Emakume Langileen Nazioarteko Eguna 2021

Martxoak 8: arduraz kaleak morez janzteko deia egin du mugimendu feministak

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 8a, 10:22

Pandemia bete-betean gaudela, ezohiko deialdia da aurtengo martxoaren 8koa. Osasun egoerak goitik behera baldintzatu ditu deialdiak, hala ere, kalera irteteko eta sistema "arrakalatzeko" eskatu du Euskal Herriko mugimendu feministak. Deialdi horregaz bat eginez, Uribe Kostako elkarteek ere mobilizazioak deitu dituzte gaurko.

Urte bi igaro dira mugimendu feministak grebaren bitartez planto egin eta bizitzak erdigunean jartzeko beharra aldarrikatu zuenetik. Urtebete borroka feministara batzeko deia egin zuenetik. Ordutik, COVID-19aren izurriteak sistemak aurretiaz zituen krisiak azaleratu dituela deitoratu du Euskal Herriko mugimendu feministak: "Lehertu da dena, ez da osasun-krisia soilik".

Hala, "Dena aldatu, sistema arrakalatu" lelopean kalera aterako dira gaur milaka emakume, herriz herri, sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitzeko beharra mahaigaineratzeko. Aurten, Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioak "inoiz baino beharrezkoago" direla iritzita, osasun-neurriak hartzea eskatu dute: "Osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohikoak ditugun mobilizazio erak zailtzen dizkigute, baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu. Dagokigun arduraz jokatuta, kaleak eta plazak hartzera animatzen ditugu emakumeak, trans eta bollerak".

Mobilizazioak Uribe Kostan

Uribe Kostako herri gehienetan deitu dute elkarretaratzea herrietako mugimendu feministetako ordezkariek. 18:00etan manifestazio mixtoa egingo dute Sopelan; 19:00etan, mobilizazioak egingo dituzte Plentzian eta Gorlizen, Erandion eta Urdulizen. Azkenik, ordu erdi beranduago, 19:30ean, aldarrikapenei ekingo diete Getxon eta Leioan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun