Azaroak 25

"Denok dugu sexu erasoen gaineko erantzukizuna, eta banaka zein gizarte moduan hausnartzea beharrezkoa da"

Ion Martinez eta Saioa Royo, "Birritan bortxatua" antzezlanean. © ALDATZEN LAGUNTZEN

Beldurrak gaindituz, salaketa jartzea erabakitzen du Nagore. Horixe da Aldatzen Laguntzen konpainiak sortutako Birritan bortxatua antzezlanaren hasiera, baita Nagore pertsonai-protagonistaren bigarren amesgaiztoa ere. Epaiketan bizi eta sufritutakoak kontatuko dizkigute Saioa Royo eta Ion Martinez aktoreek antzezlan horretan, baita gizartearen partetik jasotako epaiak ere. Antzezlana azaroaren 27an ikusi ahal izango da Getxon, Muxikebarri Antzokian; saio bi eskainiko dituzte, 17:30ean eta 19:30ean. Horren nondik norakoetan gehiago sakontzeko Ion Martinezegaz egin dugu berba.

Bortxaketa bat pairatu duen emakume bat da obraren protagonista. Zer islatu gura izan duzue obra horregaz?

Gure antzezlanak bortxaketa bat pairatu duen emakume batek bortxaketaren traumarekin aski ez, eta epaitegietara joz gero hor bigarren bortxaketa bat pairatzen duela erakusten du. Salaketa jartzea eta epaiketa bigarren kolpe bat dela ikusarazi nahi izan dugu antzezlanean.

Azken aldian denon ahotan egon diren Nagore Laffage eta La Manada kasuak gogora etor dakioke ikusleari obra ikusita. Zelan egin duzue kasuok taula gainean ikustarazteko?

Lehenik eta behin, dokumentazio lan franko egin dugu, Helena Tabernaren Nagore dokumentala behin eta berriz ikusiz, baita liburu batzuk irakurriz ere, tartean Samara Velteren Nik sinisten dut. Eta beste informazio asko sareetan murgilduz eta irakurriz lortu dugu: bortxatuak izan diren emakumeen testigantzak desberdinak arakatuz eta Iruñeko talde bortxaketako kasua irakurriz, biktimaren eta bortxatzailearen adierazpenak eskura baitaude. Informazio hori dena eduki ondoren sortu genuen gure istorio propioa. Antzezlana guk sortu dugu, kasu irreal bat da, baina errealitatetik asko du ere; hortaz, antzerki dokumentalaren atalean sartu dugu. Fiskalak eta defentsaren abokatuak egiten dituzten galderen ehuneko handi bat, adibidez, benetako epaiketetatik hartutakoak dira.

Botere judizialaren kasuan, aldiz, egunero gertatzen diren epaiketen sententziak irakurtzea besterik ez dago jakiteko ze patriarkala den boterea eta ze heziketa lan gutxi egiten den eraso matxisten gaiarekin

Bortxaketaz gainera, gerora etorritako epaiketa judiziala, baita gizartearen beraren epaiketa, mahai-gaineratu duzue. Zelako egoerak ematen dira halakoetan?

Gizarteak ez ditu horrelako erasoak onartzen, baina horien aurreko erantzuna ez da berdina. Zergatik da, baina, hori? Galdera hori egiten nion neure buruari. 2016. urtean izan ziren gertakariak, tartean Iruñeko talde bortxaketa, eta horren aurreko iritziak eta erantzunak; baita Eibarko jokalariek emakume baten oniritzirik gabe zabaldutako bideoa birala ere, gertuko jendeak bideoaren zabalkundean parte hartzeak gaiari nolabait heldu behar niola pentsarazi zidan. Denok dugu sexu erasoen gaineko erantzukizuna, eta banaka zein gizarte moduan hausnartzea beharrezkoa da; gertakari haietatik ikasi beharra dugu.

Botere judizialaren kasuan, aldiz, egunero gertatzen diren epaiketen sententziak irakurtzea besterik ez dago jakiteko ze patriarkala den boterea eta ze heziketa lan gutxi egiten den eraso matxisten gaiarekin. Sinpleki esateko ere, bortxaketa bat jasaten duen emakumeak epaitegian "salatzailea" izen teknikoa du epaiketan zehar.

Ikusleengan zer-zelakoak eragin gura izan dituzue obra horregaz?

10 urte daramatzagu antzerki talde gisa, eta nik 18 urte agertokietan umorezko bakarrizketak eta antzezlanak egiten. Argi eta garbi ikusi genuen orain egin nahi genuen antzezlana dramaren ildotik jorratu nahi genuela. Antzezlana sortzerakoan, eta gaian sakontzen hasi ginenean, istorio indartsu bat kontatu nahi genuela erabaki genuen, oso modu gordinean eta errealean. Hori dena kontutan hartuta, lan askoren ostean lortutako emaitza Birritan bortxatua izan da. Antzezlana ikusten duten guztiek erabat barneratzen dute emakumeak antzezlanean zehar bizitzen dituen hausnarketak, sentimenduak eta adierazpenak. Uste dut asmatu dugula gaur egunean zoritxarrez pil-pilean dagoen gai bat aurrera eramatea, era hain zuzenean, eta antzerkiaren magiaren bitartez.

Antzezlana sortzerakoan, eta gaian sakontzen hasi ginenean, istorio indartsu bat kontatu nahi genuela erabaki genuen, oso modu gordinean eta errealean

Aldatzen Laguntzen da konpainiaren izena. Horixe al da zuen helburua?

Aldatzen Laguntzen izena Oteizari buruz egin nuen lehen antzezlanetik dator. Eta ondoren egin ditugun lau antzezlanek ere ildo bera izan dute: antzerkiaren bitartez hausnarketarako eta pentsarazteko kodeak ematea, kulturak gizartean jorratu behar duen garrantziari errespetu handia edukiz. Gero, antzezlan bakoitza mundu ezberdin batean murgiltzen saiatzen gara, testuekin, gaiekin, estiloarekin eta teknikoki; oraingo antzezlana, adibidez, 4 aldeetara egiteko diseinatuta zegoen printzipioz, baina, COVID-19aren harira, emanaldi gehienak antzerkiko ohiko formatuan egiten ari gara.

Bi antzezle izanda, hainbat pertsonai agertzen dira antzezlanean. Zein da bakoitzaren papera?

Saioa Royok Nagoreren papera egiten du, bortxaketa jasaten duen 44 urteko emakumea. Izena Nagore Laffageren omenez jarri dugu. Eta nik bortxatzailearen, fiskalaren eta defentsaren abokatuaren paperak egiten ditut. Antzeztearekin nahikoa ez, eta argi eta soinu aldaketa guztiak ere egiten ditut.

Nondik dator mota horretako obra bat taularatzearen ideia?

Egin dugun antzezlan bakoitzari erronka berriak gehitzen dizkiogu geure buruari, antzerki taldeari eta antzerkiaren proiektuari. Hala, oraingoan, estiloz erabat aldatu dugu: lehen aldiz dramari heldu diogu. Teknikoki ere lan handia duen antzezlan bat da. Momentu honetan antzerki talde gisa goia jo dugula esango nuke. Antzerkia eta proiektuak horrela bizitzea gustatzen zaizkit, geure buruari asko eskatuz.

Antzezlan gogorra da, baina benetan beharrezkoa

Getxoko emankizunaren aurretik, beste hainbat tokitan aurkeztu duzue lana. Zelakoa izan da jendearen harrera?

Jende asko hurbiltzen ari da antzezlana ikustera. Jendeak galdetzen digu nolatan animatu garen drama gogor bat egitera, orokorrean zailagoa izaten baita jendea hurbiltzea. Baina guri erronkak gustatzen zaizkigu eta, gainera, ez dut uste hori horrela denik. Batzuentzat kultura, antzerki bat, film bat… ikustea denbora pasa da. Beste batzuek, berriz, gauza sakonak ikustea nahiago dute, zer pentsatua emango diotenak, barrua mugituko diotenak… Eta antzezlan honekin azken hori bilatu dugu; jasotzen ari garen kritikak eta iritziak ildo horretan doaz, adibidez, antzezlan gogorra da, baina benetan beharrezkoa.

Birritan bortxatua antzezlanaren teaser-a

Erlazionatuak

Antzerkia: "Birritan bortxatua"

Getxo

Sarrera, 8 euroan.

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun