Ibilaldia 2021

“Auzolan izugarria da Ibilaldia antolatzea”

Iker Rincon Moreno 2021ko mai. 11a, 09:50

Ibilaldia 2021 jaialdiari antolatzeko beharrezkoa izan dira Ander Deuna eta Betiko ikastoletako komunitateak osatutako lantaldeak.

Gorabeherez jositako pandemia-urte honetan, ezohiko Ibilaldia egingo dute maiatzaren 30ean. Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolei egokitu zaie aurtengo jaialdia antolatzea, eta zeregin horren arduraduna den Ibilaldia Lantaldeak kontatu digunez, ez da erraza izan dena prestatzea; baina, aitortu dutenez, ikastetxeetako komunitateari esker aurrera eramatea lortu dute.

Iaz, pandemia bete-betean, ezinezkoa izan zen Ibilaldia ohiko moldean egitea. Zelan hartu zenuten ikastolek erabaki hori?

Elorrioko Txintxirri ikastolari egokitu zitzaion iaz Ibilaldiaren antolaketa, eta eurek bizi izan zuten egoera bere gordintasunean. Beste hamaika kontu legez, bertan behera geratu zen Ibilaldia ere. Data aldatu eta urrira pasa bazuten ere, ezer gutxi egin ahal izan zuten. Beste horrenbeste gertatu zen Euskal Herriko gainerako ikastolen jaiekin. Horrela, bertan behera utzi behar horri erantzun bat eman guran edo, Ikastolak Herriari ekimena jarri zen martxan.

Aurten, egoera aldatu arren, baina, garai berri honetara egokitu behar izango duzue jaialdia, ezta?

Guztiz gainera. Ez zaigu erraza izan jaialdiarekin aurrera egitea. Gure artean iritzi oso kontrajarriak geneuzkan zer egin erabakitzeko. Batzuen iritzian, ez zen unea halakorik antolatzeko, are gehiago euskararen aldeko zein beste mota batzuetako hainbat ekimen bertan behera geratzen zebiltzan garaian. Azkenean, baina, aurrera egitea erabaki zen. Eta aurrera egiteko erabakia hartu orduko zer nolako Ibilaldia izango den pentsatzeari ekin zitzaion.

Zer-zelakoa izango da maiatzaren 30eko Ibilaldia?

Bada, ez du zer ikusirik izango orain artekoekin alderatuta. Ez dira milaka lagun batuko, ez da ibilbiderik ere izango, guneetan ez da janari eta edari zerbitzurik eskainiko, parte hartzeko aurretiaz izena emanda egon beharko da… Une horretan indarrean izango diren osasun-neurriak osotasunean betetzeko bideak ezarriko dira. Horrek guztiak beste Ibilaldi bat antolatzea eskatzen du. 

"Aurtengo Ibilaldia ez da ohi bezalakoa izango. Arduradunek azaldu dutenez, maiatzaren 30ean ez dira milaka lagun batuko, ez da ibilbiderik egongo, guneetan ez da janari eta edaririk eskainiko eta parte hartzeko aurretiaz izena emanda egon beharko da"

Egun horren aurretik, baina, bestelako hainbat ekimen ere egin dituzue ikastoletan eta Uribe Kostan. Zer egin duzue?

Aurretik esan legez, oso berandu hartu genuen Ibilaldiarekin aurrera egiteko erabakia, azaro aldean, hain zuzen ere; bospasei hilabete geneuzkan ia-ia guztia antolatzeko. Eskerrak 2020ko maiatzean leloa eta logoa erabakita gelditu zirela. Lehenbiziko gauza kanta egitea izan zen. Kantarekin bideoa, eta bideoa egiteko koreografia bat asmatu zuten ikastoletako bizpahiru ikasle ohik. Gure lehenbiziko ekitaldia hori izan zen: koreografia jendetsua egitea bideoa grabatzeko. Horrela, martxoaren lehenengo hamabostaldian, Sopelan eta Leioan kanta eta bideoaren aurkezpenak egin ziren. Ondoren, apirilaren bigarren hamabostaldiko bi asteburuetan, Kultur Leioan eta Sopelako Kurtzion lehen hezkuntzako ikasleek prestatutako bertso-saioak programatu ziren. Halaber, data berdinetan, Sakonetan eta Ander Deuna ikastolan Bote-Luzea jokoa ezagutzeko eta praktikatzeko ekintzak egin genituen. Leioakoak egin baziren ere, Sopelakoak bertan behera geratu dira pandemiaren eraginez. Modu berean, dolua lantzen duen bere azken ikuskizunarekin Sopelan izan zirenean, Pirritxek eta Porrotxek Intxaurrondo landare bat eman ziguten, hil diren senideen eta lagunen gogoan landatzeko. Asmo horrekin, apirilaren 25ean mendi-martxa antolatu genuen, baina hori ere bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz. Egun berean, arratsaldez, Sopelako kuadrillek antolatzen duten Korto Express lehiaketa eskaini nahi zuten Ibilaldiaren egitarauaren barruan, baina, oraingoan ere, bertan behera geratu zen. Maiatzaren 8an, aldiz, Erraiak arbasoen oihartzuna dokumentala izango dugu Romo Kultur Etxean. Maiatzaren 15ean burnizko hesia gauzatzeko asmoa daukagu; DBHko ikasleekin lantzeko beren-beregi prestatu den unitate didaktikoaren emaitza. Eta, maiatzaren 22an, “komunitatearen deiadarra” egingo da, Betiko eta Ander Deuna ikastolak elkartuko duen irrintzi-kate erraldoia.

Bizi ditugun garaiak kontuan hartuta, Ibilaldiaren baloreak azaleraztea inoiz baino garrantzitsuagoa dela azpimarratu duzue behin baino gehiagotan. Zer dela eta?

Ikastola, Euskal Herriko beste hainbat ekintza legez, herri-ekimena da, herritar askoren adoreari, baliabideri eta ilusioari esker sortutakoa. Ibilaldia Bizkaiko ikastolak bultzatzeko asmoaz sortu zen, proiektuaren bideragarritasuna sustatzeko, proiektuarekiko elkartasuna adierazteko eta jendarteari ikastolen ekarpena aintzatesteko. 

Zeintzuk dira, zehazki, Ibilaldiaren balore horiek?

Ibilaldia aurrera ateratzeko lagun askoren beharra dago. Gehienak ikastolako –kasu honetan, ikastoletako–, komunitatea osatzen dutenak: gurasoak, langileak eta ikasleak. Baina baita herri-elkarte, udal, instituzio, taberna eta komertzioena ere, besteak beste; gizarte eragileena, oro har. Auzolan izugarria da Ibilaldia. Elkarrekin aritzea eskatzen du. Proiektuarekiko ilusioaren eta inplikazioaren erakusbidea da. 

“Inplikatzea, bustitzea, konprometitzea adierazi nahi genuen lema horrekin; euskaraz bizitzeko bustitzea, hain zuzen”

Zer da Ibilaldi bat antolatzea zuentzat?

Lantaldeak antolatu izan dira eginkizunak banatuz. Horrela, kultur ekitaldien antolaketaren ardura izan duen lantaldeak argi izan du hasiera-hasieratik Ibilaldiak zer eskaintza kultural egin behar zuen, baita zertan oinarritu behar zuen ere. Hala, maiatzaren 30eko jaiaren emaitzari baino ordura arteko bideari, prozesuari, eman dio garrantzia bereziki. Horrek, ikastoletako komunitatea eta eragile sozialak prozesuan bertan inplikatzea eskatzen du. 

Betiko eta Ander Deuna trebeak dira ikastolen aldeko jaialdiak antolatzen, aurtengoa ez baita horretarako lehenengo aldia... Garai horietako zeintzuk oroitzapen gordetzen dituzue?

1990ean egin zen Sopelan Ibiladldia. Parte-hartze handia izan zuen, eta egun hori oso gogoan dute bertan izan zirenek. 1997koa, aldiz, oso garrantzitsua izan zen Betiko ikastolaren biziraupenerako, bai baliabide ekonomikoak lortze aldera, baita Leioa, Romo eta Erandion “Betiko ikastola” izena bera ezagutzera emateko ere. 2004an eskualde ikuspegia landu nahi izan genuen Ander Deuna ikastolatik, hau da, elkarrekin eskualdeari begirako proiektu komunak bideratzea. Halaber, Betiko ikastolan bigarren lerroa irekitzea eta azpiegituretan inbertsio garrantzitsuak egin nahi ziren. Jendetsua izan zen, ehunka lagunek lan egin zuten guztia aurrera ateratzeko, eta gehiago estutu ziren gure arteko harremanak. Egun horretan, Kepa Butron Betikoko zuzendari izandako lankidea zendu zen, eta gogoan daukagu hori. 

Asko aldatu dira ikastolak ordutik hona?

Bai. Instalazioei dagokienez, ikasle kopuruei dagokionez, bertako komunitatearen osaerari dagokionez... Gu aldatu gara, eta gizartea ere aldatu egin da. Betikon, esate baterako, lehen lerro bakarra geneukan adin gehienetan, eta zenbaitetan, DBHn batez ere, oso talde txikiak genituen: 6 edo 7 ikaslekoak. Gaur egun, guztira, 700 bat ikasle eta ehunetik gora langile daude; atera kontu zenbat aldatu garen! Lan egiteko modua ere aldatu da; proiektu pedagogikoa guztiz berritu da, eta Euskal Curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako proiektua errealitate bilakatu da. 

Ikastolen eredua indartu beharra dagoela uste duzue?

Indibidualizazioak eta materialismoak pisu handia hartu dute gure gizartean. Ikastolen sorrera bera beste balore batzuetan oinarritu zen, beste muturrean; herritarren elkarlana, baliabide pertsonal eta materialen borondatezko ekarpena, elkartasuna, gizarte ekonomia solidarioa, komunitatearen onura bilatzen zituztenak. Balore horiek, beste era batean beharbada, egon dira gure artean ere. Gainera, talde moduan, curriculumean, arlo pedagogiko-didaktikoan, materialgintzan, ekarpen interesgarriak egiten gabiltza, besteak beste.

“Urtez urte, Betiko eta Ander Deuna ikastolak handitu egin dira, bai instalazioei dagokionez, baita ikasle kopuruari dagokionez ere”

Zeintzuk helburu jarri dizkiezue zeuen buruei Ibilaldi honekin?

Helburu ekonomikoei dagokienez, egia esan, oso apalak dira oraingo honetan; izan ere, azaroan erabaki genuen aurrera egitea. Hala, bost bat hilabetetan zaila da ganorazko ezer planteatzea arlo horretan, eta are zailagoa bizi dugun egoera kontuan hartuta. Kontuak horrela, komunitatearen trinkotzea, elkar ezagutzea, entzutea eta elkarrekin bide bat egitea beti dira ekarpen interesgarriak. Beste horrenbeste gizarte-eragileen laguntza eta elkartasuna sentitzea. Horixe da bilatzen duguna oraingoan.

Jaialdiak “kalakalata!” leloa izango du. Zergatik?

2020ko urte hasieran leloa eta logoa pentsatzen hasteko deialdia egin genuen bi ikastoletan. Hainbat bildu ginen; ikasleak, gurasoak eta langileak. Talde dinamika batzuen bidez ideiak, marrazkiak eta esaldiak jasotzeko aukera izan genuen. Horiek guztiak bildu, eta talde txikiago batean lantzen hasi ginen. Hamaika ideia lelorako eta beste hamaika marrazki logorako. Eta horrela, multzokatzen joan ginen; inplikatzeko eta bustitzeko ideiarekin, haurren jolasekin lotutakoak, elkarrekin aritzera deitzen zutenak, euskara erabiltzeari erreferentzia edo deia egiten ziotenak... Azkenean, “kalakalata” hartu genuen, inplikatzea, bustitzea, konprometitzea adierazi nahi duena; euskaraz bizitzeko bustitzea, batzuetan deserosoa ere egin ahal zaigun arren.  

Abestia eta horren bideoklipa egin duzue. Zelakoa izan da esperientzia?

Uste dugu hasierarik egokiena izan dela hori. Bertan parte hartu dutenen aldetik hitz onak besterik ez dago; zein ondo pasa duten, pandemiarekin buru makur egotetik bat-bateko ilusio leherketa bat izan dela, mundu guztia kantan eta dantzan aritu dela. Esperientzia ezin hobea.

Nolakoa izango dela aurreikusten duzue aurtengo Ibilaldia?

Kanpora begira, pandemiak emango duen aukeraren araberakoa. Barrura begira, bada, orain artekoarekin, besterik ez bada ere, merezi izan duela esan genezake. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun