155 lagunek salatu dituzte eskualdean agertutako pintada faxistak Erandion

Erandioko elkarretaratzea. © LEIHOA.INFO

Iragan domekan eskualdean agertutako pintaketa faxista eta matxistak salatzeko 155 pertsona elkartu ziren atzo Erandion, "Gora Euskal Herria euskalduna, feminista eta antifaxista!" lemapean. Kontzentrazioaren amaieran irakurritako oharrean argi utzi zuten "margoketak egin, babestu, sustatu edota erlatibizatzen dituztenek aurrean edukiko gaituztela".

Atzoko elkarretaratzean salatu zutenez, "bestelako margoketa batzuekin ez bezala, ez ditugu ikusi irmotasun bereko erantzuna ematen", eta alderdi batzuek egindako deklarazioetan, "faxismoa seinalatu eta marra gorria ezarri beharrean, ezer gutxi esaten duten deklarazioak egin dituzte". Halaber, gaineratu zuten ez duela balio, "gurean eraso faxistak egonik, euskal hiztunon, emakumeon eta abertzaleon kontrako mehatxuak tarteko, ultraeskuina eta frankismoa babesten dituen alderdi batekin batera ezer ez dioten deklarazioak sinatzeak".

Horrez gainera, Erandioko kiroldegian agertutako pintada "bereziki arduratzen" dituztela adierazi zuten, "emakumeon kontrako eraso zuzenak, bortxaketa arma politiko gisa erabiltzeko mehatxua zehazki, larritasun handiko kontua baita". Egoera horrek, "batzuei ahoa parekidetasuna gisako hitzez betetzen bazaie ere, hemen ezer ez dagoela irabazita eta borrokarik gabe merezi dugun Euskal Herria parekide eta feminista ez dugula lortuko argi erakusten du", bildutakoen arabera. Hori dela eta, "gaur bezala edozein egunetan ere matxismoa eta faxismoa seinalatu eta salatzera, espaziorik ez ematera, eta bereziki egunerokoan Euskal Herria feminista bat eraikitzen jarraitzera" deitu zituzten bildutakoak.

Halaber, mugimendu euskaltzalea ere "jo puntuan jarri dutela" nabarmendu zuten kontzentrazioan, Getxoko AEKren Lauaxeta euskaltegian ere pintada faxista bat egin baitzuten. Horren harira, esan zutenez, "tristea da, 36ko altxamendu faxista igaro eta 85 urtera, oraindik hiztun komunitatearen kontrako erasoak jasaten jarraitzea, batzuek mapatik desagerrarazi nahi izatea, gure herriaren izatea bera ukatu eta abertzaleak fusilatzeko mehatxuak egon" izana.

Frankistak arbuiatzeaz gainera, jarrera horiek elikatzen dituztenak salatu zituzten mobilizazioan: "Euskararen kontrako giroa sortzen duen oro, euskal hiztunon kontrako intolerantzia elikatzen duen oro eta gu bigarren mailako herritar bezala tratatzea horrelako jarrerak elikatzen baititu".

Pintada faxistetan jo puntuan jarritako emakumeak, disidente sexualak, gazteak, arrazializatuak, pobreak eta euskaldunak batzeko deia ere egin zuten, "banan-banan mendera gaitzakete, elkarrekin ziur ezetz", esanez.

Atzo irakurritako oharra, osorik

Hemen bildu gara ozen esateko: Gora Euskal Herria euskalduna, feminista eta antifaxista! Jakin dezaten, bai margoketa hauek egin dituztenek, baita margoketa hauek babestu ere, sustatu edota erlatibizatzen dituztenek, aurrean edukiko gaituztela. Gurean ez zarete ongi etorriak.

Gu hemen gaude, Erandion, Astrabuduan, ltzubaltzetan, Lamiakon eta Algortan agertutako mezuen larritasunak erantzun irmoa behar zuela uste izan dugulako. Baina, bestelako margoketa batzuekin ez bezala, ez ditugu ikusi irmotasun bereko erantzuna ematen beste batzuk. Alderdi batzuek egindako deklarazioetan, faxismoa seinalatu eta marra gorria ezarri beharrean, ezer gutxi esaten duten deklarazioak egin dituzte. Alderdi horiei argi esan nahi diegu: ez du balio, gurean eraso faxistak egonik, euskal hiztunon, emakumeon eta abertzaleon kontrako mehatxuak tarteko, ultraeskuina eta frankismoa babesten dituen alderdi batekin batera ezer ez dioten deklarazioak sinatzeak. Faxismoak aurpegi ugari ditu, hasi Marototik eta bukatu margoketa hauetan. Bata epelki salatzea bestea babesten den bitartean, faxismoa elikatzeko modu onena da.

Uribe Kostan agertutako margoketa guztiak salatzen ditugu, baina mugimendu feministaren izenean, bereziki arduratzen gaitu Erandioko polikiroldegian agertutakoak. Emakumeon kontrako mehatxu zuzenak, bortxaketa arma politiko gisa erabiltzeko mehatxua zehazki, larritasun handiko kontua da. Eta argi erakusten du batzuei ahoa parekidetasuna gisako hitzez betetzen bazaie ere, hemen ezer ez dagoela irabazita, eta borrokarik gabe ez dugula lortuko merezi dugun Euskal herri parekide eta feminista. Non daude zenbait arduradun politikoren deklarazioak? Non salaketa gogorrak? Akaso kasu honek ez ditu arduratzen?

Feministok argi dugu, intolerantziaren aurkako_txerto eraginkorrena gurea da, borroka feminista, borroka antifaxista. Dei egiten dizuegu, gaur bezala edozein egunetan ere matxismoa eta faxismoa seinalatu eta salatzera, espaziorik ez ematera. Eta batez ere dei egiten dizuegu egunerokoan Euskal Herria Feminista bat eraikitzen jarraitzera. Gora borroka feminista !

Mugimendua euskaltzalea ere jo puntuan jarri dute oraingoan. Lehenik eta behin, babesa adierazi nahi diegu AEKren Getxoko Lauaxeta euskaltegiko kide guztiei, irakasle zein ikasle, gaur eguneko zein gandik pasatako denei. Besarkada bero bat, animo! Nahi ez badute ere, jarraituko dugu euskaldunon eskubideak defendatzen.

Tristea da, 36ko altxamendu faxista igaro eta 85 urtera, oraindik ere gure hiztun komunitatearen kontrako erasoak jasaten jarraitzea. Tristea da, batzuek mapatik desagerrarazi nahi izatea. Gure herriaren izatea bera ukatu, eta abertzaleak fusilatzeko mehatxuak egon ziren igandean, 2021. Urtean. Faxismoa ez delako inoiz joan, eta utziz gero, indartu egiten delako.

Baina gaurkoan, frankistak arbuiatzeaz gain, ez ditugu aipatu gabe utzi nahi, gure ustez jarrera hauek elikatzen dituzten beste batzuk. Izan ere, euskararen kontrako giroa sortzen duen oro, euskal hiztunon kontrako intolerantzia elikatzen duen oro, hauxe bera dabil elikatzen. Gure hizkuntz eskubideen kontrako erasoak herritar ororen kontrako eraso dira. Eta gu bigarren mailako herritar bezala tratatzeak, horrelako jarrerak elikatu, puztu eta bide ematen die. Zuena ere bada ardura.

Euskalduna bigarren mailako herritar gisa irudikatzen gaituzte. Berdin emakumeak, disidente sexualak, gazteak, arrazializatuak, pobreak… Banan banan agian mendera gaitzakete, elkarrekin ziur ezetz. Faxismoaren aurrean batasuna, aniztasuna, pluralitatea dira arma onenak. Faxismoari euskaraz egiten zaio aurre. Gora Euskal Herria euskalduna!

Erlazionatuak

Leioa, Erandio eta Getxon agertutako pintaketa faxistak salatzeko elkarretaratzea egingo dute martitzenean Erandion

Atzo, uztailaren 18an, 36ko Espainiako altxamendu faxista goraipatzeko eta mugimendu abertzalearen zien euskaltzalearen kontrako hainbat pintada ag...
Eskualdeko hainbat txokotan margoketa faxistak agertu direla salatu dute

Gaur, uztailaren 18an, 36ko altxamendu faxista goraipatzeko eta mugimendu abertzalearen kontrako hainbat pintada agertu dira Uribe Kostako hainbat ...

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun