Elkarrizketak

Dena taldea: "Ondarroako taldeen artean badago konplizitate bat"

Asier Barruetabeña Rivallo 2022ko ots. 7a, 09:41

© DENA

Kresalaren usaina nabaria da Bizkaiko kostaldean kokaturik dagoen Ondarroako portuan, eta itsasontziak lehorrera bueltan datoz itsasoari lapurtutakoa herriari emateko. Saregileek, kantu eta kantu bitartean, Dena hirukotearen lan berria topatu dute sareen artean. Jonny Gerriwelt-ek garai batean kantatzen zuen bezala: "Aritzaren semeak bizirik diraute".

Zelan sortu da Dena taldearen proiektua?

Xabat eta Beñatek beti ezagutu izan dute elkar, txiki-txikitatik, eta Unai, ordea, Beñaten klase-kidea izan da beti. Baina talde bezala, Ondarroako musika eskolan sortu ginen. Gustu musikal antzekoak genituen, eta horrek batu gintuen batez ere. Hortik aurrera, gure abestiak sortzen hasi eta aurrera jarraitu dugu.

Oso talde gaztea zarete, eta gaur egun, zuen adinekoek beste musika mota batzuetara jotzeko joera daukate. Nondik datoz zuen influentziak?

Familia, lagunak, herriko musika talde zaharrak... Ondarroako jendea, orokorrean, oso rock-zalea izan da beti, eta herriko erreferentzia musikalak rockaren inguruan mugitu izan dira: Keike, Baneteuanba, Tuboskapi, Keu, Gatz... Eta talde gazteak musika egiten hasterakoan, rock edo punkera jotzea errazena dela esango genuke. Baina gure influentziarik handienak familiak ekarritakoak izan dira, hau da, gurasoek entzuten zituzten taldeak: Negu, Anestesia, Dut, Anari... Horiekin hazi gara.

Ondarrutarrak izanda, zelan ikusten duzue zuen inguruko musika-eszena?

Taldeak badaude, egongo dira, eta talde gazteak beti aterako dira. Gainera, Ondarroako taldeen artean badago konplizitate bat. Baina ez dagoena da denentzako kontzertuak eskaintzako gunerik; kultura alternatibo horri lekua emango dion espazioak badaude, baina kontzertuak antolatzeko erreleboa ba al dago? Ez dakigu; lehen, gaztetxeetan astero zeuden kontzertuak, eta zirkuitu bat zegoen. Eta orain, egoerari pandemia bat gehituta, talde hasiberrientzako ia ezinezkoa da izen bat egitea. Dena gogoaren eta antolatzearen kontua da, baina zaila dago egoera.

Zuen azken lanean puntu profesionalago bat nabaritzen da soinu aldetik, bideoklipa... Zelakoa izan da sormen-prozesu guztia, eta norekin egin duzue lan guztia aurrera ateratzeko?

Bada, guri horrela atera zaigu. Ez dugu profesionaltasun hori nahita bilatu; guk benetan sinisten dugu gure proiektuan, eta gure abestiak sortzerakoan jolas serio bat bezala hartzen dugu. Ahalegin handia egiten dugu kantuak borobiltzen eta kantu onak egiten guztiaren gainetik. Gero, soinua eta bideoklipak bigarren plano baterako uzten ditugu, eta funtsa kantu onak direla esango nuke. Normalean, abestiak sortzerakoan gitarratik hasten gara, riff edo ideia betetik abiatuta lokalean bueltak ematen sortzen ditugu abestiak; eta, azkenik, letra jarri eta osotasun bat ematen saiatzen gara. Crowdfunding bat egin genuen gure lehen diskoa ordaindu ahal izateko, eta estudioan Axularrek lagundu digu, kantuei soinu egokiena jartzen. Baina hori guztia ezinezkoa litzateke familia eta lagunen laguntzarik gabe.

Aurrera begira zer asmo duzue?

Disko bat grabatu berri dugu, Tolosako Bonberenean, eta esango dugu aurrerantzean noiz irtengo den eta abar... Zuzenekoei begira, 
berriz ere dena bertan behera gelditzen ari da, ez dakigu noiz arte iraungo duen honek, baina badakigu beste behin ere kultura babesik gabe egongo dela. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun