Liburu Ibiltariak bere ibilbidea hasi du Sopelako Ander Deuna ikastolako DBH 3ko ikasleen eskutik. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eman die liburua, horretan idazten eta ilustratzen has daitezen. Ibilaldiko antolatzaile gisa, Liburu Ibiltaria Leioara pasatuko da, Betiko ikastolako ikasleek egitasmoari jarraipena eman diezaioten.
Ikastola horiek biak dira, hain zuzen ere, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak, eta aurtengo ikastolen jaiaz arduratuko diren zentroetatik igaroko da Liburu Ibiltaria. Horietaz gain, Euskal Herriko beste 21 ikastoletako DBH 3. mailako ikasleek parte hartuko dute Liburu Ibiltaria ekimenean.
Ikastolen jaiaren helburuetako bat da euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak eta ekimenak zabaldu eta sustatzea; bereziki gazteei eskaintzea euskaraz ondo pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak. Liburu Ibiltariaren ekimenagaz aukera hori zabaldu zaie DBH 3ko ikasleei, eta, aldi berean, 21 ikastola horien arteko elkarlana sustatu gura da, eta, era berean, eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta egonik, errealitate horien guztien isla ere izan gura du.