Azaroak 25

Uribe Kostako Emakumeen Topaketa egingo dute zapatuan Urdulizen

Erredakzioa 2021ko aza. 18a, 16:20

Izurriteak eragindako geldialdiaren ostean, bueltan da Uribe Kostako Emakumeen Topaketa. Emakumeen Kontseiluak eta Uribe Kostako Mankomunitateak pandemiak emakumeengan izan duen eragina azpimarratuko dute topaketen XII. edizio honetan. Ekitaldia zapatuan izango da, 10:00etatik aurrera Urdulizko Kultur Etxean. Bertan, Nerea Barjola feminismo eta genero doktoreak parte hartuko du, eta gizarteak jasaten dituen indarkerien inguruan arituko da.

Uribe Kostako Emakumeen Kontseiluak, eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearekin elkarlanean, Uribe Kostako Emakumeen Topaketen XII. edizioa antolatuko du zapatuan, azaroaren 20an. Mankomunitateko iturriek jakinarazi dutenez, hitzordua daborduko finkatuta dago eskualdeko jardueren egutegian, baina COVID-19ak sortutako krisiak eragindako urtebeteko geldialdiaren ostean, inoiz baino indar handiagoz ekingo diote jarduerari.

Beraz, azpimarratu dute oso edizio berezia izango dela, pandemiak emakumeengan izan duen eragina ardatz izango duena. Izurrite honek areagotu egin du gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna, eta are gehiago larritu du genero-arrakala. Birusa agertu zenetik, pandemiak kilo gehiago gehitu dizkie emakumeek bizkar gainean zituzten motxila astunei, koronabirusaren ondorio sozial eta ekonomikoak larritasun handiagoz pairatzen ari baitira, besteak beste, jardunaldian indarkeria jasaten duten eta erasotzaileakaz konfinamendua igaro duten emakumeen gaia nabarmenduko dute.

Urdulizko Kultur Etxean, 10.00etan hasiko den ekitaldian Javier Bilbao Urdulizko alkatea, Josu Landaluze Uribe Kostako Mankomunitateko Presidentea eta Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Zuzendari Orokorra izango dira, eskualdeko beste erakundeetako eta udal ordezkarien artean.

Uribe Kostako Emakumeen Kontseiluko ordezkariek irekiko dute programa manifestu baten irakurketagaz. Ondoren, erakundeetako arduradunen hitzaldien ostean, Nerea Barjola feminismo eta genero doktoreak hartuko du hitza. Topaketaren berbaldi nagusia izango da, gizarteek jasaten dituzten indarkeriei buruzkoa, hain zuzen ere. Horren ondoren, Barjolak azaldutako gaiei buruzko eztabaida egingo dute. Bukatzeko, Gurutze Beitia aktoreak umore ukitua jarriko du jardunaldia ixteko.

Uribe Kostako emakumeen elkarte eta kolektiboen urteroko lanari amaiera emateko balioko duen topaketa dela azaldu dute, beraz, eta Mankomunitateak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako jarduera-programaren barruan kokatu dute.

Aurreko edizioetan bezala, ekimenak Emakunderen eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Sailaren babesa du. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Bestalde, ekitaldian COVID-19aren aurkako osasun-neurriak hartuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun