Barrika, Gorliz eta Plentziako mapa turistiko bateratua aurkeztu dute

Ander Zarraga 2021ko mar. 29a, 14:37
N. Utxupi, G. Elgezabal, R. Muñoz eta E. Uribarri mapa turistikoaren aurkezpenean.

Jata-Ondo, Barrika, Gorliz eta Plentziak indarrak elkartu dituzte inguruko mapa turistiko bateratua sortzeko. Bertan, hiru udalerrietako hainbat aukera kultural eta gastronomiko txertatu dituzte, inguruko gune interesgarrienak ezagutzera emateko, eta pilaketak saihesteko.

Plentziako itsasadarraren inguruko toki interesgarrienen mapa turistikoa egin dute Plentzia, Barrika eta Gorlizko udalek, Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkarteagaz batera. Proiektu berri horrek udalerriak helmuga turistiko bakar bateratu gisa aurkezten ditu, bertako zerbitzu eta erakargarritasun turistikoei buruzko informazio zehatzagaz.

2020an, herriotako turismo-bulegoak bisitatu zituzten 23.000 pertsonen motibazio nagusia izan ziren kostaldearekiko interesa eta udalerrien erakargarritasuna. Gaur, martxoaren 29an, Plentziako udaletxean egin duten maparen aurkezpenean nabarmendu dute, kostaldeaz gain, barrualdea ere dela Uribe Kosta, eta, horregatik, tradizioa, kultura eta gastronomia batzen dituen zerrenda zehatza sortu gura izan dutela.

Gorka Elgezabal Jata-Ondo Landa Garapeneko Elkarteko presidenteak adierazi du Plentziako badiaren inguruko eskaintza turistikoaren berri ematea dela helburua. Gaineratu duenez, teknologia berrietara egokitutako zerbitzua ere da, turismo bulegoetan eskainiko dituzten 10.000 mapez gain, interneten ere egongo delako eskuragarri. Horretarako, maparen bertsio interaktiboa egin dute, Uribe Kostako turismoko web orrialdean; Gorliz, Plentzia eta Barrikako turismo-bulegoen webguneetan ere egongo da.

Roberto Muñoz Barrikako alkateak tresna honen garrantzia azpimarratu du turismo eta ostalaritzaren sektorearentzako eragingarri interesagarria delako, "jendea irizpideakaz etortzea ahalbidetuko du".

Bere aldetik, Gorlizko alkateak, Nagore Utxupik, azaldu du baliabide berri horregaz jende guztia ez dela toki berean pilatuko, eta, horrela, bisitariak hobeto banatuko direla herrietako guneetatik.

Azkenik, Elixabete Uribarri Plentziako alkateak adierazi du ekimena Plentzia Ezagutu turismo-gidagaz bateragarria dela, eta "ostalarientzako garai zail hauetan laguntza bat" suposatuko duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun