Oreka Sakonduz eta BEAZ-ek Bizkaiko itsasoaren eta irristaketa-kirolen inguruko ideien lehiaketa aurkeztu dute, EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateen laguntzagaz. Surfaren, belaren, kirol nautikoen, skatearen eta beste kirol batzuen industrien osagarriak, ekoizpen-prozesuak, produktuak edo zerbitzuak hobetzeko ideiak batzeko ekimena izango da, hain zuzen.
Horren helburua da itsasoaren eta irristaketa-kirolen industriaren merkaturatzea eta garapena sustatzea eta kalitate handiagokoak eta jasangarriagoak diren produktuak eta prozesuak garatzea. Unibertsitateko berrikuntza irekiko ekimenak enpresetara gerturatzeko asmoa dutela azaldu dute antolatzaileek; horrek helburu bikoitza du: batetik, unibertsitateko ikasleentzat profesionalki landu daitekeen sektore bat dela agerian jartzea eta, bestetik, berrikuntza hori etorkizuneko enpresa ekimenenetan eta produktu berritzaileetan gauzatzea.
Ideia lehiaketa EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko 3. eta 4. mailako edo masterreko adar guztietako ikasleentzat dago zuzenduta. Bestalde, honako baldintzak hartuko dira kontutan ideiak epaitzerako orduan: ideia berritzailea izatea, proiektuaren aurkezpena eta irudia, itsasoaren eta irristaketa-kirolen sektorearen garapenari ekarpena egitea, erosotasun handiagoa eskaintzea erabiltzaileei, proiektu praktikoa izatea, merkatuan abian jartzeko egon daitekeen zailtasuna, proposaturiko soluzioa modu argian azaltzea, taldeak diziplina anitzekoak izatea eta aztarna ekologikoa.
Hiru egitasmo onenen artean 3.000 euroko saria banatuko dute, eta, gainera, talde irabazleak tutoretza eta aholkularitza jasoko du proiektua aurrera eramateko, Bizkaiko itsasoaren eta irristaketa-kirolen sektoreko enpresen eskutik.
Lehiaketan izena emateko epea otsailaren 28ra arte egongo da zabalik; horretarako informazio eta dokumentazio guztia Bizkaiko itsasoaren eta irristaketa-kirolen ideien lehiaketako lotura honetan dago eskuragarri.
Adituaren hitzaldia
Hilaren 24an, Bizkaiko itsasoaren eta irristatze-kirolen arloko ekintzaileentzako berbaldia eskainiko du Iker Aguirre lidergo eta enpresa-estrategian adituak. Sektore horretako industriako gakoak azalduko ditu eta arrakastarako bidean bere ikasketak partekatuko ditu. Jarduera 09:30etik 11:30era izango da online formatuan; parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da orrialde honetako formularioa betez.