Elkarrizketak

Ibai Trebiño: "Hemengo komunikabideek ez dute sekula esan estatu-kolpea egon zenik Ukrainan"

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 6a, 14:20

Ibai Trebiño, Algortako Villamonte kultur etxean.

Ibai Trebiño Monterok (Gasteiz, 1982) Ukrainako gerraren inguruan berba egin zuen urriaren 28an, Algortako Villamonte kultur etxean. Kazetaria da, eta hiru aldiz egon da bertan, Donbass inguruan gertatzen dabilenaz informatzeko. Orain, Mikel Arregi lagunagaz batera, Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala prestatzen dabil. 

Krimean eta Donbassen ibili zara kazetari. Hiru aldiz joan zara, eta hango egoera zuzenean bizi ondoren, bueltatu eta han bizitakoaren inguruko berbaldiak ematen zabiltza; azkenengoa, Algortan. Zelan bizi zenuen Ukrainako krisiaren hasiera? Eta zerk eragin zizun horretaz informatzeko gogoa?

Aspaldi hasi nintzen Ukrainako egoerari kasu egiten, 2004ko gertaerekin, Iraultza Laranja gertatu zenean, baina ez nekien ondo zer gertatzen ari zen bertan. 2013ko azaroan berriro hasi ziren mobilizazioak, Maidan plazan. Ukrainari, garai hartan eskaini zioten europarlamentuan sinatutako elkarkidetzarako proposamena. Presidenteak esan zuen ez zuela zertan onartu. Aldi berean, Moldavian antzeko zerbait gertatu zen: Europar Batasunak elkarkidetzarako akordio bat eskaini zion, eta gobernuak onartu egin zuen. Hain justu, jendea kalera irten zen Ukrainan eta Moldavian, baina arrazoi desberdinengatik: Moldavian, akordio horren kontrakoak; Ukrainan, berriz, akordioaren aldekoak. Hala, ikusi nuen zer-nolako informazio-irizpide ezberdina zegoen, bai batarekin bai bestearekin. Jende askok ez du ezagutzen Moldavian zer gertatu den; hori horrela, Ukrainan zerbait arraroa gertatzen ari zela ikusi nuen. Gero, estatu-kolpea jazo zen, eta une horretan piztu zaitzaidan apur bat Donbassera bidaiatzeko gogoa.

Zelan bizi du kazetari batek Donbass bezalako leku batean gertatzen dabilen guztia?

Gogorra da. Gatazka bat dagoen toki batera zoaz, eta zeure burua prestatu behar duzu hara joateko. Hala ere, esan dezaket esperientzia bezala oso aberasgarria izan dela, baina hara joatea nahiko gogorra da. Lan egiteko gogo handia duzu, eta nahi duzu leku guztietan egon, dena ikusi, jende guztiarekin hitz egin... Baina apur bat zaila izaten da horrelako lekuetara joan eta dena ikusi ahal izatea. Zentzu horretan, zelan definituko nuke? Oso esperientzia polita, baina gogorra ere bai. Gogorra da sarraskiak bizi izan duten jende piloa ikustea, eta handik bueltan pena handia sentitzen duzu bertan uzten duzun jendeagatik.

Urtebete igaro da, Ukrainako ekialdean gerra hasi zenetik. Zein da gaur egungo egoera bertan?

Gaur egun, frontean dago arazoa, Donbass aldean. Bi aldeetako fronteak izoztuta daude; hau da, su-eten bat dago, eta eutsi egiten diote nolabait. Adibidez, arma astunak eta artilleria handik eramaten hasi dira. Badirudi Ukrainak onartu duela eremu hori galdu duela, neurri batean. Horrezaz aparte, Ukraina gizarte-egoera larrian murgilduta dago. Nazioarteko Diru Funtsaren maileguak eta horrek guztiak bizimodu gogorra eragin dute: oso baldintza gogorrak. Zentzu horretan, badirudi Ukraina agenda mediatikotik desagertu dela. Azkenengo egunetan, berriz, irakurri ahal izan dugu oso egoera larrian daudela eta hainbat ika-mika daudela. Adibidez, meatzariek greba bat hasi dute, eta errusinoak eta beste gutxiengo etniko batzuk matxinatu egin dira hainbat eremutan. Giroa aldrebestuta dago.

"Gehienak herri-milizien alde daude; ez dute onartzen ukrainar soldaduen presentzia Donbassen"

Zergatik da hain garrantzitsua Donbass?

Bertan interes asko eta handiak daudelako. Alde batetik, errusiarrak bizi direlako bertan, hau da, errusiar hiztunak dira, baina, errusiar izan baino, izaera-edo errusiarra daukan jendea. Ukrainarentzat, hori bada modu bat Errusia ahultzeko: Errusiako gutxiengo etnikoaren kontra joatea. Eta, beste alde batetik, interes asko daude; meatzaritzan, batez ere: lurralde oso aberatsa da, eta gasa ere badaukate. Izan ere, gasaren harira, Ukrainak sinatu zuen fracking metodoa erabiltzeko Europa mailan sinatutako lehendabiziko akordioa. Horrez gainera, inguru horrek beti izan ditu interes geoestrategiko eta materialak, eta baliabide horiek lapurtu nahi dituzte, batez ere. Horrez gainera, meatzaritzan dago oinarrituta bertoko ekonomia, eta Ukrainako lekurik industrialena ere bada.

Nazioartetik hainbat pertsona joan dira Donbassera, milizien alde borroka egitera. Eurakaz egoteko aukera izan duzu; zer dela-eta erabaki dute borroka horretan parte hartzea?

Bai, Prizrak brigadan zeuden espainolekin egon ginen, 2014ko azaroan. Espainol horiek, hain zuzen, etxera bueltatu zirenean, atxilotu egin zituzten. Lehenengo kazetariak izan ginen horiek elkarrizketatzen. Kanpoko milizianoen presentzia hori NATOren kontrako borroka batean oinarrituta dago batez ere. Azken finean, ia guztiak doaz NATOren kontra borrokatzera; horregatik biltzen dira ideologia desberdinak. Gehienak antifaxismoarekin lotuta daude, baina frantziar nazionalistak edo beste motatako miliziano batzuk ere badaude. Nik esango nuke euren helburu nagusia populazio zibila defendatzea dela.

Europar Batasunak Donbassen gertatzen dabilenaz zabaldutako informazioa "gezurra" dela diote askok. Zer ezberdintasun ikusi dituzu hedabide handiek zabaldutako eta zuk ikusitakoaren artean?

Nire ustez, irizpide aldetik oso inportantea dena eta hemengo komunikabideetan ez zaiona garrantzi handirik eman: Ukrainan estatu-kolpe bat egon da. 2014ko otsailean talde paramilitar ultraeskuindarrak ganberara sartu, eta hainbat alderditako diputatuak jipoitu zituzten. Ondoren gertatu zena estatu-kolpea izan zen, konstituzioaren kontrakoa izan zelako; hau da, presidentea kargugabetzeko, ganbera horretako diputatuen bi herenen botoak behar zituzten. Hala ere, presidentea kargugabetu zuten, nahiz eta diputatuen hiru herenek hala ez bozkatu. Logika horri jarraituz, izugarrizko estatu-kolpea izan zen hori, eta gure komunikabideek ez dute inola ere hitz hori erabili. Hor ikus dezakegu zein izan den Europar Batasunaren eta AEBen jarrera. Gogoratu behar dugu McCain AEBetako senataria Maidan plazan egon zela pastelak banatzen eta hitzaldiak ematen. Lotsagarria, zelan ez duten aipatu estatu-kolpea izan zela! Gainera, gauza bat txarto irudikatzen saiatu dira: ematen du Errusiak eragin duela egoera hori...

Mikel Arregigaz batera garatzen zabiltza Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala egiteko egitasmoa. Zer kontatu gura duzue?

Une honetan crowfunding kanpaina bat jarri dugu martxan 6.000 euro lortzeko asmoz. Ukrainian zer gertatzen ari den kontatzen dugu 40 minutuko lan horretan. Zaila da guztia kontatzea, baina batez ere benetako gerra bat dela ikustaraztea nahi izan dugu, eta jendea hil egiten dela gerra batean. Batzuetan, urrunetik ikusita, ematen du gerra bat bideo-joko bat dela. Azken finean, bertan dauden drama humanoak jendeari erakutsaraztea da gure helburua. Euskal Herritik 4.000 kilometrora dagoen guda bat da, eta guk uste dugu Euskal Herrian jakin behar dugula zer gertatzen ari den Donbassen.

Zeintzuk zailtasunei egin behar izan diezue aurre dokumental hori egiteko?

Gerra batean lan egitea zaila da beti. Esate baterako, instalazio militarrak grabatzea debekatuta dago, eta horrekin hainbat arazo izan genituen. Zaila da, aurreprestakuntza bat egin behar duzu, gero bertan grabatu, ordu asko eman behar dituzu eta gero muntaia egin behar duzu... Zailtasun handiak dira. Baina beno, bertan izandako zailtasun gehienak Ukraina aldean grabatutako zatiak izan direla esan genezake. Bertan jendea elkarrizketatzeko zailtasunak izan genituen, bertako burokrazia dela-eta zaila delako ministro bat edo Mugarik gabeko Medikuetako kide bat elkarrizketatzea. Hala ere, orokorrean nahiko ondo joan da dena. Jendea, normalean, beti prest egon da dokumentalean agertzeko eta gurekin hitz egiteko. Hori eskertzekoa da.

"Gaur egun indarrean dagoen blokeo mediatikoa nolabait hausteko helburua dugu dokumentalarekin"

Zer diote bertakoek gerra horretaz?

Bertako herritar gehienak milizien alde daude, hori argi eta garbi esan behar da. Batzuk Ukraina aldera ihes egin dute, baina bertan dauden gehienak errusiar hiztunak dira eta herri-milizien alde daude. Eurek ulertzen dute Ukrainan estatu-kolpe bat egon zela, eta horren aurrean zilegitasun osoa daukatela euren burua defendatzeko. Gero, Donbass okupatuan, hau da, Ukrainaren kontrolpean dagoen eremuan, jendea nahiko izututa dago. Azken finean, ez dute onartzen ukrainar soldaduen presentzia eta ez dira eurekin identifikatzen.

Donetsken egin diren gerrako krimen eta zibilen kontrako erasoen lekukotza jaso duzue; zer ikusi duzue gerra frontean?

Bai. Novosvitlivkan, Lugansketik gertu dagoen herri bat, gerrako krimen izugarriak egin dituzte ukrainar soldaduek. Bertako herritarrek kontatu zigutenaren arabera, fusilatuak egon dira. Ukrainarrek okupatu zuten herria eta hainbat lagun bahitu eta fusilatu dituzte, sakeoak egin dituzte eta horrelako hainbat kontu. Nazioarteko erakunde batzuek ere gerrako krimen horiek salatu dituzte; hala ere, Euskal Herrian oso gutxi ezagutu den gaia izan da. Hori dela eta, nahi izan dugu horren inguruan kapitulu bat egin, edo behintzat horren inguruan hitz egin, gaur egun indarrean dagoen blokeo mediatikoa nolabait hausteko helburuarekin.

Dokumentala eginda duzuenean, horren inguruko aurkezpenak egitea aurreikusi duzue?

Bai, printzipioz Euskal Herritik egiteko intentzioa dugu; jendearekin egon, aurkezpenak egin... Baina ez bakarrik gure proiektua aurkezteko, baizik eta gertuko zerbait delako. Informatzeko beste era bat ere bada hori: jendearekin egon, jendeari aurrez aurre azaldu zer gertatzen ari den eta gure lekukotza jaso dezatela. Guk uste dugu kazetaritza egiteko beste modu bat ere badela hori, jendearekin egon, hitzaldiak eman eta gure esperientzia konpartitzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun