San Nikolas eta Betiko ikastoletako EusLiderrek ikasturtea bukatu dute

Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 14:27
San Nikolas ikastetzeko EusLiderrak. © AHIZE-AEK

EusLider, hizkuntza-portaera berriak sortzeko tailerra, jaso dute Algortako San Nikolas eta Leioako Betiko ikastetxeetako DBH 3. eta 4. mailako ikasleek. Horretaz arduratu diren Ahize-AEKko irakasleek ikasturte honetako esperientzia kontatzeko kronika egin dute.

Beste urte batez, Algortako San Nikolas Ikastolako DBH 3. eta 4. mailako ikasleek AEKren Ahize zerbitzuak gidatutako EusLiderrak proiektuan parte hartu dute, 80 ikasleren parte hartzearekin. Leioako Betiko ikastolakoen kasuan, aldiz, egitasmoa egiten duten lehen aldia izan da aurtengoa, eta hauen kasuan 33 ikasle izan dira EuskLiderren parte hartzaileak. Urtarrila aldera jarri zuten martxan proiektua, beraz, garai bereziak izaki, saioak osasun neurrietara moldatu behar izan dituzte.

Egitasmoari hasiera emateko, hirugarren mailako ikasleek giroa berotu (kanpainatxo baten bitartez) eta lehenengo faserako aurreikusitako hiru saioak burutu zituzten, otsaila eta martxoa bitartean. Horietan, hizkuntzekiko (eta euskararekiko) jarrerak landu, portaera berriak sortzeko urratsak eman eta hizkuntza lidergoa indartu zituzten.

Betiko ikastolako ikasleak 2019-2020 ikasturtean hasi ziren proiektuarekin, baina egoera kontuan izanik, aurtengo udaberrian jarraitu dute tailerrekin.

Formazio teorikoa atzean utzi, eta, martxoan, fase praktikoan sartu ziren ikasleak, beste hiru saioren bitartez. Bertan, beraien helburua izan zen aurreko hiru aldietan landutako oinarriei ikuspegi praktikoa ematea, eta, saio hartatik, egitasmoak (ekintza soziala) gauzatuko zituzten lantalde boluntarioak sortu ziren: 30 partaide ingurukoa San Nikolasen eta 13 Betikon. Hortaz, aurten hainbat ikasle EusLider aritu dira euren ikastetxean ekintza praktikoen bitartez euskararen erabilera eta normalizazioa bultatzeko asmoz.

Maiatza eta ekaina bitartean, ikasleak, Ahize-AEK-ko dinamizatzaileen laguntzaz, ekintza sozialaren diseinu eta antolaketan murgildu ziren, eta helburu gisa euskara bizipen gozagarriekin lotzea definitu zuten: hizkuntzaren inguruan giro gozagarria lortu gainerako ikasleen inplikazioa eta normalizazioa lortzeko. Bide horretan, San Nikolasen eta Betikon ekintza desberdinak diseinatu eta garatu dituzte.

Algortakoen kasuan, ikastolako gelen arteko lehiaketa planteatu zuten. Dinamikaren funtsa euskal mitologiarekin osatutako puzzle erraldoi bat osatzea zen, 18 piezatakoa konkretuki, eta puzzle hori ikastetxeko sarreran Photocall erara esekitzea, gerora bertan talde argazkiak atera ahal izateko. Puzzle horretako pieza bakoitzean pertsonaia mitologiko bat agertu behar zen, ausaz gela bakoitzari esleitu zitzaiona. Horrekin batera, EusLiderrek zegokien piezaren itxura eta neurriak zeintzuk ziren adierazten zuen ereduak banatu zizkieten. Gela bakoitzak (LH 5 eta 6; eta DBH 1, 2, 3 eta 4. mailetako guztiak) epe berbera izan zuten lana egiteko, ekainaren 7a, hain zuzen ere. Epe hori amaitu aurretik, eskulanen bitartez ahalik eta piezarik politena egin behar izan zuten, nahi zuten materiala erabiliz.

Arestian aipatu moduan, lehiaketa itxura izango zuen ekintzak, izan ere, ikasleek beraiek, gurasoek eta zenbait irakaslek aukeratu beharko zuten irabazlea, originaltasuna, edertasuna eta ahalegina kontuan baloratuz.

Leioakoen kasuan, aldiz, euskararen erabilerari astindua emateko lelo batean pentsatu zuten 4. DBHko ikasle boluntarioek, eta, horretarako, Euskaraz blai! leloa asmatu zuten. Lelo horrek bakoitzari zer adierazten dion galdetu zieten LH eta DBHko ikasleei, parte hartu nahi zuten guztiei marrazki edo esaldi baten bidez adierazteko gonbita eginez. Guztira 350 marrazki jaso zituzten ikasle EusLiderrek, eta irudi horiekin guztiekin ikastetxeko patioan Euskaraz blai! leloa jarri zuten mosaiko bat sortu zuten. Ondoren, marrazki horiek guztiak bildu eta koadernatu egin zituzten, ikastolan haien lanaren arrastoa uzteko asmoz. Lana burutu bitarteko prozesua ere jasota utzi dute bideotxo batean.

EusLiderrek aurrezarritako helburuak betetzeaz gain, proiektuak berak zituenak ere gainditu dituzte; horren bitartez euskarak beste bultzadatxo bat jaso du Uribe Kostan, ikastetxe bietako ikasleek erakutsitako hizkuntza lidergo eta jarrerari esker, eta egindako lan ederrarengatik.

Gora San Nikolaseko eta Betikoko EusLiderrak!

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun