Gaur, azaroaren 15ean Abadiñon egin den Bizkaiko bertsolari gazteen lehiaketako finalaurreko saioan, Uribe Kostako taldeak eskuratu du finalerako pasea, Uribe Butroe taldeari gailendu ostean. June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago 18 urtez azpikoen ordezkariak izan dira, eta 19 eta 25 urte bitartekoak izan dira Mikel Arrate, Oihan Diaz eta Paul Irastorza.
Gaurko saioko aurkezlea Ander Aldazabal izan da eta epaimahaia osatu dute Beñat Romerok, Leire Etxebarriak eta Miriam Juaristik. Idazkari lanetan Idoia Anzorandiak jardun du. Bertsolari Gazteen XXIX. BBK sarietako finala azaroaren 29an egingo da Bilboko BBK Aretoan.