, lanean dabiltza egoera hartara bueltatu behar izanez gero inor ez geratzeko baliabide tekniko barik. Hori bai, gauza bat garbi utzi gura du Maite Zelaiak: "Itxialdian lan egitea infernua izan zen, psikologikoki, inon islatuta geratu ez den ordu-kopuruari dagokionez. Oraingo lana ere ohikoa baino handiagoa da, protokolo guztiak bete behar direlako, baina nahiago hori etxera bueltatzea baino".
Hala ere, ez dago bizimodu normalik normaltasun berrian. COVIDaren arduradun bat dute ikastolan (ikastetxe denak behartuta daude bat izatera), telefonoa beti piztuta izan behar duena, "egunero eta 24 orduz". Positibo baten berri izanez gero Osakidetzari jakinarazi behar diote, eta alderantziz, Osakidetzak ere eman behar die ikastolako ikasleen positiboen berri. Egunero gaurkotu behar dute datu-base mardul bat, gela bakoitzeko ikasle-zerrenda izateaz gain, ikasle bakoitza non jesartzen den adierazten duena, autobusean nogaz joaten den, patioan eta jantokian nogaz ibiltzen den... COVID-arduradunak du datu-base hori, eta irakasleek aldaketen berri eman behar diote. Ez dago baliabiderik liberazio bat egiteko, eta horrenbestez, ikastolako kudeatzaileak gehitu behar izan dio lan-zama hori lehendik zuenari. Besteak beste, Jaurlaritzaren galdetegi bati erantzun behar dio egunero, datuon berri emanez.
Lan estra batetik, ezohiko gastuak bestetik (ordenagailuak, garbiketarako materiala...). Orain arte ikastetxe bakoitzak beretik ordaindu ditu horiek, baina oraindik orain akordioa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta EAEko itunpeko ikastetxeek –ikastolek barne–, gobernuak diruzko laguntza emateko haiei, bai COVID-19aren ondorioz erosi beharreko materiala ordaintzeko, bai ordezkapenetarako era bestelako lan-kontuetarako. Akordio hori egunotan egingo da publiko.
Eta bitartean, ikasleak zer? "Pozik ikusten ditugu, adin guztietakoak» dio Betikoko zuzendari pedagogikoak, "etxean egotea oso gogorra izan baitzen haientzat". Zelaiaren esanetan, umeek ondo baino hobeto ulertu dute ezarritako arauak betetzeko beharra: maskarak, eskuak etengabe garbitzea, distantzia gordetzea, burbuiletan ibili beharra... "Hala ere, kontaktu fisikorik ez izatea ez dugu lortzen. Libre uzten dituzun momentuan ez daude bi metrora, ezin zaie halakorik eskatu, ez 0 urtekoei, ez 16koei; kontaktua behar dute. Gu saiatzen gara musukoa beti ondo ipinita daramatela bermatzen, eskuak garbitzen dituztela gelara sartu eta bertatik irten orduko. Eta burbuila errespeta dezatela, baina burbuilaren barnean daudela ezin diegu eskatu kontakturik ez izatea. Ez da naturala, ezta osasungarria ere".
Inbertsio faltaz kexuka
Arkaitz Aburto Berango-Merana eskolako Ikasleen Gurasoen Elkarteko kidea da. Horrez gain, Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkarteko (BIGE) presidentea da orain dela bi urtetik eta, aurtengo otsailetik, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederaziokoa (EHIGE) ere bai. "Uste dut guraso guztiok hasi genuela ikasturte hau beldurrez, koronabirusaren inguruan dagoen ziurgabetasunak hori eragiten baitu, baina gero ikusi dugu eskoletan oso kutsatze gutxi dagoela; begiratu ditudan azken datuen arabera gelen % 0,7 bakarrik dago itxita orain". Hala ere, Aburtoren esanetan, gurasoen elkarteek ez dute ulertzen zergatik mantentzen diren hain ikasle-ratio handiak geletan. "Aurreko ikasturtea zelan amaitu zen jakinda, oraingo hau baliabide berdinekin hasi dugu, ulertezina da gehiago inbertitu ez izana".
Arkaitz Aburto (gurasoen ordezkaria): "Uste dut guraso guztiok hasi genuela ikasturte hau beldurrez, koronabirusaren inguruan dagoen ziurgabetasunak hori eragiten baitu, baina gero ikusi dugu eskoletan oso kutsatze gutxi dagoela; begiratu ditudan azken datuen arabera gelen % 0,7 bakarrik dago itxita orain"
Ikastetxeetako zuzendaritza-taldeen eta irakasleen lana aitortzen du Arkaitz Aburtok: "Ahal dutena egiten ari dira. Lan izugarria egiten dute aurreko ikasturteko baliabide berdinak izanda". Guraso asko, ordea, haserre daude egoera dela eta. Adibide bat, berbarako, Berangoko eskolan jasaten dutena, ikastetxe askotan estalitako patiorik ez izatea da. "Euria egiten duenean egun osoa eman behar dute gelatik irten gabe", kexu da gurasoen ordezkaria. "Ez dira egin beharreko lanak aurrez egin; Berangoko patio estalia, adibidez, [Hezkuntza Sailaren] azpiegitura-planean dago, baina lanak ez dira hasi". Pandemiarik gabe ere gabeziak egon bazeuden, noski, baina kasu batzuetan COVID-19ak oso agerian utzi ditu zenbait premia. "Azpiegiturak behar ditugu", dio Aburtok, "eta digitalizazio-plan bat; ahal dela, eskola eta institutu denek erabil ditzatela online jarduteko plataforma berdinak, ume bat ikastetxez aldatuz gero lehengoarekin lanean segitu ahal izateko".
Bestalde, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzeko neurri gehiago behar direla uste dute gurasoek: "Ulertzen dugu egoera oso zaila dela, eta ume bat edo gela oso bat etxera bidaltzen dutenean, derrigorrezkoa delako egiten dutela. Baina guk ere behar ditugu baimenak. Umea etxera bidaltzen badute, eta nik ez badaukat lantokian ordaindutako baimenik, zer egingo dut? Norekin utziko dut umea? Aitita-amamekin, haiek kutsatzera arriskatuz? Ez badugu lana eta familia uztartzeko neurririk, protokoloak ez du ezertarako balioko".
Gurasoak etxean egonda ere, eskola arreta emateko gauza ez bada arazoak sortzen direla nabarmendu du Arkaitz Aburtok: "Umea etxean badago eta beste gelakideak gelan, irakaslea ezin da bikoiztu aldi berean batzuei eta besteei arreta emateko. Eta ordezkorik bidaltzen ez bada etxekoekin egoteko, azkenean gurasook lagundu behar diegu seme-alabei etxeko lanak egiten, baina agian ezin dugu, batzuetan ez baitakigu zer ari diren egiten; beste arazo bat da familia guztiek ez dakitela euskaraz hitz egiten. Eta ezin diete lagundu. Sumatu da euskararen galera oso handia izan dela azken hilabeteetan, ikasle askok euskaraz eskolan bakarrik egiten dute eta. Eta lau hilabete eskolatik kanpo...".
Eskolara joaten ez direnak
Uda osoan, eskolara bueltatzea osasunerako arriskutsua izan daitekeela adierazi duten gurasoen aldarriak entzun izan dira. "Familia batzuk arduratuta egon dira, bai", dio Aritza Zalduondo Zipiriñe ikastetxeko zuzendariak, "eta gurean, esaterako, Haur Hezkuntzako batzuek umeak ez ekartzea erabaki dute, derrigorrezkoa ez dela aprobetxatuz. Uste dut hobe dela hona etortzea, musukoarekin eta burbuilekin bada ere, etxean geratzea baino; nik behintzat ez dut bueltatzeko beldurrik izan, agian segurtasun-neurriak antolatzen buru-belarri ibili naizelako". Edozelan, erakundeek argi utzi dute derrigorrezkoa dela seme-alabak eskolara eroatea legez ezarritako adin-tarteetan. Behar hori betetzen ez duenik bada, baita Zipiriñen ere, baina hutsaren hurrengoa direla dio Zalduondok.