Pandemia honek gogor jo du mundua, gogor jo gaitu gu, eta latza izaten ari da euskararentzat. Kontseiluaren "Geroa euskaratik" txostenaren aurkezpenean esan genuen bezala, egoera honetatik ateratzekotan ezinbestekoa izango da, erakundeek eta agintariek behar berrietara egokitutako euskararen aldeko politikak sustatzea eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzea.
Eta horrekin batera, herritarren jarrera proaktiboa, euskaraz bizi ahal izateko urratsak egiten jarraituko dutenak.
Hizkuntzak komunikatzeko eta komunitateak trinkotzeko dira. Koronabirusak, aldiz, elkarrengandik urruntzera behartzen gaitu, multzo txikiagotan biltzera, eta era guztietako ekitaldiak bertan behera utzi, atzeratu edo egokitzera. Neurri zehatzak hartzen ez badira eta euskaldunok ez badiogu hizkuntzari eusten, joera horiek hizkuntza hegemonikoak indartuko dituzte are gehiago. Egoera honetan euskararen alde jokatzea, bestalde, bada komunitatearen alde jokatzea, hau da, hezkuntza inklusiboaren alde egitea, gertuko komertzioa eta sortzaileak babestea... Euskaraz egin eta euskararen alde egotea, denon geroa eraikitzea baita.
Datozen hilabeteotan, gauden egoeran gaudela, euskaltzaleok gure aldarrikapenekin, baina batez ere, gure praktikekin euskara bizitza sozialaren erdigunera eramatea lortu behar dugu, behar diren segurtasun neurri guztiak hartuz, noski.
Aurtengo Euskaraldia bereziki garrantzitsua ari da izaten helburu horri begira. Milaka eta milaka entitate eta herritar ari dira jada, zailtasunei aurre eginez, ilusioz eta harrotasunez beren euskararekiko atxikimendu praktikoa erakusten. Denon artean, Euskaraldi hau ere indartsua izatea ari gara lortzen.
Horregatik, Euskaraldian kontzientzia osoz eta inguruan eraginez ahobizi edo belarriprest gisa jokatzera animatzen zaituztegu, parte hartzen duzuen entitateetan euskararentzako espazioak sortu eta bultzatzera, zuen etxe eta entitateak Euskaraldiaren banderatxoekin apaintzera, eta abenduaren 4tik aurrera ere Euskaraldiari jarraipena ematera herriz-herri eta auzoz-auzo. Eta horrekin batera, euskal kulturari beste bultzada ematera; ekitaldietara joanez, liburuak edo diskak erosiz, hedabideak jarraituz, eta batez ere, gozatuz.
Oztopoak oztopo, euskaraz bizi nahi duen eta euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin nahi duen herri hau bizirik eta aktibo dagoela erakuts dezagun.
*Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakaria da