Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak sei BiziPuntu berri aurkeztu ditu Uribe Kostan. Totem itxurako gune horietan bizikleten mantentze- eta konponketa-lan txikiak egin ahalko dituzte erabiltzaileek. Hauek dira zehazki eskualdeko BiziPuntu berrien kokalekuak:
- Getxo: Errekagane kalean, kiroldegiaren sarreran.
- Sopela: Loroño kalean, hondartzara doan zubiaren azpian.
- Gorliz: Andra Mari kalean.
- Erandio: BI-711 itsasadarreko errepidean, Jose Luis Goioaga etorbideko 31 zenbakian.
- Urduliz: Aita Gotzon kalean, frontoiaren parean.
- Berango: Sabino Arana kalean, Eroski aurrean.
"Funtsezko baliabidea da Bizkaian bultzatu gura dugun mugikortasun iraunkorreko eredua sustatzeko, bizikleta eta beste garraiobide jasangarri batzuk erdigunean kokatzen dituelako", azaldu du Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak agerraldian.
Gainera, Berangoko BiziPuntuan egin duten aurkezpenean egon dira Urdulizko, Berangoko eta Gorlizko alkateak: Javier Bilbao, Anabel Landa eta Nagore Utxupi, hurrenez hurren. Horiekaz batera, Javier Garcia Cafes Baque txirrindularitza taldeko presidentea ere egon da.
QR kodeagaz
BiziPuntu berriok Aldundiak orain arte lurralde osoan jarri dituenen ezaugarri berdinak dituzte: pneumatiko-estalkiak muntatu eta desmuntatzeko bihurkinak, giltza ingelesak, giltza finkoak, allen giltzak eta lanabesak ipini dituzte. Guneak gurpilak puzteko mahuka eta balbula bidezko konektoreakaz ere hornitu dituzte, puzteko eskuzko sistema bategaz eta airearen presioa kontrolatzeko manometroagaz. Gainera, ura dosifikatzen duen mahuka baten bidez garbitzeko aukera ere jarri dute. Lan horiek guztiak erosotasunez egin ahal izateko, bizikleta eusteko besoak dituen zutoinak ere jarri dituzte. Zutoinek 20 x 20 zentimetroko neurriak dituzte, eta 1,40 metroko altuera.
Bizikleta-guneko zutoinak Bizkaia markagaz eta kasuan-kasuko Udalaren logotipoagaz identifikatuta daude. Gainera, QR kode batek gunearen funtzionamendua ezagutzeko aukera ematen du, eta beste QR kode batek Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletei buruz eskura duen informazioa eskaintzen du.