Domekan, apirilaren 4an, Euskal Herriko plazak jendez bete ziren Aberri Eguna ospatzeko antolatu ziren ekitaldi xumeetan. "Keinu bat batera" leloagaz, Euskal Herria Batera dinamikak enparantzetan elkartzeko deia egin zuen, manifestazioak saihestu eta segurtasun neurriak bermatzeko helburuagaz, hain zuzen ere. Hala, elkarretaratzeak egin zituzten lurraldeko 115 udalerritan, tartean, Erandion, Areetan-Romon, Sopelan, Algortan eta Leioan.
Besteak beste, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan 135 pertsona inguru elkartu zirela aipatu dute antolatzaileek, aldiz, Leioan 160 lagun izan ziren bulebarrera bertaratu zirenak. Horietan, Gernikako arbola, Txoriak txori eta Ikusi mendizalea abestiak kantatu zituzten, besteak beste.
Ekitaldietan Euskal Herria Batera dinamikaren mezua ere irakurri zuten, adierazteko pandemiaren testuingurua aproposena izan ez arren, milaka pertsona kalera atera direla "komunitate kohesionatu eta sendoaren beharra" aldarrikatzeko. "Gure herriaren askatasunaren alde, demokraziaren alde eta herritar guztion bizitza duinen alde borrokan segituko dugula" ere gehitu zuten.