Ekimenaren arduradunek emandako datuen arabera, 178 otzara eskatu dira Getxon, 197 Leioan eta 54 Sopelan. HIRUKAk ere parte hartu du, eta denera hiru ale zozkatuko ditugu urtea amaitu baino lehen, mota bakoitzeko bana. Horietako bi zozkatuta daude daborduko, eta hirugarrena, berezia, abenduan zozkatuko dugu.
Nafarroa Erdialdeko eta Erriberako euskalgintzari hauspoa ematea da Errigoraren helburua. Otzaren salmentagaz lortzen denaren laurden bat "behar-beharrezko ekarpena" egiten zaie Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolei, Erriberako AEKri, Sortzenek eskola publikoan D ereduko lerroak zabaldu eta mantentzeko egindako lanari, eta Agerraldi egitasmo berriari.
Antzinako erromatarrek Ager vasconum deitu zioten Nafarroako hegoaldeari, eta hortxe kokatuko da Agerraldia proiektua. Urritik urrira euskararen esparruan egiten diren ekitaldiak babestuko ditu, euskalduntzearen, kulturaren, kirolaren, jendartearen eta hezkuntzaren eremuetan. Errigoraren webgunean ikus daiteke informazio zehatzagoa.