Asteburuan, Plentziako hondartzan, 17 urteko adingabe batek jasandako sexu-erasoa salatzeko bigarrenez elkarretaratzea egin zuten atzo, astelehenean, ehunka herritarrek hiribilduko Ontziola plazan. Abuztuaren 30ean egindako bilkuran, Udaleko alderdi politikoek eta berdintasunaren alde egiten duten Araldi eta Sorginen Alabak elkarte feministek adostutako adierazpen bateratua irakurri zuten, herritarren "haserrea eta amorrua" adierazteko. Horregaz batera, "erasotzaileak toki guztietan soberan" daudela azpimarratu eta "indarkeria matxistarik gabeko herri librea" gura dutela aldarrikatu zuten.
"Pandemia bat sufritzen ari da mundua. Baina koronabirusarena ez da pandemia bakarra. Indarkeria matxistari gizarte moduan egin behar diogu aurre, egunero eragiten dituelako biktimak, iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera. Eta pandemia honen kontra ez dago txertorik. Gizarte bezala erantzun irmoa emanda soilik amaitu daiteke matxismoaren, heteropatriarkatuaren eta ezberdintasunen birusarekin", aditzera eman zuten.
Nabarmendu zutenez, "guztion ardura da espazio libre eta seguruak sortzea gu guztiontzat, jai eremuan, bai jai eremu ez direnetan".
Bestalde, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak ez du adierazpenik adostu, eta iragarri dute elkarretaratze bi egingo dituztela, biktima udalerri horretakoa baita. Lehendabizi, 12:00etan, Getxoko udaletxean elkartuko dira, eta, ondoren, Getxoko Mugimendu Feministak mobilizazioa deitu du Telletxen, 20:00etarako.
Horietaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak ere bat egin zuen eraso horren aurkako gaitzespen ekitaldiakaz, eta zera adierazi zuen: "Herritar guztiek horrelako erasoak arbuiatzea funtsezkoa da ekintza horiek egiten dituztenen isolamendu soziala indartzeko. Beharrezkoa da irmotasunez gogoratzea emakumeek espazio publikoaz gozatzeko eskubidea dutela, gizonezkoek bezala, baina uneak, egoerak edo giroak ezin dute justifikatu haien osotasun fisiko eta sexualerako eskubidea zalantzan jartzea".
Bien bitartean, Ertzaintzak gertatutakoa ikertzen jarraitzen du, eta ustezko hiru erasotzaileen bila ari da.