Elkarrizketak

"Honek luze joz gero arriskua dugu presentzia galtzeko"

Unai Brea 2020ko abe. 18a, 09:00

Konfinamenduan hartu beharreko bideaz eztabaida interesgarria izan zutela diote ALBEkideek.

ALBEko bertsolarien laguntza paregabea izan dugu Gabonetako HIRUKA berezian, 2020ak emandako gai garrantzitsuenak errimaz komentatzeko. Horrez gain, berbetan jardun dugu eskolako zuzendaritzako kide bigaz: Jone Uria eta Unai Mendiburu. COVIDaren eta bertsolaritzaren arteko harremanaz jardun dugu, ezinbestean.

Zelakoa izan da 2020a zuentzat?

JONE URIA: Nik bereizi egingo nituzke ALBEkide modura (hau da, bertso-saioen antolatzaile modura) eta bertsolari modura bizi izandakoak. Antolatzen duzunean zeu zara arduraduna, eta COVIDak zailtasun asko ekarri ditu. Askok ez dute ardura hori hartu nahi izan, eta saio ugari bertan behera geratu dira. Bestalde, gogoratzen dut konfinamendua etorri zenean bertsolari batzuk elkartu eta esan genuela "saioak egin behar ditugu online". Orduan jende guztia zebilen kultur eskaintza egiten, eta gurean eztabaida sortu zen egin behar zen, ez zen egin behar… Tira, guk egin genuen.

Zeintzuk izan ziren batzuen eta besteen argudioak eztabaida hartan?

J.U.: Alde batetik, kultura dohainik eskaintzeari edo ez eskaintzeari buruzko eztabaida zegoen. Kultur itzalaldia egon zen, eta batzuen beldurra zen ea nola bueltatuko ginen, ea dohainik eskaintzen ari ginena gero jendeak ez zuen ordaindu nahi izango. Ni egitearen aldekoa nintzen, eta uste dut momentu hartan idealena izango zela saio horiek antolatzaile baten ekimenez egin izana, soldatapean, baina ez zen horrelakorik eta… Guk hartu genuen geure saioak antolatzeko ekimena, eta eztabaida egon zen, era berean, ea horietan dirua eskatu behar ote genuen, ez sarrera modura, dohaintza modura baino. Azkenean ez genuen egin, baina uste dut eztabaida interesgarria izan zela.

"COVIDak zailtasun asko ekarri ditu ekitaldiak antolatzeko orduan, eta horregatik geratu dira saio asko bertan behera"

Hori konfinamenduari dagokionez. Gero uda etorri zen, eta hura ez zen izan batere arrunta...

UNAI MENDIBURU: Ez. Etxetik atera eta beste arazo batzuk izan ziren kultur ekitaldiak antolatzeko: ardura zibila, edukierak kontrolatzea… Guk hori jasan genuen. Getxon, hain zuzen, hasieran behintzat ez da egon kulturarako ardura handirik, beldurtiago edo motelago ibili dira.
J.U.: Getxoko Udalak erabaki zuen kalean ezer egiteko baimenik ez ematea udan, eta leku itxi eta pribatuetan ibili gara (publikoetan ere ezin zen eta). Dena dela, udal guztiek ez dute berdin jokatu: batzuek, beldurragatik, edo errazena zelako, bertan behera utzi dituzte saioak eta, beste batzuek, aldiz, aurrez izan gabeko jarrera ona izan dute bertsolaritzarako, nahiago zutelako bertso-saioa antolatu kontzertu bat baino. Eserita egon behar bada errazago irensten da bertso-saioa.

ALBE eskolari berari, zelan eragin dio honek guztiak?

U.M.: Udan normal ibili ginen, eta orain ere berriro elkartzen gara aurrez aurre. Hala ere, orain indarrean dagoen dekretua kontuan hartuta Udaltzaingoari abisatu genion, ez baitzegoen argi bertsoak zer leku zeukan. Esan ziguten tarteari eutsita eta maskara jarrita ez zegoela arazorik.
J.U.: Suertea eduki dugu, azkeneko neurri zorrotzen testuinguruan trebakuntza modura onartu baita bertsolaritza. Horrek aukera eman du EAE osoan bertso-eskolek aurrera jarraitu ahal izateko.

"Lehen antolatzen genuen beste saio antolatzea da gure asmoa, eta formatuak moldatu behar badira, moldatzea"

Zer kalte egingo du txapelketak atzeratu izanak?

J.U.: Kontuak luze joz gero arriskua dugu lehengo presentzia galtzeko, ez baitago argi lehen bezala hartuko gaituzten. Plazari dagokionez, berriz, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak emandako datu bat da gutxi gorabehera %50 jaitsi direla Lankuk antolatutako saioak, baina hor ez dira kontuan hartzen antolatzaile txikiak, bertso-afariak... Eta segur aski halakoak dira galdutako saio gehienak.

Zer plan du ALBEk?

J.U.: Lehen antolatzen genuen beste saio antolatzea, eta formatuak moldatu behar badira, moldatzea. Ahal den neurrian lana eman nahi diegu bertsolari eta gai-jartzaileei, helburu bakarra ez baita inguruan bertsogintza sustatzea; gainera, bertsogintza elikatu nahi dugu. Alde profesionaletik, esan nahi dut. Baina hori nola egiten den... Eta segur aski, elkarte gehienei dirulaguntzak murriztuko dizkiete. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun