Itsasadarraren azpiko tunelaren kontrako bizikleta-martxa egin dute Uribe Kostatik Portugaletera

Iker Rincon Moreno 2021ko urr. 26a, 09:53

Mugikortasun iraunkorrerako politikak sustatzeko bizikleta-martxa egin zuten dozenaka lagunek joan den domekan, hilaren 24an: "Oinez, bizikletaz eta garraio publikoz egindako joan-etorriak lehenetsi behar dira, alferrikako desplazamenduak murriztuz, errepideen beharra ez areagotzeko".

Datorren azaroaren 1etik 12ra bitartean, munduko agintariak COP 26 gisa ezaguna den Klima Aldaketari Buruzko Nazio Batuen organo gorenean batuko dira. Horren aurrean, Bizkaiko hainbat sektoretako taldeak erantzunak antolatzen ari direla jakinarazi dute, "klima larrialdiak borroka globala izanik ere tokian tokiko erantzunak behar dituelako". Hala, COP 26 Aldaketaldia egitasmoaren baitan, eskualdez eskualde, klima larrialdiaren kausak areagotzen dituzten enpresa eta gobernuak salatzeko, agintariei benetako aldaketak eskatzeko eta bestelako gizarte eredu baten alde antolatzeko bideari ekin diote talde ekologistek.

Ekologistek deitoratu dutenez, garaiotan, Bizkaiko Foru Aldundiak "logika garatzaile desfasatu batean" jarraitzen du, "garraio pribatua lehenetsiz irtenbide jasangarrien ordez". Ildo horretan, gogoratu dute garraio-sektorea dela negutegi-efektua eragiten duten gasen % 32ren emisioen arduraduna, IHOBEk emandako datuen arabera. "Emisio horien zati handiena (% 96) errepideko garraioari dago lotua dago, eta turismoek, zehazki, horren % 60a sortzen dituzte", zehaztu dute.

Hori dela eta, pobrezia eta gizarte-arrakala handitzen ari den garaiotan, Aldaketaldiakoek uste dute "onartezina" dela Aldundiak 400 milioi euro "xahutu gura izatea eta hau neurri ekologiko bezala aurkeztu gura izatea Next Generation diru-laguntzen bidez". Are gehiago, salatu dute diru-laguntzok klima-aldaketan "erantzukizun handia" duten enpresek jasoko dituztela.

Zentzu horretan, itsasadarraren azpiko tunela egiteko proiektua mahai-gainean jarri dute ekologistek, "garraio pribatuaren alde egiteko ez ezik, Bizkaiko kostaldearen urbanizazioarekin jarraitzeko urrats bat gehiago dena".

Hori salatzeko, eta mugikortasun iraunkorrerako politikak sustatzea aldarrikatzeko, bizikleta-martxa egin zuten joan den domekan, hilaren 24an, Areetatik Portugaletera, tartean Bilbotik igarota. "Izan ere, diru hori obra antiekologiko, faraoniko eta kaltegarrietara bideratzen den bitartean ez da beste proiektu beharrezkoagoetara bideratuko, ez da garraio publikoa indartzera bideratuko, adibidez: Uribe Kosta eta Txorierriren arteko tren lotura edo metro bidaien prezioa merkatzera edo autobusen maiztasunen handitzera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun