Urtarrilaren 29an manifestazioak egingo ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean, eta lehenengora joateko deialdia zabaldu duzue Uribe Kostatik. Zer aldarrikatu gura duzue mobilizazio horregaz?
Azken urteetan langileriaren bizi-baldintzak era nabarmenean kaskartzen ari direla ikusi dugu, gero eta pobreagoak baikara eta gero eta eskubide gutxiago baititugu. Horren erantzuleak, bankari zein enpresari handiak dira, gizartearen beharrak asetzea baino, beraien aberastasuna handitzen jarraitzea delako euren helburu bakarra. Ezin aipatu gabe utzi, politikari profesionalek duten erantzukizuna, haiei men egin eta egoera hau guztiz onartu dutelako.
Hitz gutxitan esanda, urtarrilaren 29an bankari eta enpresari handien ofentsibaren zein politikari profesionalen fartsaren aurka mobilizatuko gara, eta egoera horri erantzuna emanez azken garaiotan inoiz baino urgentzia handiagoa hartzen duen antolatzeko premia aldarrikatuko dugu.
Horretarako, hainbat ekimen gauzatu dituzue egunotan eskualdean. Zer egin duzue, eta zer salatu gura izan duzue horiekaz?
Bai hori da, Gabonetan Uribe Kostako herri desberdinetan informazio-guneak jarri genituen, Algortan, Sopelan, Plentzian eta Itzubaltzetan. Horien bitartez, jendeari deialdiaren arrazoia azaldu nahi izan dugu kaleetan, eta baita manifestatzearen eta antolatzearen behar hori helarazi ere.
Urtarrilaren 7an, hitzordu bat izan genuen Itzubaltzetako Etxe Merkean. Bertan, hitzaldi baten bitartez, egun bizi dugun testuinguruaren analisi txiki bat egin eta mobilizatzeko arrazoiez era sakonagoan hausnartzeko aukera izan genuen gerturatu ginen gazteok.
Datozen egunetan zehar ere lanean jarraituko dugu.
Bada, zer egoera bizi du gaur egun Euskal Herriak?
Euskal Herrian ere, krisialdi kapitalistaren egoera bizi dugu. Komunikabide, hezkuntza zein instituzioetatik egun bizi dugun krisiaren arrazoia COVID-19an kokatu bada ere, gure ustez aurretiaz zegoen kapitalaren akumulazio-krisiari aurre egiteko baliatu da pandemia. Argi ikusi da azken bi urteetan hartu diren neurri askok ez dutela logikarik izan birusa gainditzera bidean, eta, horren aurrean, pandemia gaizki kudeatu dela edota gestio txarra eman zaiola entzun izan dugu.
Gure ustez ordea, neurriek oligarkia finantzarioak irabaziak eskala gero eta handiagoan metatzea zuten helburu, eta ez osasun hondamendiari aurre egitea; logika horretatik erreparatuz soilik daukate koherentzia hartu diren neurriek. Osasun baliabideak indartu ordez, kontrol sozialean inbertitu izana, esate baterako.
Hori dela eta, neurri horietako asko ez dira birusaren amaierarekin desagertuko, gelditzeko etorri dira, etorkizuneko gizartearen aurrekariak baino ez dira.
Politikari profesionalek eskubide zibil eta politikoak kendu dizkigute dekretu bidez, eta ezkerretik eskuinerako partidu politiko guztiek neurri horiek babestu edo legitimatu dituzte. Mugikortasuna mugatu dute, inpunitate poliziala legitimatu, eta “toque de queda” ezarri dute; biltzeko, manifestatzeko zein espazio publikoa erabiltzeko eskubideak ukatu dizkigute.
Azken urteetan ikusi dugunak argi utzi digu alderdi politiko instituzionalek ez gaituztela egoera honetatik aterako. Garai latzak datoz, izan ere, langile klasea ez dago antolatuta, eta horrek, finean, krisialdi bat iritsi behar den unean babesik gabe gaudela esan nahi du.
Eta bereziki euskal gazteriak?
Gure ustez, gazteok gizarte kapitalistan funtzio konkretu bat betetzen dugu: etorkizuneko langile klasearen bizi eredua finkatzea.
Gaur egun gazteongan txertatzen ari den bizi eredua eta lan baldintzak ez dira nagusi egiten garenean desagertuko, baizik langile klase osoaren ezaugarri bilakatuko dira. Gure bitartez ezartzen dira etekin ekonomiko handiena atera ahal izateko gizarteak eduki beharko lituzkeen ezaugarriak: despolitizazioa, bizi eredu pobreak…
Bizi eredu honen aspektu ekonomikoari dagokionez, ezaugarri batzuk finkatzen ari dira jada gazteongan: lanaldi baterako lanak, soldata baxuak, lan ezegonkorrak, kontraturik gabeko lanak, ordaindu gabeko orduak, langabezia… Baina guk ez dugu arazoa hor amaitzen denik uste, izan ere, bizitzako beste esparru guztiengan du eragina aurrekoak.
Era berean, bizi eredu horretara moldatu gaitezen, interbentzio kultural bat ematen ari da gazteongan. Interbentzio horren adibide ditugu jazarpen poliziala, sare sozialen eta, orokorrean, plataforma digitalen erabileraren gorakada.
Egoera horrek isla du gure eskualdean?
Gure eskualdea ere aipatutako egoeraren beste adierazle bat baino ez da. Krisia gainditzeko, alde batetik, gure lan baldintzek behera egiten dute nahi ala ez, soldata baxuagoak, lan ordu luzeagoak, langabezia estrukturala… Era berean, bizitzeko beharrezko baliabideek gora egin dute; esate baterako, etxebizitzaren prezioen garestitzeari dagokionez, azken urteetan, Bizkaia mailan etxebizitzen prezioen gorakada handiena pairatu duten herriak Abanto, Plentzia, Gorliz eta Berango izan dira. Elikagaien prezioak ere igo dira (indize internazionala % 31,3 hazi da urtebetean), eta % 489 igo da argindarraren prezioa orduko urtebete baino gutxiagoan, gasaren prezioak ere gora egin du. Gainera, gasolina eta gasolioak % 25etik gorako igoera izan du, besteak beste.
Pobreziarekin batera, jazarpenerako, kriminalizaziorako eta kontrol sozialerako baldintzak ezarri dira: kamera berriak instalatu dituzte hainbat herritan, eta polizia inoiz baino inpunitate handiagoarekin oldartu da gazteon aurka, bai Sopelan, Plentzian zein Astrabuduan.
Diozuenez, sistema kapitalistari eta gizarte burgesari aurre egiteko jaio da GKS, besteak beste. Nondik has daiteke hori egiten?
Gure gizartean dirua duenak du boterea, eta dirua duenak ez du guztion ongizatea bilatzen, diru gehiago pilatzea baizik. Premisa horri jarraiki, ikus dezakegu oligarkia finantzarioaren tresna direla estatuak eta beraiek erabakitzen dutela politika parlamentarioaren esparrua zein izango den eta zertan inbertituko den.
Hori dela eta, gure ustez, egoera aldatzeko aukera bakarra estatutik kanpo antolatzen hastea da, pobretzen ari garenok geure kabuz antolatu behar gara, geure interesak defendatzeko promesa faltsuetatik at.
Guk antolakuntza modu independentean ulertzen dugu, alderdi politiko instituzionaletatik kanpo, eta, era berean, elkartasun terminoetan ulertzen dugu. Izan ere, gazte proletario bakoitzak norbere arazoak baditu ere, gu guztion interesen alde antolatu ezean egoerari ezingo diogu aurre egin. Bizi dugun garaian urgentziazkoa da bakoitza bere gaitasunen eta aukeren arabera ekarpena eginez antolatzea, bestela ezingo baitiogu aurre egin datorkigunari.
Esan bezala, garrantzitsua da pobretzeari eta eskubideen urraketari aurre egitea, eta, horregatik, Uribe Kostako jendeari dei egiten diogu datorren zapatuan arratsaldeko 18:00etan, Jesusen Bihotza plazatik aterako den manifestaziora batzera.