Europar Batasunaren COVID Ziurtagiri Digitala (QR) aurkeztea derrigorrezkoa izango da eremu itxi gehiagotara sartzeko, gaurtik aurrera. Horregaz batera, nortasuna egiaztatzen duen balizko agiria ere erakutsi beharko da, hala nola NAN, pasaportea edo gidabaimena. Arau horretatik salbuetsita egongo dira 12 urtetik beherako umeak.
Zehazki, lehendakariaren dekretu berriaren arabera, COVID ziurtagiria beharko da honako eremuetara sartzeko:
- Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo gaitutako beste espazio itxi batzuk, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura eta arte-ekitaldiak egiten direnean.
- Ostalaritza-establezimenduak eta jatetxeak, baita oturuntza-aretoak ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.
- Kiroldegiak, gimnasioak eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten den bestelako barne-espazioak, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.
- Kirol-instalazio itxiak, hala nola estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarrera kontrolatzeko sistema bategaz (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak, eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.
- Ospitaleak, zentro soziosanitarioak eta espetxeak: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.
Uribe Kostan, besteak beste, Getxoko Udalak adierazi du Kultur Etxeak antolatzen dituen ekitaldietara sartzeko ziurtagiria eskatzen hasiko direla gune hauetan: Muxikebarri, Romo kultur etxeko areto nagusia, Villamonteko kultur etxeko erabilera anitzeko aretoak eta Areetako Andrés Isasi musika eskolako entzunaretoa.
Sopelan, aste-akabu honetan, abenduaren 17, 18 eta 19an, egingo dituzten jarduerak ere Kurtzio Kultur Etxera mugitu dituzte, eta bertaratzen direnek COVID ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Berangoko Udalak ere jakinarazi du herriko antzoki, kirol-gune, pilotaleku taberna eta toki itxietara sartzeko ziurtagiria eskatuko dutela.
Lehendakariaren dekretuan aurreikusitako neurriak urtarrilaren 31ra arte egongo dira indarrean, beti ere, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 300 kasutik beherakoa bada. Halere, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dute pandemiaren bilakaeraren arabera, dekretua luzatu, aldatu edo baliogabetzea erabakiko dutela.