Euskaltegiek mende erditik gorako ibilbidea egin dute, eta, pozik, arduradunek adierazi dute ondorio emankorrak sortu dituela bide horrek, baita euskaltegietan ari diren irakasle eta ikasleen ahalegina nabarmendu ere. "Argi dago oraindik lan handia dugula egiteko: beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu. Euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiekin", azpimarratu dute. Horretarako, baina, ezinbestean, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko administrazioetatik arloari bultzada estrategikoa eman behar zaiola nabarmendu du AEK-k. "Herritarren nahiz mota guztietako eragileen bultzaden ondorioz, agintari politikoak mugiarazi nahi ditugu".
Bide horretan, apirilaren amaieran, "Bultza euskaltegiak!" dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko die Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota.
Korrika, atzeratuta
Besteak beste, gaur egun bizi dugun pandemia dela eta, euskararen aldeko ekimenik "garrantzitsuena" aurten egin gabe gelditu dela nabarmendu du AEK-k: Korrika. Ekimena urtebete atzeratu dute, "ez dugu bertan behera utzi". Azpimarratu dute oraindino ere "nahitaezkoa dela" duela 40 urte abiatutako ideia hori gauzatzea. Hortaz, iragarri dute AEK-n buru-belarri ari direla lanean datorren urtean 22. Korrika egin ahal izateko. Gorde data: 2022ko martxoaren 31tik, apirilaren 10era.
Euskaltegiak laguntzeko ekarpenak
"Bultza euskaltegiak. Bultza euskara! Egizu ekarpena" kanpainak ere zabalik segitzen du. Deitoratu dutenez, Korrika atzeratzeak zuloa eragin du AEK-ren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko herritarren sostengua beharrezkoa dela nabarmendu dute. Ekarpenak AEK-ren webgunean egin daitezke, hainbat eratan.
Azkenik, mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari direla azaldu dute: "Gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako helduen- euskalduntzean".