Urtero legez, emakumeei historikoki usurpatu zaizkien eskubideak lortzearen alde egindako borrokaren garrantzia gogoratu eta aldarrikatuko dute martxoaren 8an. Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak azpimarratu duenez, "borroka horiek, zalantzarik gabe, lagundu dute emakumeen bizitzako hainbat arlotan aurrerapen handiak lortzen, eta aurrerapenok ezinezkoak izango ziren emakumeen elkarteen eta mugimendu feministaren ekarpenik gabe". Gogoratu duenez, norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlana da hori guztia, "nork bere eragin eremutik abiatuta, indarrak batuz eta helburu beraren aldeko estrategiak partekatuz: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea". Gaur egun ere, bide luzea dago oraindino emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko, "eta, horregatik, ezinbestekoa da oraindik ere emakumeen eguna aldarrikatzea".
Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten udalerriek hogeita hamar jarduera baino gehiago antolatu dituzte Martxoaren 8a dela eta.
— Uribe Kostako Mankomunitatea (@uribekostamanko) March 2, 2022
Programa jarduera guztiekin eta kartela#8M #M8 #UribeKosta #Barrika #Berango #Gorliz #Lemoiz #Plentzia #Sopela #Urduliz pic.twitter.com/9YanycohrV
Hori dela eta, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak —Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko udalak biltzen dituenak— hamaika jarduera eta ekimen programatu ditu datozen egunotarako. Horiek guztiek berdintasuna aldarrikatuko dute, "emakumeak ahalduntzearen alde eta genero bazterkeria erabat desagerraraztearen alde".