Elkarrizketak

Olentzero: "Gabonetako tradizioei eutsi nahi diegu, bizitzea egokitzen zaigun egoera gogorra izan arren"

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 29a, 07:26

Olentzero bideo-dei bat egiten. © OLENTZERO ONLINE

Gabonak ate joka ditugu eta, aurtengoa ere egoera ezohikoa izango dela aurreikusita, etxeko txikienen ilusioa piztu eta gordetzeko ekimena abiatu dute berriro ere eskualdeko hiru lagunek. Olentzero Online izeneko ekimenak neska-mutil txikienei mezu pertsonalizatuak eskaintzen ditu, eta horiek eskatzeko epea abenduaren 13ra arte egongo da zabalik. Olentzerok berak azaldu dizkigu egitasmo horren nondik norakoak.

Nondik dator mota honetako proiektu bat egitearen ideia?

Iaz oso gabon zailak aurreikusi ziren pandemiaren ondorioz. Txikiek ez zuten kabalgaten ilusio hori izango, Olentzerorekin egotea, bere senideak ikustea... Lagun batek Olentzeroz mozorrotzea proposatu zidan semeari bideo bat grabatzeko, eta hortik sortu zen proiektu hau.

Olentzero Online-ren atzean gauden 3 pertsonak seme-alabak ditugu, eta haurrei magia eta ilusio pixka bat eramateko aukera eman nahi genien. Eta lortu genuen! Iaz 300 txikik baino gehiagok jaso zituzten gure mezuak.

Aurten berriro eskainiko dugu zerbitzua, hala eskatu digutelako. Familia askok idatzi ziguten mezu eta bideo-deiengatik eskerrak emateko. Bere txikiek asko flipatu zuten, eta errepikatu nahi dute. Beraz, berriro antolatu dugu etxeko txikienei magia eta ilusioa eramateko.

Zertan datza Olentzero Online ekimena?

Haurrentzako mezu pertsonalizatuen zerbitzua da. Mezu grabatua edo bideo-deia zuzenean eskaintzen ditugu. Gurasoek formulario bat betetzen dute umearen datu guztiekin: izena, adina, zer jostailu eskatu dituen, anekdotak etxean edo eskolan...

Informazio horrekin, bideo-deia edo mezua prestatzen dugu, munduko maitasun guztiarekin, haurrek sekulako ezustekoa har dezaten.

Pentsa ezazu guk ere baditugula seme-alabak, eta guretzat oso garrantzitsua da haurrak zoriontsuak izatea eta Gabonetako tradizioei eustea, bizitzea egokitzen zaigun egoera gogorra izan arren.

Horretan parte hartzeko, partehartzaileek kuota bat ordaindu beharko dute. Zer egingo duzue diru horregaz?

Bai, eskaera bakoitzeko prezioa 15 eurokoa da. Horrela, webgunea, dekoratuak eta postprodukzioaren gastuak ordaintzen ditugu, eta, gainera, irabazien % 20 Gurutze Gorriari ematen diogu.

Zer egin behar da horretan parte hartzeko?

Enkargua egiteko, www.olentzeroonline.com helbidean sartu behar da. Badira erosteko 2 aukerak: bideo-deia aukeratzen baduzu, haurraren datuak dituen formularioaz gain, une horretan eskuragarri dauden hitzorduak jasotzen dituen egutegi bat agertuko da. Mezu pertsonalizatuetarako, formulario bera betetzen da.

Azaroan ia 100 mezu pertsonalizatu enkargatu dizkigute, eta bideo-deietarako hitzordu libreak agortzen ari dira. Harrituta eta eskertuta gaude aurten izan duen harrera onagatik.

Aurten ez da lehenengo aldia egingo duzuena...

Ez, iaz abiarazi genuen zerbitzua. Badirudi aurten murrizketak datozela. Txikiak ezin dira magia eta ilusiorik gabe geratu. Beraz, gu gure lanekin eta familiekin antolatu gara Olentzero Online ekimenaren edizio berria abian jartzeko.

Iaz, txikien bideoak bidali zizkiguten gure mezuak ikusiz, eta haiek bezain pozik ikusi genituen.

Zer-zelako balorazioa egiten diozu egindakoari?

Gure balorazioa oso positiboa da. Gure erronka haurrak zoriontsu egitea izan zen, eta lortu genuen. Gure motibazioa da aurten zerbitzua berriro martxan jartzeko. Iazko esperientzia daukagu, eta dena prest dugu aurten bezain ondo edo hobeto egiteko.

Horrela antolatzen gara. Mari Domingik kudeatzen ditu eskaerak, eta eskaera bakoitzaren fitxak egiten ditu, txiki bakoitzaren datuekin. Dena prestatzen digu, gero Olentzerok fitxa horiek ikas ditzan eta mezuak grabatu edo bideo-deiak zuzenean egin ditzan. Gure galtzagorria grabazioaren eta postprodukzioaren alde teknikoaz arduratzen da mezu politak jartzeko.

Eta horrela, hiruron artean eta gurasoen laguntzarekin, txikiak zoriontsu egiten jarraitzen dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun