Nortzuk osatzen duzue Ginger?
Nerea Altxu, Andrea Lopetegi, Gorka Larrañaga eta Jone Azkoaga gara, zarauztarrak denak, eta talde ezberdinetatik gatoz: MKT, Iñor ez, Pottors ta Klito, Mor more… Dena dator Mor more utzi eta gero, zerbait kañeroagoa egin nahi genuelako. Altxukin juntatu eta kantak egiten hasi ginen. Ostean, Gorkari komentatu eta sei kanta sortu genituen, 2021ean grabatu genituenak. Oraindik ez dugu zabaldu, baina martxotik aurrera beste bateria-jole bat izango dugu, Imanol Arruti oriotarra, Giranic taldekoa.
Musika-talde asko eman eta ematen jarraitzen dituen herri batean jaio da Ginger; kultura horrek zuei ere bultzatu al dizue zuen aurreko eta gaurko musika-taldea sortzera, ala beste nonbaitetik datorkizue eragin hori?
Oso musikazaleak izan gara beti, eta horrek eragina izan du. Laurok Putzuzulo gaztetxean ibilitakoak gara, eta gure giroa oso lotuta joan da musikarekin eta rock eszenarekin. Astero geneukan zarata-kontzertu bat ikusteko edo antolatzeko aukera. Gure lagunek taldeak zituzten, eta horrek ere bultzatu gintuen talde bat sortzera. Zarautzen sortutako Mefsst! Musika Errebolta Feminista jaialdi feministak ere eragin gintuen; lau jaialdi egin genituen. Punk eta hardcore eszenan emakumeen falta ikusita, behar bat sortu zitzaigun elkartzeko, eta halako topagune bat egin genuen. Horrek ere indarra eman zigun elkartu, kantak egin eta proiektua aurrera eramateko.
Trap, reggaetoi, musika elektroniko eta estilo berrien garai honetan, zelan ikusten duzue punk eta rock musika-taldeen etorkizuna?
Estilo horiei buelta bat eman eta eraberritu beharko al dira? Egia da musika eszenan estilo gehiago daudela gaur egun, baina, hala ere, rockaren eszena nahiko osasuntsu dago Euskal Herrian. Talde piloa daude, oso indartsu eta basatiak: Vulk, Lukiek, Pinpilinpussies… Oso eszena indartsua sortzen ari da. Komertzialki, beste estilo batzuk ere sortu dira, baina punka eta rocka ez dira hain komertzialak izan inoiz, eta bizi-bizirik ikusten ditugu. Agian, 80ko hamarkadan, punkak izan zuen beste testuinguru politiko eta eztanda bat, baina uste dugu oraintxe indarrean dagoela. Punka ere moldatzen joan da, eta eboluzio bat eman da bere horretan…
Estiloari buelta eman eta eraberritu beharko diren ala ez, bakoitzak ikus dezala, kar-kar. Guk uste dugu estilo gehiago eta ezberdinak egonda fusio bat sortzen ari dela ere, aberatsa dela uste duguna.
Zarautzen jaiotako taldea izanik, zelako harremana duzue Putzuzulo gaztetxearekin eta inguruko musika eta kultur alternatiboagoa eskaintzen duten mugimenduekin?
Guretzako, Putzuzulo gaztetxea proiektuak aurrera eramateko leku bat izan da, hortxe pasa dugu denbora piloa, eta inguruko zirkuitu eta eszena alternatibo horiek altxorrak dira guretzako, zaindu beharreko lekuak. Ea laster, pixkanaka, berriro martxa hartzen duten.
Ixo eta Putzuzuloko kantak daborduko atera dituzte, eta euren asmoa da martxo hasierarako EP berria aurkeztea. Sei kanta izango ditu, "eta kanta hauekin ahalik eta kontzertu gehien ematea izango da helburua aurten".