Pandemiaren eraginez ezarritako mugikortasun-mugek ez dituzte zapatuko Aldaketandiaren ekimenak geldiarazi. Hainbat erakunde sozialek deituta, EAEko herri askotan ekintzak egin dituzte, ekologikoki eta ekonomikoki jasangarriagoa den garapen bidezko baten alde.
Gure eskualdean, Berangon, Getxon, Sopelan eta Erandion egin zituzten ekintzak zapatuan. Sukar Horia, GuNek eta Azkorri Bizirik deituta, 80 lagun baino gehiagok itsasadar azpiko autobidea ez egiteko eskatu zuten; horren ordez, "proiektu faraoniko eta antiekologikoen" aurrean, garraio publikoa eta bizikleta bultzatzeko eskaera egin zuten. Ildo berean, Sopelako Bareñon, hipermerkatuaren kontrako plataformak deituta, hainbat herritar batu ziren udaletxe aurrean. Deitoratu zutenez, proiektu horrek kotxe pribatuen erabilera sustatu, herria zatitu eta ondare arkeologikoaren suntsipena eragingo ditu, besteak beste.
Erandion ere kutsaduraren aurkako mobilizazioak egin zituzten, Auzokoa Herrikoi Elkartea eta Herri Bideak Kate Barik elkarteek deituta. Erandioztarrek auzoetan zehar ibilaldia egin zuten Altzagaraino, eta, bertan, manifestu bat irakurri eta banderolen bidez giza-kate bat osatu zuten.
Berangon, aldiz, Berango Lurraren Defentsan elkarteak deia egin zuen Otxabene ingurua zaborrez garbitzeko, berdeguneak defendatzeko errebindikazioa ere eginez.