EuskarAbenturak berriz ere zeharkatu gura du Euskal Herria datorren urteko udan

Erredakzioa 2020ko abe. 22a, 13:58

Donostiako San Telmo museoan egin dute 2021 espedizioaren aurkezpena. ©EUSKARABENTURA

Osasun-egoerak bermatuz gero, 2021eko udan berriro egingo dute Euskal Herria zeharkatzen duen EuskarAbentura espedizioa. 2004 eta 2005 urteen artean jaiotako euskal gazteak esperientzia horretaz gozatzeko aukera izango dute, 2020ko edizioa bertan behera gelditu ondoren.

Donostiako San Telmo museoan egin duten aurkezpenean antolatzaileek aitortu dute oraindino ez dakitela % 100ean zein ibilbide edo zenbat gaztek ahalko duten parte hartu hurrengo EuskarAbenturan. "2021eko espedizioa unean uneko osasun egoeraren eta indarrean dauden arauen arabera antolatuko da. Uda hurbildu ahala egitasmoari buruzko informazio eguneratua argitaratuko da", adierazi dute.

Hala ere, aukeraketa prozesua hasi dute, eta, aurrekoetan bezala, parte hartu gura duten 16 eta 17 urtetako gazteek minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dute; elkarteak euskarabentura.eus webgunean proposatutako formatu eta gaien artean aukeratu beharko da. Bideo horiek aurkezteko epea martxoaren 12ra arte izango da, eta Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus fundazioakaz elkarlanean, 120 egile onenak aukeratu dituzte espedizioan parte hartzeko aukera izan dezaten.

2021ean bueltatzeko irrikan

Osasun-krisiak eragindako egoera dela eta, antolatzaileek bertan behera utzi behar izan zuten 2020ko espedizioa, parte-hartzeko izena eman zuten 316 gazteen penarako. Hala ere, neska-mutil horiek erakutsitako "jarrera aktiboa" baloratu guran, 2021eko ediziorako kontutan hartuko dituzte beraien hautagaitzak.

Aurtengo espedizioa ez egin arren, egitasmoari jarraipena eman diote EuskarAbentura 2.0 alternatibaren bidez. “Instagrametik erronka desberdinak proposatu genituen eta 60 gazte baino gehiago animatu ziren parte hartzera”, azaldu du Ane Pedruzo elkartekideak.

Hurrengo udara begira, esperientzia berdina eskaintzeko asmoagaz aukera ezberdinak aurreikusten ari direla jakinarazi du Pedruzok: "espedizioaren mugikortasuna murriztea, gazte kopurua edota jardueraren iraupena murriztea, adibidez, jende gutxiagoko ekintza laburragoak eginez... Gure azken helburua espedizioa egitea izango da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun