Urtero legez, aurten ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Europar Batasuneko eta bere kide diren estatuen gobernuen politika migratzaileak salatu dituzte "Itsasoak dakarkiguna" ekimenaren bitartez. Deitoratu dutenez, politika horiek gerrak, baliabideen ustiatze eta arpilatzea, goseteak eta muturreko pobrezia sortzen dituzte, "eta ondorio horiek migrazio-prozesuen jatorrian dute".
Dozenaka lagunek parte hartu dute gaurko mobilizazioan, zapi eta banderola horiz lagunduta. "Ez dugu geldirik egon nahi moralik gabeko neurri ankerren multzo horren aurrean", aldarrikatu dute.
Amaiera eman dio @oeebizkaia taldeak gaurko ekimenari, Algortako Portu Zaharrean.
— Iker Rincon (@irincon_) September 19, 2021
Ekintza horrekin, duela hilabete bat Plentzia-Gorlizen egindako "Marea horia" ekimena osatu dute.@HirukaEus pic.twitter.com/QSvblaRULr
Ereaga hondartzan hasi dute mobilizazioa, itsasoetan hildako migratzaile guztiak oroitzeko asmoz. Bertan, 10 minutu egon ondoren, bidezaintzako lege- eta segurtasun-bideak eta haien eskubideak bermatzea eskatu dute, harrera-lekuetan eta -lurraldeetan, baita gurean ere. "Alde horretatik, ezin dugu aipatu gabe utzi Afganistango egungo egoera. Europako gobernuek eta gureek harrera- eta asilo-politikak aplikatu behar dituzte beren erantzukizunekin eta giza eskubideen errespetuarekin bat etorriz", gogoratu dute.
Horrez gainera, herrialdeen arteko mugetako "nekropolitika" gaitzetsi dute, Irun-Hendaiakoa nabarmenduta. Halaber, bizitzaren aurkako gerran oinarrituriko migrazio-eredua salatu dute, baita pertsona migratzaileen esplotazioa, tratu txarrak, abusuak eta indarkeria arrazista "globala eta instituzionala" ere.
Martxa hasiko dute orain, hondartzatik Portu Zaharrera.@HirukaEus @oeebizkaia pic.twitter.com/18dvjFjYPf
— Iker Rincon (@irincon_) September 19, 2021
Horren aurrean, migrazio-politika duin eta eraginkorrak exijitu dituzte, "Atzerritarrei buruzko Legea kentzeko eta 'Erregularizazioa orain' aldarrikapenei erantzungo dizkietenak".
Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote harrera-plan duin eta eraginkor bat gara dezala, "giza eskubideak errespetatzen dituena, ekonomikoki ondo hornitua eta udalekin eta foru aldundiekin koordinatuta". Horregaz batera, Europar Batasuneko beste lurralde batzuetarako migrazio-prozesuan, inguruotako herri eta lurrak zeharkatzen dituzten gizon-emakumeei "etengabeko arreta" emateko "benetako programa bat" behar dela aldarrikatu dute.