Udaleko talde politikoek, Zipiriñe ikastetxeko zuzendaritzak eta Gurasoen Elkarteko zuzendaritzak osatzen dute Hezkuntza Mahaia. Apirilaren 7an batu ziren azkenekoz, eta talde politikoek eroandako proposamenak Jaurlaritzari jakinaraztea adostu zuten, Udalak berak adierazi duenez. Lau proposamenetatik, bi EAJrenak dira, eta bana egin dute EH Bilduk eta DB-TUk. "Arazoari kontsentsuzko irtenbidea ematea da helburua", dio udal-gobernuak.
Ikastetxea gaur egungo lekuan mantentzea eta instalazioak handitzea da EAJren proposamenen muina; zehazki, proposamen horren arabera orain gimnasioa dagoen lekuan eraikin bat egingo litzateke, solairu bikoa, eta patioari 1.600 metro koadro gehituko litzaizkioke, Goiene kaletik.
EH Bilduk Loroñon ikastetxe bat eraikitzeko proposamena egin du, eta herri-kontsulta bat egiteko aukera ere ipini du mahaiaren gainean, aukera guztien artean behar bezala informatu ostean. DB-TUk, berriz, Iberreko institutua Loiola inguruan egingo litzatekeen lau solairuko eraikin beri batera eroateko proposatu du, eta Zipiriñeko ziklo batzuk orain Iberre dagoen lekura aldatzeko.
Hezkuntza Sailaren zain
Josu Landaluze alkatearen esanetan, "egin beharreko lehenengo pausoa da Hezkuntza Sailak Zipiriñe sartzea 2019-2023 aldirako Inbertsio Planaren barruan, Iberre institutua handitzeko proiektua sartu den bezala".
Bidalitako gutunean, Hezkuntza Sailari eskatu diote proposamenen gaineko eztabaidan Sopelako Hezkuntza Mahaia osatzen dute taldeetako kide bana egon dadila.