Gaur egungo krisi ekologikoa eta soziala salatzeko hainbat elkarretaratze egingo dituzte zapatuan

Ander Zarraga 2021ko urt. 27a, 14:58

"Aldaketaldia" izeneko mobilizazio ekologistagaz bat eginez, elkarretaratzeak egingo dituzte zapatuan, urtarrilaren 30ean, larritasun klimatiko, sozial eta ekologikoa salatzeko. EAEn egingo diren mobilizazioakaz batera, Uribe Kostako talde ekologistek beren ekimenak antolatu dituzte.

Eredu ekonomiko eta sozial jasanezina aldatu behar dela aldarrikatzeko tokian tokiko hainbat mobilizazio egingo dituzte zapatuan Uribe Kostan. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hainbat herritan egingo dituzten ekintza horiek “Ondo bizi eta bizitzen uzteko, U30 Aldaketaldia, planeta hemen hasten delako" leloaren pean egingo dituzte. Horren bitartez, bizitzen ari garen, eta, areagotuko den, krisi sozial, ekonomiko eta ekologikoa salatzeko deialdia egin gura dute talde ekologistek.

Gure eskualdean hainbat elkartek parte hartu dute mobilizazioen prestaketa-lanetan. Hala ere, pandemia egoera dela eta, baliteke ekintza horietarako deialdiak aldatzea; momentuz, hauek dira Uribe Kostan egingo dituzten ekintzak:

  • GuNe Uribe Kostak deituta elkarretaratzea egingo dute Bizkaia Zubian, itsasadarraren azpiko autobiderik ez egiteko eskatzeko. 12:00etan batuko dira, Getxoko aldean.
  • Azkorri Bizirik elkarteak bizikleta-ibilaldia antolatu du Azkorritik Areetara, gune naturalaren babesa eskatzeko. 11:00etan hasiko dira Andra Mariko kiroldegian, eta Bizkaia Zubiko elkarretaratzeagaz batuko dira.
  • Sopelan Hipermerkatuari EZ plataformak elkarretaratzea deitu du Udaletxe plazan, 13:00etan. Horren bitartez, Bareñon eraiki gura duten hipermerkatuak herrian izango duen eragina salatu gura dute: saltoki txikien suntsipena, lan prekarioa, kontsumo jasanezina eta kutsadura, besteak beste.
  • Itsasadarrean bidegorria egin dezaten eskatzeko, Biziz Bizi elkarteak XXIV. Bizi Martxa antolatu du Bilbotik Getxora bidea bizikletaz eginez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun