Haurreskolak Partzuergoan izena eman eta plaza eskatzeko epea zabaldu dute. 2020an eta 2021ean jaiotako umeen guraso edo legezko tutoreek apirilaren 12tik 21era bitarteko tartea izango dute Partzuergoko eskoletan plaza eskatzeko. Izena emateko epe hau partzuergoko zentroren batean lehen aldiz irailean, urrian edo azaroan sartu nahi duten haurrentzat irekitzen da. Prozesua Haurreskolak Partzuergoaren eskoletan edo webgunean egin daiteke: www.haurreskolak.eus
Honako hau da gurasoek aintzat hartu beharko duten egutegia:
- Apirilaren 12tik 21era: eskariak entregatzea.
- Ekainaren 2an: behin-behineko zerrendak argitaratzea.
- Ekainaren 3tik 16ra: behin-behineko zerrendei erreklamazioak aurkeztea.
- Ekainaren 30ean: behin betiko zerrendak argitaratzea.
- Irailak 6: umeak haur-eskolara hasteko eguna.
Udaberrian ireki den epe honetaz gain, Haurreskolak Partzuergoak urtean zehar beste bi izen-emate aldi ere zabalduko ditu: urrian bata (abenduan, urtarrilean edo otsailean lehen aldiz sartuko diren umeentzat), eta urtarrilean bestea (martxoan, apirilean, maiatzean edo ekainean lehen aldiz sartu gura dutenentzat).
Haurreskolak Partzuergoak 236 haur-eskola ditu, EAEko 178 udalerritan. Horien guztien artean, 8.567 plaza eskaintzen dituzte 0-2 urteko umeentzako. Haurreskolak Partzuergoan izena emateko prozedurari buruzko informazioa zehatzagoa aurki daiteke partzuergoaren webgunean.