Espediziorik gabeko urte baten ostean, Euskal Herriko zein diasporako 120 gaztek (jzioquitarrak) parte hartuko dute, hamar egunetako bi txandatan banatuta. Lehen txanda uztailaren 2an hasiko da eta 11n bukatu. Bigarrena, aldiz, uztailaren 16an hasi eta 25ean amaituko da. Ibiltaria izango ez den arren, gazteek Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute. Lehen txanda Sokoan eta Lekarozen gauzatuko da, uztailaren 6ra arte Sokoan, eta gero Lekarozen. Bigarren txandako gazteek, ordea, Bidania-Goiatzen eta Aulestin pasako dituzte beraien egunak.
Urtero bezala, Kike Amonarrizen eta Asisko Urmenetaren hitzaldi eta azalpenez gain, askotariko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, aktoreak, bertsolariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteakaz ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko.
Espediziora joateko aukera izan ez dutenek modu ezberdinetan abentura jarraitzeko aukera izango dute: sare sozialen bidez, @euskarabentura kontua jarraituta Facebook, Twitter eta Instagramen; internet bidez, euskarabentura.eus web orrialdean; eta EuskarAbentura-ren App-aren bidez. Plataforma horietara egunero-egunero igoko dira edukiak, argazkiak, bideoak, testigantzak…
Genero berdintasuna sustatze aldera eta konpromiso hori hartuta, emakumeen ahalduntzea bideratzeko eta desberdinkeriak ezabatzeko metodologia parte-hartzailea eta ardura banaketa parekidea gauzatuko dute. Eta hori bera proiektatuko dute jzioquitarrengan ere: rol tradizional hegemonikoen apurketa bilatuko dute jardueretan, horren inguruko hausnarketa sustatuko dute eta feminismoa ardatz izango duen mintegi bat ere proposatuko diete.