Zein izan lan hau egiteko abiapuntua, edo nondik sortu da beharra?
Orain dela ia 20 urte, gazte batzuk batu ginen Derion euskara elkarte bat egiteko ametsarekin. Gero, hori errealitate bihurtu genuenean, rol-banaketa egin genuen; niri tokatu zitzaidan elkarte sortu berria soziolinguistika kontuetan eta halakoetan janztea, edo, behintzat, horretan trebatzen hastea. Une horretan, prozesu bat hasi zen, eta, ordutik, nik urte askoz jarraitu dut euskara elkarteetan militatzen; beraz, baneukan gogoa horri buruzko ikerketa potolo bat egiteko. Batez ere, iruditzen zitzaidalako fenomeno hori oso gutxi ikertu delako, eta nire ekarpena egin nahi nuelako horren inguruan.
Nolakoa izan da horretarako lan-prozesua?
Lau urte egon naiz tesia egiten; hasiera batean, jarri nituen helburuak asmo handikoak izan ziren, baina, gero, horiek jaisten joan behar izan nintzen, batez ere, gai horren inguruan zegoen ikerketa-faltaren eraginez. Izan ere, ez zegoen material adina nik nahi nuen sakontasun mailara heldu ahal izateko. Hala ere, 26 elkarrizketa egin nituen, 26 elkarte ezberdinetako pertsonekin, eta, horrez gainera, beste 16 adituk edo arituk erantzunak eman zizkidaten. Horrekin batera, euskara elkarteen inguruan idatzita dagoen guztia, edo nire eskuetan erori dena, izan da tesia egiteko masa edo orea.
"Urte askoz jarraitu dut militatzen euskara elkarteetan, beraz, baneukan gogoa horri buruzko ikerketa potolo bat egiteko. Gainera, oso gutxi ikertutako fenomenoa dela iruditzen zitzaidan, eta nire ekarpena egin nahi nuen"
Elkarrizketa horiek egiteko Euskal Herriko lurralde guztiak hartu dituzu kontutan?
Lapurdin eta Zuberoan izan ezik, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako euskal elkarteekin batu naiz tesirako ikerketak eta elkarrizketak egiteko.
1987tik 2017ra; aurretik ez al zegoen euskara elkarterik?
Lehenengo elkartea 1983an sortu zen, baina egia da 1987an argitaratu zuela Txepetxek Un futuro para nuestro pasado liburua, eta, modu batera edo bestera, liburu horretatik abiatuta hasi ziren hainbat herritan euskararen aldeko elkarteak sortzen. Hori dela eta erabaki nuen urte hori mugarri bezala jartzea, nolabait hor hasten delako benetan abiarazten Euskara Elkarteen Mugimendua deitu daitekeena. Bestalde, tesia 2016an hasi nuenez, 2017 urtea hartu dut bukatzeko, nonbait jarri behar nuelako amaierako mugarri hori. Horretaz gain, 2018an antolatu zen lehendabiziko Euskaraldia, eta, nire ustez, hori Euskara Elkarteen Mugimenduaren baitan sar daitekeen gertakizun bat da; esango nuke nolabaiteko inflexio-puntua izan dela. Momentu horretan iruditu zitzaidan, ikerketa egiten ari nintzen bitartean, gertatzen ari zena aztertzea gehiegizkoa izango zela. Gainera, 30 urteek zenbaki borobila egiten dute, eta horrek ere bere eragina izan zuen, noski.
Zer dela eta diozu inflexio-puntu bat eman zela lehendabiziko Euskaraldia egin zenean?
Ordura arteko Euskara Elkarteen Mugimendua bere buruari begira zegoen, logikoa den moduan. 2018an, aldiz, aurrerapauso bat eman zen, eta Euskal Herri osoa estaltzeko ahalegina egin zuen mugimenduak. Hori Euskaraldian gauzatu zen, eta, zentzu horretan, niri iruditzen zitzaidan markatu zuela beste fase batera sartzeko garaia ere zela: bai aktibazio sozialaren aldetik, eta baita Euskal Herri osoan eragin dezente handiagoa izatearen aldetik ere.
Egin duzun ikerketan hainbat erpin dituzten elkarteak ikertu dituzula diozu; zein aspektutan oinarritu zara zure ikerketa egiteko?
Saiatu naiz orokortasun batetik abiatzen eta, oro har, ikertu zitezkeen gauzei begiratzen. Azken finean, euskara elkarteak tokiko fenomenoak izan dira, eta izaten jarraitzen dute. Hala ere, egin dudan ikerketan saiatu naiz begirada orokor batetik abiatzen, eta, modu orokorrean, aztertzen euskara elkarteek zer egin duten, nahiz eta liburuan edo ikerketan agertzen diren gauza batzuk ez diren herri guztietan egin. Lanari begirada global bat eman nahi nion, baina tokian tokiko mugimenduetatik abiatuta.
Esango zenuke elkarte bakoitza bere errealitateak baldintzatuta sortu zela?
Bai, noski. Euskara elkarte guztiak herriari lotuta egon dira beti, eta oraindik daude. Horregatik, sortu diren herri horren errealitatetik eta hor duten indar korrelaziotik ere abiatu dira, eta egin ahal izan dute egin duten guztia. Zentzu horretan, elkarte bakoitzak egin dituen ekarpenak oso handiak dira, baina lanaren helburua ez da herri bakoitzean lortu dena islatzea, baizik eta aztertzea, ahal zen neurrian, guztien mugimendua, orokorrean.
Sortze-prozesua ere ikertu duzu; nondik etorri zen elkarte horiek egiteko beharra?
Nik esango nuke 80ko hamarkadan euskalgintzaren egoera konfrontazio momentu batean zegoela, eta euskara elkarteak hasieratik saiatu ziren giro horretatik aldentzen, ahal zuten neurrian. Beste aniztasun bat bilatu zuten, bai osaeretan eta baita funtzionamenduetan ere. Ildo horretan, ahalegindu ziren zeukaten dibertsitate hori islatzen, eta, gero, beste alde batetik, euskararentzako funtzioak berreskuratzen. Horretarako prozesuan, adibidez, ikusi zuten herri-mailako komunikabideak behar zirela, eta horiek sortzera jo zuten; aisialdia euskalduntzeko beharra ere ikusi zuten eta horretarako talde euskaldunak sortu zituzten, beste askoren artean.
Zure lanean diozu hainbat helburu zituztela hasieran, baina ez zituztela denak bete. Hala ere, lortutakoa hor dago eta goraipatzekoa ere izango da, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Nik uste dut sorrera-prozesu horretan bazeudela amets handi batzuk, eta egia da urteen poderioz egitasmo horiek guztiak ez dituztela lortu. Beharrezkoak izango ziren bere garaian, eta oraindik ere garrantzia dute; azken finean, uste dut ametsak izatea ez dela gauza txarra. Gero, egia da errealitateak bakoitza bere lekuan jartzen duela, eta egia da ere euskara elkarteek lorpen handiak egin dituztela. Baina elkarrizketa horietan sumatu dudana da geratu den sentimendua ez dela oso positiboa; baduela bere kutsu negatiboa, hain zuzen ere. Dena den, egin ditudan elkarrizketa ia guztietan pentsatu dut nolako egoeratan egongo ginateke euskara elkarterik sortu izan ez balitz. Horregatik, zentzu horretan, nik esango nuke euskara elkarteek egin dituztela gauza batzuk euskararen alde, eta horiek nabarmentzekoak direla.
Euskara Mugimenduaren ekarpenetatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Alde batetik, esango nuke euskara elkarteak izan zirela, agian ez lehendabizikoak, baina bai indar gehien jarri zutenak, hizkuntzaren erabileraren aldekoak. Esango nuke, gaur egun, bai euskararen aldeko mugimendu guztiek eta baita administrazioak ere, modu batera edo bestera, hori besarkatu dutela. Azken finean, orain, euskararen osasunaren faktore nagusienetako bat da erabilera bera. Horretaz gain, ez ziren erabileraren diskurtsoan zentroan jartzera mugatu, eta ahalegindu ziren, eta oraindik ere saiatzen dira, erabilera hori bultzatzeko mekanismoak martxan jartzen, batzuk arrakasta gehiagorekin, eta beste batzuk ez hainbesterekin. Baina bidezidor horiek eraiki zituzten, eta horiek dira nire ustez euskara elkarteen ekarpenik nagusienak: erabilera erdigunean jarri eta erabilera bultzatzeko mekanismoak sortu izana.
Gure eskualdean, Uribe Kostan, Berbots, Bizarra Lepoan eta Egizu elkarteak ditugu orain; nolakoa izan da elkarteon ibilbidea?
Nik egin dudan ikerketa orokorra da, baina uste dut nahiko ondo ezagutzen ditudan elkarteak direla. Esango nuke elkarren artean oso ezberdinak direla, eta berdintasun bakarra euskara elkarteak direla. Herri bakoitzaren ezaugarriak baldintzatuta oso ibilbide ezberdinak izan dituzte, bai Berbotsek Erandion, eta baita Bizarra Lepoanek eta Egizuk Getxon ere. Egia da lehenengo biak zaharrenetakoak direla Bizkaian, baina oso garapen desberdina izan dute urteekin. Berbotsen kasuan, adibidez, ibilbide oso gorabeheratsua izan dela esango nuke, Getxokoak ez bezala. Elkarteok oso egitura profesionala izan dute ia beren sorrerarik, eta Erandiokoarena, aldiz, oso militantea izan da hasieratik. Zentzu horretan, ondo adierazten du eskualdean eta Euskal Herrian egon diren elkarte mota nagusi biak. Batzuk oso profesionalizatuta egon dira, eta beste batzuk, aldiz, kontrakoa: militantziari esker funtzionatzen zuten, batez ere. Horrek bere alde onak eta txarrak izan ditu, eta niri iruditzen zait fenomenoaren izaera irregularra oso ondo adierazten duela, azken finean, tokiko fenomenoak direlako.
"Euskara elkarteak oso trebeak izan dira artefaktuak sortzeko orduan, eta oso emari handia izan dute, baina ez diete asko erreparatu egindako lanaren emaitzei. Oso gutxi ebaluatu dute egindako lana, eta ez dute atzera begiratu"
Uste duzu Getxokoak erreferentzia izan direla elkarte batzuentzako?
Ikerketa honek dituen hutsuneak oso garbi ikusten dira, horrekin lanean hasi nintzenean, ikerketa sakonago bat egin nahi baitnuen. Azken finean, herri zehatz bateko elkarteak lortu dituen emaitzak aztertu balira ikuspuntu orokorrago bat izango genuke, baina ez da horrelakorik egin. Orduan, sakontasuna lortzeko ikerketa hori ere egin beharko litzateke. Euskara elkarteak oso trebeak izan dira artefaktuak sortzeko orduan, eta oso emari handia izan dute, baina ez diete asko erreparatu egindako lanaren emaitzei. Oso gutxi ebaluatu dute egindako lana, eta ez dute atzera begiratu, egindakoak izan dituen eragin edo emaitzak aztertzeko. Orokorrean, euskara elkarteak ahulak ere izan direla ondorioztatu daiteke, eta, horren bitartez, errazagoa da egindako lanaren emaitzak ateratzea. Baina horrek bestelako lana eskatzen du.