Emokik adimen emozionala, teknologia berrien eragina eta sexu-heziketagaz lotuta dagoen formakuntza eta aholkularitza eskaintzen die udalei edo ikastetxeei, besteak beste. Uribe Kostan, Getxon eta Leioan egon dira, internet, sare sozialen eta bideo-jokoen menpekotasunerako prebentzioa eta heziketa emozionalaren inguruko tailerrak eskaintzen.
Nolakoa da egiten duzuen lana?
Gure lana hiru ardatzetan dago oinarrituta: teknologiaren eragina pertsonengan, adimen emozionalaren garrantzia eta sexualitatea. Azken finean, ikusi dugu pertsonengan garrantzia edo eragin handia duten hiru hanka direla, eta, batez ere, ikasle, irakasle eta gurasoekin lan egiten dugunean elementu horiek beti presente egon ohi direla.
Nolako metodologiak edo tresnak erabiltzen dituzue?
Guk, batez ere, metodologia aktiboak erabiltzen ditugu, non taldea den tailerra edo formakuntza eramango duena, orokorrean. Saiatzen gara emozioak eta motibazioa ukitzen, pertsonek hausnarketa egitea bilatzen dugulako.
Beraz, zuen lana gazteen garapenean dago oinarrituta?
Bai, guk Lehen Hezkuntzatik aurrera egiten dugu lan; izan ere, gurasoek kezka handiak izan dituzte, adibidez, beraien seme-alabei mugikor bat ematen dietenean ez dakitelako horrek nola eragingo dien. Tablet edo telefono bat erabiltzen hasten diren unetik, beraiekin lanean hasi beharra dago. Gainera, gurasoek ere hausnartu behar dute beraien seme-alabei nolako esposizioa egin nahi dieten, konturatzeko umeentzako probatutasuna zer den; askotan ez gara arriskuez jabetzen, arazoan guztiz sartuta gauden unera arte. Beraz, umeei mugikorra ematen zaien unetik, hori erabiltzen erakutsi behar zaie, egoera kaltegarriok saihesteko. Guk gurasoekin ere lanketa hori egiten dugu, asko arduratzen baitie horrek etorkizunean nola eragingo dien eta ez dakitelako nola jokatu behar duten egoera jakin batzuetan.
Nolakoak izaten dira ezjakintasun horien inguruan sortzen diren arazoak?
Ordu asko pasatzen dituzte pantailen aurrean, eta, horrek, frustrazioan eta asperduran eragina dauka. Ez dakigunean zer egin, pantaila bat ematen badiegu, kaltea handia izan daiteke, baldin eta ez badakigu hori nola kudeatu. Beste gauza askorekin gerta daiteke hori bera, baina pantaila batekin ez da gertatzen liburu batekin gertatzen dena, horrek askoz ere eragin handiagoa daukalako umeengan. Bazkaltzeko mugikorra jartzen badiot, eta horrekin konformatzen banaiz, orduan, beti behar izango du mugikorra bazkaltzeko. Baina, pentsatu behar dugu guk ere zer nolako eredua ematen diegun. Gure irizpide osasungarriak eman nahi badizkiegu heldu bezala, guk ere hala egin beharko dugu. Adibidez, uneoro umeari argazkiak ateratzen badizkiot, umeak ikasiko du bere burua erakustea normala dela. Hori orekatzea oso zaila da denok gaudelako sare sozialen zurrunbilo horretan sartuta; beraz, hausnarketa propioa egitea oso garrantzitsua da.
"Gazteek ordu asko pasatzen dituzte pantailen aurrean, eta, horrek, frustrazioan eta asperduran eragina du"
Uste duzu lanketa hori eskoletatik edo gurasoetatik hasi behar dela?
Agente guztiek egin behar duten gauza bat da. Ume eta gazteak garatuko dira beraien inguru osoaren arabera, ez bakarrik etxean egiten dutenaren arabera. Hala ere, suposatzen da etxean egingo dela oinarrizko lanketa bat, eta, hortik, gainerako esparruetara hedatuko dela. Irakasleak ere, heldu bezala, eredua izan behar dute beraientzako.
Pandemiak ere problematika horiei eragin die?
Bai, azken finean, gailuen erabilera asko areagotu egin da etxeratuta egon garenean; askok konfinamenduan mugikorra jaso zuten lehen aldiz, gurasoek ez zekitelako oso ondo zer egin. Horietatik, gehienak mugikorrarekin geratu dira gerora, eta haien sozializazioa hortik hedatu da. Batzuek irizpideak izan dituzte, eta arautu dute erabilera. Hala ere, nortasuna garatzen ari diren gazte asko etxean egon dira, beraien garapenean askatasun gehien behar duten unean, haien berdinekin egon behar dutenean, hain zuzen ere. Horren eraginez, gazteen artean askoz ere antsietate eta depresio koadro gehiago ari dira ikusten. Ezin dugu ahaztu askok bakarrik behar dutena dela galdetzea ea nola dauden; azkenean, garrantzitsuena da ikustea nola sentitzen diren, eta dituzten behar emozionalei erantzutea.
Sexualitatearen inguruan, gurasoei nola gomendatzen diezue arlo hori lantzea?
Oso garrantzitsua da sexualitatea ulertzea, benetan nortzuk garen definitzen duen zerbait delako. Azkenean, sexualitatea ez da bakarrik erotika; identitatea ere bada. Beste pertsona batzuk errespetuz tratatzea eta orientazioak ulertzea ere da sexualitatea. Hori etengabe lantzen dugu, askotan ahaztu egiten delako sexualitatea hori ere dela, eta ez bakarrik erotika edo genitalak. Etxean, normalean, ez da galdera magiakoa etorriko umeen aldetik; inork ez die galdetuko bere gurasoei zer gertatzen ari den bideo pornografiko batean. Baina gure buruarekin harreman osasuntsua eta auto-zaintza landua badut, eta horretan lagundu badidate, hori ulertzea errazagoa izango da nire garapenean. Haien gorputzaz jabetzea errespetuarekin eta ulertuz nortzuk diren, hain zuzen ere. Azken finean, umeek sexualitatea pornografiarekin lotzen dute, jendartean ere oraindik lanketa bat egin behar delako, sexualitatea zuzenean penetrazioarekin lotzen baita. Gauza asko daude hor aldatzeko, eta umeei lagundu eta babestu behar zaie, baina beraien bidea egiten irakatsita. Identitatea garatzeko prozesuan etxeko fokua oso garrantzitsua da.