Elkarrizketak

"Ideia askeen defentsan bizia eman zuten emakumeei omenaldi bat da"

Iker Rincon Moreno 2021ko ots. 22a, 11:47

Leire Orbe, Aiora Sedano eta Ander Basaldua arituko dira antzerkian, Saioa Iribarrenen zuzendaritzapean.

Kulturarako garai latzak diren arren, estreinaldiren bat edo beste ikus daiteke han eta hemen. Kasu honetan, Goitibera Antzerkia konpainiak Kasilda. Bukatzen ez den sua antzezlana aurkeztuko du zapatuan, otsailaren 27an, Sopelako Kurtzio kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Oraingoa aurrestreinaldia izango dela iragarri dute, gerora, egoerak laguntzen duenean, "estreinaldi mundiala" egin ahal izateko. Horretaz eta gehiagotaz berba egin dugu Saioa Iribarren lan horren zuzendari eta idazleagaz.

Kasilda. Bukatzen ez den sua antzezlana aurrestreinatuko duzue Sopelan. Zertan datza antzezkizun hori?

Kasilda Hernaez Vargas emakume iraultzailea ezagutzera ematea da gure asmoa. Bere bizitza kontatu egiten dugu, Guda Zibila eta horren aurrekarietan sakonduz. Umorea eta drama bereizten dituen zehaztugabeko lerrotik mugitzen den abentura paregabea da. Ideia askeen defentsan bizia eman zuten emakumeei omenaldi bat.

Zergatik aukeratu duzue Sopela ikuskizunaren aurrestreinaldirako?

Konpainiak Sopelan du egoitza, eta Kurtzio Kultur Etxeak hasieratik ateak zabaldu dizkigu bertan egonaldiak egiteko. Leku hobeagorik jendaurrean aurreneko emanaldia egiteko?

Leire Orbe, Aiora Sedano eta Ander Basaldua arituko dira antzezle gisa. Zein da bakoitzaren papera?

Ikuskizun korala izanda, hiru aktoreek hainbat paper jokatuko dituzte (milizianoak, tropa frankistak...) baina horien artean hiru pertsonaia nagusituko dira: Kasilda Hernaez (Aiora Sedano), Felix Likiniano (Ander Basaldua) eta Manuel Chiapuso (Leire Orbe).

"Ikuskizun korala izanda, hiru aktoreek hainbat paper jokatuko dituzte (milizianoak, tropa frankistak..."

Hala ere, horiez gainera, bestelako talde-teknikoa ere badago horren atzean. Zer-zelakoa izan da sortze-lana?

Ordurarte Goitiberarekin egin dugun muntaiarik handiena da hau, eta jende asko koordinatzeak lan izugarria suposatzen du, egia esan! Baina guztien erantzuna ezin hobea izan dela azpimarratu beharra dugu. Proiektu honetan gaztaroko lagunak berraurkitzeko eta lagun berriekin harremana estutzeko aukera izan dugu, eta hori altxor bat da guretzat.

Zergatik oinarritu zarete Soledad Casilda Hernáez Vargas emakumearen bizipenetan antzerki bat sortzerako orduan?

AMATXIK DIXIT lanarekin memoria historikoaren atea ireki genuen, eta bide horretan sakontzeko gogoa genuen. Beste aldetik, emakume baten istorioa kontatu nahi genuela argi geneukan, emakumeari ahotsa ematea ezinbestekoa iruditzen zaigulako. Hortik abiatuta, berehala topatu genuen Kasi, eta bere istorioarekin maitemindu. "Nolatan ez genuen aurretik ezagutzen? ", galdera horrek aurretik geneukan bultzada indartu zuen.

"Emakume baten istorioa kontatu nahi genuela argi geneukan, emakumeari ahotsa ematea ezinbestekoa iruditzen zaigulako"

Zer-zelakoa izan da dokumentazio-lana ikuskizuna girotzeko?

Oso lan interesgarria, benetan. Liburu xorta ederra, internet, artikuluak... Baina gehien gozatu duguna da, dudarik gabe, Euskadiko Filmategira eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusira egindako bisitak. Paper eta bideo zaharretan murgiltzea zoragarria izan da, askotan tripak nahasteko moduko dokumentuak topatu baditugu ere.

Antzerki-esperientzia berria izango dela diozue sare-sozialetan. Zer dela eta?

Agian “berria” gehiegi esatea da, baina, egia da, guk jorratzen dugun antzerkia ez dela hemengo publikoa ohitua dagoen antzerki mota. Testua lantzen dugu, baina espazioa, akzioa eta mugimenduarenetik abiatuta. Eta oso maiz laugarren horma hautsi egiten dugu publikoarekin kontaktuan jarrita.

Urduri zaudete estreinaldiagaz?

Beti! Urduri egongo ez bagina ez luke graziarik izango, ezta? Baina, beste aldetik, pozik gaude orain arte sortutakoarekin, eta harrera ona izango duenaren konfiantza dugu.

Zer esango zeniekete herritarrei ikuskizunaz gozatzera hurbil daitezen?

Emakume puska baten istorioarekin barre egin, hunkitu zein negar egiteko aukera izango dutela. Eta, bide batez, ahazten hasi dugun gertuko historiari errepaso bat emateko parada ere.

"Sopelan aurreikusita genuen estreinaldia aurrestreinaldi bilakatu da, laster “estreinaldi mundiala” egiteko egoera emango delakoaren esperantzarekin"

COVID-19a dela eta, zaila izan da aurrera egitea kultur arloan. Zeintzuk arazori egin behar izan diozue aurre zuen kasuan?

Guzti horrek eztanda egin zuenean hitzarturik genituen emanaldi gehienak data aldatuta eta gure lana zailtzen duten protokoloak beteta aurrera egiteko aukera izan dugu; baina, zoritxarrez, hori ez da konpainia guztien errealitatea izan, eta batzuk egoera oso larrian daude. Salmentari dagokionez, hor bai nabaritu izan dugu kolpea. Hasiera batean, guztia izozturik geratu zen, stand by moduko batean, eta martxa hartzea kostatu zaio. Hori, udalerrien itxialdiak eta horrelako eragozpenak kontuan izanda, Sopelan aurreikusita genuen estreinaldia aurrestreinaldi bilakatu da, laster “estreinaldi mundiala” egiteko egoera emango delakoaren esperantzarekin.

Zelan aurreikusten duzue 2021?

Gaur egun asko entzuten den moduan: “Bien... O ¿Te cuento?”. Bromak aparte, gizakion erresilientzian sinistu egiten dugu, eta, gure aldetik, lanean jarraituko dugu kultura eta antzerkia zehazki ez desagertzeko, eta herriak gehien behar duenean gizartean bere lekua bermatzeko.  

Sopelatik igaro ondoren, beste inon ikusi ahal izango dugu “Kasilda”?

Baditugu emanaldi batzuk ixtear, eta aurrestreinaldiaren ostean estreinaldia eta biratxo bat aurkezteko moduan egongo garela espero dugu. Baina, momentuz, garai honi dagokion moduan... Guztia airean dago... Baina gure web orrian (www.goitibera.info), Facebooken (Goitiera antzerkia) eta Instagramen zein Twitterren hurrengo emanaldien berri emango dugu, ez kezkatu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun