Sitapha Savane-gaz batera, arrazakeriaz aritu zinen orain gutxi Leioan. Zein ondorio atera zenuten solasaldi hartatik?
Berak bere giza eskubideen aldeko aktibistaren esperientziatik eta ni nire kazetaritza-munduko esperientziatik ikusi ahal izan genuen zein motatako arrazismoa dagoen gure gizartean. Galderetako bat izan zen ea arrazismoa ba ote dagoen gure gizartean, eta Sitaphak esan zuen galdera hori txarto eginda dagoela, bestela ez ginatekeelako hor eserita egongo. Arrazismoa egon badago, baina galdetu beharko litzateke zein motatako arrazismoa den, eta azaleratzea nola dagoen arrazismoa leku guztietan: gure erakundeetan, gure egunerokoan... Batez ere, aurreiritzi arrazistei erreparatu beharko genieke, eta nola horiekin egiten dugun aurrera gure egunerokotasunean, horretaz konturatu gabe. Aurreiritzi horien bitartez erortzen gara zurrumurruen aurrean, edo bidea ematen diegu, behintzat. Solasaldian ikusi genuen nola saia gaitezkeen horiei aurre egiten, eta nik planteatu nuen zurrumurruen aurka joan behar garela, azken finean, informazioaren gizartean gauden arren, inoiz baino desinformatuago dagoelako gizarte hau eta gezurrak inoiz baino errazago egiten duelako bere bidea sareetan. Horri aurre egiteko, kazetariok, zintzotasunez eta profesionaltasunez jokatuz, gure erantzukizuna daukagu. Hala ere, jendeari ikusarazi nahi genion erantzukizunaren parte bat beraiengan ere badagoela; publikoak ere jakin beharko luke zeintzuk diren euren informazio-iturriak. Unibertsitatean, kazetarioi erakutsi digute objektiboak eta inpartzialak izan behar garela. Hori kontutan izan behar dugun arren, ez gara inpartzialtasunarekin itsutu behar; ni ezin naiz izan zurrumurruak aireratzen edo zabaltzen dituztenen bozeramaile. Hori oso argi ikusi nuen Palestinan lanean nengoenean: tanke batzuek ume batzuei tiro egin zieten umeek haiei harriak bota ondoren. Nik hori kontatzen dudanean, objektibotasunaren teoria muturreraino eramanda, ume horien bertsioa ateratzeaz gainera, Israelgo armadaren bertsioa ere atera beharko nuke adieraziz defentsa propioan egin zutela tiro, baina nik badakit ez dela horrela izan, eta ni ezin naiz izan horren bozeramaile.
Zurrumurruen aurkako solasaldia
Iragan apirilaren 28an, Xabier Madariaga kazetaria eta Sitapha Savane saskibaloi jokalari ohi eta arrazakeriaren aurkako aktibista solasaldian aritu ziren gizartean dagoen arrazakeria eta komunikabideek horren aurrean duten paperari buruz.
Komunikabideek etorkinen kontua nola transmititzen duten ere argi ikus daiteke hori, ez?
Bai, Sitaphak esan zuen paperik gabe datozen etorkinen % 10 inguru direla pateran itsasoa gurutzatuz iristen direnak. Erregularizatu gabe dauden etorkinei buruz hitz egiten dugunean, zenbatetan erabiltzen dugu irudi hori? Etorkizunean, emigranteei buruz hitz egiterakoan, zenbatetan erabiliko ditugu Ceutako irudiak? Azkenean, beldurraren irudia besterik ez da. Kontuz ibili behar gara erregularizatu gabe daudenei buruz hitz egiten dugunean, Sitaphak esaten zuen bezala: «Gehienak, % 90, hegazkinez etortzen dira». Orduan, zergatik erakutsi beti patera? Hori egitea desinformatzea da, baita «marea beltza» bezalako izenak erabiltzea ere.
Korrespontsal lanetan ibili zara Jerusalemen, Parisen, Madrilen... Esperientzia horretatik zein ikasketa nabarmenduko zenuke?
Niretzat, kanpoan lan egitea egin ahal den lanik politena da. Fakultateetara hitzaldiak ematera joaten naizenean beti esaten dut: «Ahal baduzue irten kanpora». Gure lana oso ederra da, eta beste herrialde batean errealitate desberdinak ezagutzea zoragarria da niretzat; urte haietan, ezberdin pentsatzen duena ulertzen saiatzeko ariketa esango nuke izan zela ikasketarik aipagarriena. Alde batetik, gaur gauden moduko kafetegi batean, bere burua leherrarazteko prest zeuden batzuk ikusten nituen, eta, bestetik, 22 urterekin fusila hartu eta checkpoint batean beraien herria defenfatzeko zaintza-lanak egiteko prest zeudenak zeuden. Niretzat, bai bata eta bai bestea ulertzen saiatzea izan zen ariketarik aberasgarriena; kolono juduen zein palestinarren ikuspuntua ulertzen saiatzea, hain zuzen ere. Uste dut hori aplikatu dudala kazetaritza aurrera eramateko orduan: bestearen azalean jartzen saiatzea, ez justifikatzea, baina bai bere tokian jartzea. Horregatik, uste dut inoiz baino beharrezkoagoa dela korrespontsalaren lana eta errealitate horiek ondo kontatzea.
"Gure lana oso polita da: errealitate desberdinak ezagutzea eta hori beste herrialde batean egin ahal izatea zoragarria da. Ezberdin pentsatzen duena ulertzen saiatzeko ariketa bat da, besteak beste"
Ekialde Hurbilean egon zinenetik, zer aldatu da Israel eta Palestinaren arteko gatazkan?
2003 eta 2006 artean Jerusalemen kafetegi batean zerbait hartzea «arriskutsua» zen. Gogoratzen dut kafetegi guztietan zegoela ckeckpoint bat, eta guk teoria bat genuen: atera begira jarri behar ginen, atetik pasako zelako suizida, eta gertu ez bazeunden, metrailak ez zizulako emango. Hilabetero kafetegi edo autobus batean jarritako bonba leherketaren bat entzuten zen hirian, eta gu berehala joaten ginen gertatutako kontatzera. 2018an, Ur Handitan atzerrian egiteko, berriro joan nintzen, eta esango nuke hori bukatu dela. Erabat europarra den Jerusalem aurkitu nuen, eta lehengo beldur hori desagertu egin zen. Ez diot herrialde batek izututa bizi behar duenik, ez diot hori inori desiratzen, baina bai ikusi nuen Israelek bere proiektua asko egonkortu zuela, batez ere Trumpek Israeli nahi zuen hiriburua eman eta gero. Gatazka ez da amaitu Israelek dena kontrolatzen jarraitu nahi duelako, eta, azkenean, beraiek dutelako zartagina eskutik hartuta; Israelen botere militarra ezin da beste aldeak duenarekin konparatu. Bestalde, orain, Israelen barruan bizi diren palestinarrak matxinatzen ikusi ditugu, hori ez dugu lehenago ikusi. Arrazoia da herritar horiek bigarren edo hirugarren mailako biztanle bilakatu dituztela, eta, noski, horrek nonbaitetik eztanda egin behar zuen; harritzen nauena da orain arte eztanda ez egin izana.
Atzerrira bueltatzeko aukera izango bazenu, zein herrialde aukeratuko zenuke?
New York aukeratuko nuke, AEBetako barne funtzionamenduak asko erakartzen nauelako. Baina ez litzaidake arduratuko Jerusalem edo Parisera bueltatzea; bietan oso zoriontsua izan naiz.
Jerusalemera joan zinenetik kazetaritza egiteko modua asko aldatu da?
Irakurle, ikusle edo entzulearengana iristeko moduak dira gehienbat aldatu direnak. Nik uste dut hor galduta gaudela, nahiz eta esentzian gure lanak berdina izaten jarraitzen duen: errealitate batez ondo jabetu, asko irakurri, bertsio asko entzun eta hori kontatu. Gero, kontatzen duzun hori nola iristen den aldatzen ari da, eta uste dut oraindik galduta gaudela, ez kazetari bezala, baizik eta komunikabide bezala. Horrek gauza asko aldatzen ditu, eta bat-batean feedback asko dauzkagu: ikus-entzuleengandik informazio asko iristen zaigu, lehen heltzen ez zitzaiguna, eta hori gozamena da. Baina kazetaritza bera egiteko modua ez da horrenbeste aldatu. Esango nuke komunikabideek ikuslegoarengana iristeko modua aldatu dutela, sare sozialek dena aldatu dutelako.
Korrespontsal-lanak egin ondoren, Ur Handitan-en hasi zinen; nolakoa izan da aldaketa-prozesua?
Oso polita izan da, azkenean, korrespontsal moduan egiten duzun lana pixkatxo bat zuk markatzen duzulako. Galdetu didatenean, beti esan dut korrespontsal izatearen onena dela buruzagiak urrun daudela, horrela zure airera ibil zaitezkeelako. Teleberri edo Gaur Egun albistegiek oso erritmo konkretuak eskatzen dituzte, eta korrespontsalian hortik ihes egin dezakezu apur bat. Ur Handitan saioak ere denbora ematen dizu produktua apur bat mimatzeko; beraz, aldaketa hori egitea niretzako erraza izan zen. Ur Handitan-ek hori dauka: gaia lantzeko eta protagonistak ondo ezagutzeko aukera ematen dizu. Azkenean, gure lanaren alderik aberasgarriena da pertsonak ezagutzea eta beraien errealitateetara gerturatzeko aukera izatea.
"Esango nuke komunikabideek ikusleengana iristeko modua aldatu dutela, sare sozialek dena aldatu dutelako"
Ur Handitan hartu zenuenean zein izan zen eman gura izan zenion helburua edo jomuga?
Humanoa, enpatikoa; nik uste dut gizartearentzat onuragarriak diren errealitate batzuk ezagutarazteko baliagarria dela hori. Gure lana egiten dugunean gizarte hobeago baten alde egiten dugu? Askotan hori galdetzen diogu gure buruari gaiak aukeratzerako orduan. Azkenaldian gehien mimatu dugun gaia ez bitarrena izan da, errealitate ezezagun bat deskubritu dugulako, eta uste dut hori dela gure lanaren alderik onena. Hainbati irekiko dizkio begiak generoari buruz egiten dituzten hainbat hausnarketa emanak direla ikustarazten diegunean; hori oso interesgarria dela uste dut. Transexualitatea landu genuenean ere, jendeak komentatzen zigun deskubritu diegula mundu bat, beti lotu izan dutelako hori prostituzioa eta drogekin eta, bat batean, nerabe eta umeekin zerikusia duen errealitate bat ikusarazi diegu. Zer gehiago eska daiteke?
Zure bizitza pertsonala oso agerian dago hainbat aldetan; kazetaritza-munduan hori ez da oso ohikoa. Zuk bilatutako zerbait da edo berez eman da?
Hasiera batean, nire lankideek horri buruz hitz egitea eskatu zidatenean, ezetz esan nien, batez ere uste nuelako EITB, nire lantokia, baliatzea ez zitzaidalako ondo iruditzen. Gero, egunkarian elkarrizketatu ninduten, eta gizarteko gaitxo bat izan behar zena domekako egunkariaren portadan joan zen; nire bikotekidea egunkaria erostera joan zenean, lotsaz ez zuen hartu. Geroztik, familia-eredu ezberdinak daudela ikustarazteko egin nuen EITBn. Horrekin, uste dut nire seme-alabei laguntzen diedala, batez ere. Baina, horren ondoren, erabaki nuen berriro ez egitea, horretan ez sartzea. Horri buruzko elkarrizketak emateko eskatzen didatenean ezetz esaten dut. Izan ere, kazetari naizen heinean, nire profesioagatik eta lanagatik nahi dut ezaguna izan.