Hileko azken zapaturo bezala, Biziz Bizi elkartekoek Bilbotik Getxora ibilbidea egingo dute bizikletaz, baina oraingoan, bidegorria izateko pauso bat hurbilago daudela esan dezakete, Bizkaiko Foru Aldundiak eskuinaldeko herriak oinezkoentzako zein bizikletentzako bulebar bategaz lotzeko egitasmoa aurkeztu baitu.
Hori, ospatzeko moduko iragarpena dela aitortu du Javi Umaran elkarteko kideak, baina gogorarazi du Biziz Bizik bost urte eta Bilbotik Itsasora 35 bizikleta-martxa daramatzala bidegorria egin dezaten eskatzen. Helburu hori lortzeko bidea luzea izan dela dio Umaranek, Batzar Nagusietan eta komunikabideetan hainbat ekintza egin behar izan dituztelako, besteak beste.
Gainera, bidegorriakaz saretzeko hainbat herri geratzen direla ohartarazi du, Barakaldo eta Zorrotza, adibidez. Bidegorria horietara heldu arte, pedalei eragiten jarraituko dutela azpimarratu du: "Bizikleta ez dadin izan aisialdirako bakarrik, autoa etxean utzi eta lanera joateko tresna ere izan beharko luke".
Bitartean, zapatuan, beste behin ere, Bilbotik Getxora joango dira, Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinetik abiatuta.