Sakonean

Helduentzako hezkuntza: bigarren aukeren alde borrokatzeko eskola

Iker Rincon Moreno 2021ko eka. 15a, 12:26

Askotarikoentzat oinarrizko prestakuntza aukera ematen du Helduen Hezkuntzak. Izan ere, alfabetatzetik Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzeraino doan prozesua eskaintzen du; horrez gainera, etorkinen gizarteratzea ahalbidetzeko hizkuntza-ikastaroak ditu aukeran, besteak beste.

Lamiako auzoko kaleetan askotariko pertsonak ikus daitezke joan-etorrian, metro-geltokira sartu-irtenean, motxila bizkarrean edo karpeta eskutan, eskolarako bidean. Umeak, gazteak zein helduak, denek egiten dute bat bidean; Langileria kaleko 106 zenbakiko ikastetxerako noranzkoan doaz guztiak. Neska-mutil gazteenak Lamiako Eskola publikora doaz, goizez, ohiko ordutegian, gainontzeko ikastetxeetako irudiak birproduzituz. Eurakaz batera, baina, bestelakoak ere nahasten dira: ohikoa da bide horretan adineko gizon-emakumeak –bigarrenak batez ere– topatzea, isil-isilik edo ingurukoakaz berbetan; haien ondoan, Saharaz hegoaldeko zein Hego Amerikatik etorritako hainbat gazte ikus daitezke, baita bertoko zenbait heldu ere. Horiek guztiek bide berdina egiten dute egunero, eskola publikoaren ondo-ondoan dagoen Helduentzako Irakaskuntzarako zentrorakoa, alegia.

"Helduentzako Hezkuntza Ikastetxeak sei zentro ditu: Derio, Erandio, Getxo, Lamiako, Mungia eta Sopela. Horietan, DBHko titulua eskuratzeko kurtsoak, Lanbide Heziketarako eta unibertsitaterako sarbide-ikastaroak eta atzerritarrentzako euskara eta gaztelania eskolak eskaintzen dituzte, doan"

Ohikoa izaten da, hezkuntzaren inguruan berba egiterakoan, ume, gazte eta nerabeen ikaskuntza-prozesu formala izatea buruan, behetik gorakoa. Guzti-guztiok, edo gehienok, bizi izandako bidea da hori, haur-eskolatik hasi eta, kasuan kasu, unibertsitaterainoko tartea hartzen duena. Helduek, aldiz, adin batetik aurrera, ez dute ikasteko paradarik izaten, ez behintzat oinarrizko hezkuntzari dagokionez. Halere, ikasketa-bideak hamaika adar ditu, eta gizon-emakume guztiek ez dute zuzenekoena jarraitzeko aukerarik izaten. Beste askok, aldiz, gurera etorri berriak direnek kasu, adinez nagusiak direnez gero, eta bestelako ikasketa homologaturik ez dutenez, Helduen Hezkuntzarako Ikastetxea (HHI) izan ohi dute bide bakartzat oinarrizko prestakuntza jaso eta, gura izatekotan, Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortu ondoren, batxilergo batera edo maila ertaineko heziketa-ziklo batera joateko.

Inguruotako HHI sei egoitzetan banatuta dago, Lamiakokoa nagusia izanik; gainontzeko zentroak Derion, Erandion, Getxon, Sopelan eta Mungian daude. Horiek guztiek, gaur egun, 994 ikasle hartzen dituzte eta, Oskar Gaztelu ikasketa-buruak azpimarratu duenez, horien herena –300 inguru– atzerritarrak dira. "Gurera etorri berriak dira gehienak; 35 nazionalitatekoak ditugu". Ildo horretan, irakasleak nabarmendu du zentrook beharrezko lan garrantzitsua egiten dutela gizartearen alde: "Ikasleen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute eta pertsonen arteko sare komunitario indartsuagoa eta erresilienteagoa eragiten dute, besteak beste".

Hiru ikasle mota: hiru bloke

Gazteluk azaldu duenez, HHIko ikasleak hiru multzotan bana daitezke, bloke ezberdinetan. Alde batetik, DBHko titulu ofiziala eskuratu gura dutenak daude lehenengo blokean; hainbat arrazoi direla medio, bere garaian oinarrizko ikasketak amaitu ez dituzten edo eskolara joaterik izan ez duten 18 urtetik gorako gizon-emakumeek osatzen dute hori. Gazteluk azaldu duenez, ohiko bidea jarraituta, lau urte kurtsatu behar dira graduatzeko; HHIn, aldiz, curriculuma egokituta dago eta, ondorioz, posible da titulua urte bian eskuratzea.

Bigarren blokean, aldiz, modu orokorrean euren burua prestatzen segitu gura duten helduak daude, aktibo jarraitu gura dutenak, alegia. Talde horretan adineko emakumeak egon ohi dira: "HHI bide bat izan da prestakuntza kultural integrala jasotzeko aukerarik izan ez zuten adineko emakume askorentzat. Gainera, nolabait, besteekin sozializatzeko baliatzen dute ikastaroa; elkartzeko gune gisa hartu dute hau, talde-lagunak egin dituztelako hemen". 

"Datorren ikasturterako matrikulazio-epea ekainaren 15etik 30era artekoa izango da; ondoren, irailean ere aukera egongo da"

Azkenik, hirugarren taldea bertoko hizkuntza ofizialak –gaztelania edo euskara– menperatzen ez dituzten etorkinena da. Gazteluk ohartarazi duenez, azken multzo honetan parte hartzen duten gizon-emakume gehienak "zerotik" hasten dira: ez dakite bertoko hizkuntzetan berba egiten, ez dituzte ulertzen, ez irakurtzen ezta idazten ere. Gizarte batean, komunikazioa behar-beharrezkoa da eta, hartara, elkar ulertzeko gaitasuna ez duten pertsonek zail izango dute bizitzan aurrera egitea. Hori dela eta, helduentzako hezkuntzarako ikastetxeok, ahal duten neurrian, euren aletxoa jarri gura dute gurera etorritako migratzaile horiei komunikatzeko tresnak irakasten. 

Azken talde horri dagokionez, Gazteluk azaldu du 10 talde dituztela gaur egun, gaztelania ikasteko bideratuta daudenak. Hala ere, nabarmendu du beste bat dutela, euskarazkoa. Inguruotan normala denez, atzerritarrek gaztelania ikastera jotzen dute automatikoki, aukera gehien zabaltzen dieten hizkuntza delakoan. Hala ere, gero eta gehiago dira euskara ikasi gura dutenak, haien seme-alabak eredu euskaldunetan eskolatzen dituztelako eta beharrezkoa ikusten dutelako eurak ere euskaran murgiltzea haurrei etxerako lanetan eta lagundu ahal izateko.

Ikasle-migratzaileen bizipenak

Ikasketa-buruak nabarmendu du ikasle-migratzaile bakoitzak bide konplexua igaro behar izan duela gurera ailegatzeko, "kontatzekoa eta pelikula bat egiteko moduko bizipenak dituzte". Berbarako, gerretatik ihesi egin behar izandakoak heldu dira Lamiakora, baita hainbat herrietatik errefuxiatu gisa etorri direnak ere. "Esan beharra dago, kasuotan, haien ilusioa nabarmena dela ikastetxera sartzen direnean. Izugarrizko ahaleginak egiten dituzte, eta euren esker-onak ez du parekorik". 

Hartara, aniztasuna eta belaunaldien arteko bizikidetza dira Leioako Helduentzako Hezkuntza Ikastetxea nabarmentzen dutena. "Adinen arteko ezberdintasuna, jatorri ezberdinetako pertsonen aniztasuna eta adineko emakumeei aukerak bermatzea dira gure erronka nagusiak", Gazteluren berbetan.

Bestelako hezkuntza eredu bat

Ikasketa-buruak azaldu duenez, "ikusi egiten ez den" hezkuntza da helduentzakoa, "itzalean dagoen espazioa da hau". Deitoratu duenez, orokorrean, Hezkuntza Sailaren barruan dagoen arren, Administrazioak ez du balioan jartzen nagusientzako hezkuntza. Horren aurrean, eredu horren indarra eta beharra azpimarratu eta nabarmendu du Gazteluk.

HHIn darabilten hezkuntza-eredua "alderantzizkoa" da, goitik behera doana. Hau da, curriculuma, ikasi beharrekoa, ikasleen beharrei egokituta dago. "Ohiko hezkuntza-sisteman arazo tipiko bat da exijentzia-maila zehatz bat dagoela eta ikasle guztiei eragiten diela. Hori dela eta, nire ustez, pertsona, ikaslea, ez da erdigunean jartzen ikasketa-prozesuan, eta porrota eman daiteke. Aldiz, pertsona erdigunean dagoenean, horrek ahaleginak egingo ditu eta, edukiak bere egoera pertsonalera egokituz gero, gai izango da edozer gauza gainditzeko", ondorioztatu du Gazteluk. Premisa horretan, HHIn pertsonalizatu egiten dira edukiak ikasleen egoeretara, eta taldeak berak bideratzen ditu gauzak. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun