Mundukatuak

Mirza Zaldivar: "Erlijioak eta familiak garrantzi handia du garaiotan"

Iker Rincon Moreno 2021ko abe. 28a, 12:20

Abendua eta urtarrila artean, urtearen amaieragaz, Gabonak ditugu hemen: tripa-festak, familia zein lagun artean; elizkizunak, opariak eta jaia. Munduko beste leku askotan ere garaiok ospatzen dituzte, baina, zelan? Hona hemen Honduraseko Mirza Zaldivarrek gogoan izan eta kontatu diguna.

Erlijioak eta familiak berebiziko garrantzia du Hondurasen, Gabonetako garaian batez ere. Gabon-kantak kalez kale entzuteaz gainera, Jesusen jaiotzak edonon ikus daitezke han, eta oso ohikoa da jendearen muntaketak egitea eta horien inguruan jan-edana konpartitzea. Izan ere, berton bezala, asko eta asko jan ohi da garaiotan han, "kantitate industrialetan", diosku Mirza Zaldivarrek; "aurreko egunetan, gau eta egun ematen dugu janariak prestatzen, familia eta lagun asko batu egiten garelako". Ohikoena txerri edo oilaskodun nacatamalak dira, platanoen orrietan bilduta, baita arto gozoen monturak ere, besteak beste. Edatekoari dagokionez, alkoholdun zein alkoholik gabeko askotarikoak dastatzen dituzte, hala nola rompopoa eta pontxea.

Berton bezala, abenduaren 24an eta 31n afariak egiten dituzte, eta, azken gau horretan, bolanderaz betetako panpina bati su ematen diote urtearen amaierako azkenengo kanpai-hotsaren aurretik.

Opariei dagokienez, Zaldivarrek akorduan du umeen ilusiorik handiena dela arropa berria erostea garaiotan, "eta hori estreinatzea, nola ez". Bestalde, familiaren ekonomiaren arabera, ohikoa izaten da ere opariren bat edo beste ematea etxeko txikienei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun