Hasteko, zer edo nor da sorgin bat?
Gauza bat da zer den sorginen benetako esanahia eta horren barruan zer gordetzen den, eta beste bat urteetan edo mendeetan zehar eman dioten esanahia. Sorgina zen, printzipioz, sortzen zuena, belagile moduan ere, edota sendabelarrak erabiltzen zituena; emakume laguntzaileak ziren, erditzerakoan edo gaixotasunei aurre egiten ibiltzen zirenak, besteak beste. Baina, tamalez, sorgin-ehiza dela eta, guztiz zentzu negatiboarekin heldu zaigu sorginaren esanahia.
Denok ditugu buruan akelarreen eta sorgin-ehizen irudiak, baina zer puntutaraino da iruditegi hori erreala?
Iruditegi hori literarioa da; hau da, elizgizonek idatzitako liburuetan agertzen hasi zen. Haiek deskribatu zituzten lehendabizi, eta haiek sortu zuten irudi hori. Gerora, irreala zen iruditegi hori erreal bilakatu zen sorgin-ehizaren eta torturaren bitartez. Europako erdialdeko elizgizon handiek deskribatu zituzten balizko akelarre horiek, eta manual moduko bat sortu zuten. Oso ondo deskribatu zuten zeintzuk galdera egin behar zituzten, zeintzuk ziren aurkitu behar ziren akelarreak, etab...
Eta zeintzuk ziren bilatzen zituzten akelarre horiek?
Elizgizon haiek deskribatzen zituzten gauak; gau haietan, jende-multzo bat, su bat, eta horren inguruan dantzan dabilen jendea, biluzik. Erdian, gizonezko bat edo gizon-itxurako deabru bat, edo deabrua bera, irudikatzen zuten, zeremonia-edo horretan gauza diaboliko-sexualak emango balira bezala. Azken finean, haiek deskribatu zuten gaur egun guk pelikula, liburu eta bitarteko ezberdinetan ikusten ditugun akelarre horiek.
Gainera, oso iruditegi morbosoa da hori, garaiko pornografiarekin oso lotuta zegoena. Liburuetan agertzen ziren iruditegi horiek oso-oso arin bihurtu ziren irudi. Nik uste dut apaiz haien frustrazioa edo morbositatea piztuta edo piztekotan zegoela.
Zergatik sortu zuten iruditegi hori, eta zergatik jo zuten pertsona zehatz batzuen kontra?
Gai honen inguruan mugarria den liburu bat dago: Caliban eta sorgina. Horretan, idazleak azaltzen du iruditegi hori sortzeko arrazoiak politikoak izan zirela, hau da, heretikoen kontra jotzeko eta kristautasuna inposatzeko.
Hitzaldian azaldu nuen bezala, Inkisizioa ez zen martxan jarri sorginak erretzeko, baizik eta heretikoak akabatzeko. Eta argitu behar da ere zer den heretiko bat eta zein den horren benetako esanahia, hori ez dagoelako lotuta bakarrik erlijio edo espiritualitatera. Heretikoak izan zitezkeen estatuarekiko harreman tirabiratsua zutenak, zergak ordaintzeari uko egiten ziotenak eta soldaduskara joaten ez zirenak, besteak beste. Gaur egun, heretiko hitza darabilgunean espiritualitatearekin lotzen dugu bakarrik, baina ez da guztiz egia. Horren oso adibide garbia dugu gure inguruan, Durangon, hain zuzen ere.
Hala, printzipioz, sorgin-ehiza edo heretikoen ehiza horien bitartez estatuek edo Elizak lortu nahi zutena zen bizimodu politiko eta ekonomiko bat inposatzea.
"Skolastika emakumeen kultura berreskuratzeko, aztertzeko eta lau haizeetara zabaltzeko gune bat da. Horretarako, denetarik egiten dugu: formakuntzak, hitzaldiak, mintegiak, erakusketak..."
Aurretik esan legez, sorgin berba sortzeak edota jaiotzak eragiten dituenari izendatzeko erabil zitekeen, besteak beste; bada, zergatik erabili da berba hori gauza "gaizto" edo "maltzur" bat izendatzeko?
Batetik, emakumeen ohiko zeregina negatibizatzeko. Emakumeen zeregin horien bitartez zeuzkaten askatasuna, autonomia, independentzia eta erabakitzeko aukerak bertan behera utzi nahi zituzten. Orduan, hor badago errealitate politiko-ekonomiko bat hitzarekin deabrutzen dena, hau da, emakume-eredu bat maltzurtzen dena. Eta emakume horiek gutxi batzuk baziren ere, gerora, emakume guztien kontrako ondorioa izan dugu, eta badugu oraindik ere. Hau da, sorgin hitza erabiltzea guztiz baliabide misoginoa da emakume guztien kontra jotzeko.
Romon egindako hitzaldia ikasturte oso baten formakuntzaren hirugarren saioa izan zen eta, lehenengoan, emakumeen kontrako indarkeriak aztertzen eta lantzen egon ginen. Orduan, ikusi genuen sorgin hitzaren deabrutzea, hain zentzu negatiboa hartzearena, guztiz indarkeria sinbolikoa dela. Beraz, emakumeen kontra egiteko baliabide sinboliko oso indartsu bat garatu du patriarkatuak, mendeetan zehar mantendu dena, gaur egunera arte.
Gure inguruan, euskal gizartean, Anbotoko Mari izeneko "sorgina" dugu mitologian. Zer konta dezakezu izaki horren inguruan?
Anuntxi Aranak begirada feminista batekin aztertu du mitologia Euskal Herrian, eta berak idatzitako Mito hurbilak liburuan kontatzen du Anbotoko Mari oso berria dela, eta ez guztiz zuzena. Ahozko literaturara jota, Anbotoko Dama dela dio, gure antzinako mitologiaren pertsonaia nagusienetarikoa. Halaber, gogoratzen du Anbotoko Dama dela zeruko eta lurreko jainkosa nolabait, koba batean bizi dela eta zerutik mugitzen dela. Esaten du ere urteetan zehar Mariren bilakaerarekin kontuz ibili beharra dagoela, baina, haren historia ikertu duten Barandiaran, Azkue eta Caro Barojarekin bat etorrita, argi uzten du Anbotoko Damaren zentzu positiboa.
Sorginen ehizara bueltatuta, zelakoak izan ziren eraso horiek Euskal Herrian?
Gurean gehien landu dena da Zugarramurdikoa, baina Bizkaian ere ehizak egon ziren, eta niri oso harrigarria egiten zait Zugarramurdin baino jende gehiago hil zutela hemen, bortitzagoa izan zela eta, hala ere, ez dela hain ezaguna. Nik Durangoko adibidea jartzen dut, horixe delako inportanteena, eta ezezagunena aldi berean, oso gutxik ikertu dutelako horren inguruan.
1500ean, Inkisizioak 40 pertsona epaitu zituen Durangon, horietatik 11 kondenatu zituzten; 10 emakume eta gizon bat. Dozena erdi, aldiz, adiskidetu ziren zigor fisikoarekin eta isunekin. Baina gogorrena da zazpi emakume hilda zeudela epaiketa izan zenerako, torturen bitartez hil zituztelako, eta horien gorputzak hilobitik atera, hilda erre eta errautsak haizetara bota zituztela. Inpaktu handiko erabakia izan zen. Durangon gertatu zena ez zen sorgin-ehiza izan, baizik eta heretiko-ehiza.
Zer egozten zieten Durangoko gizon-emakumeei?
Heresiak beti dira antzekoak eta, kasu honetan, zeuden: kutsu ekonomikoa, ezetz esaten zioten zergak ordaintzeari; harremanetarako kutsua, ezetz esaten zioten Elizak inposatutako monogamia-ereduari; eta kutsu sexuala, planteatzen zuten sexu askea edo bikoterik gabeko sexua. Durangokoan bazegoen arrisku handia, normalean sorgin-ehiza emakume edadetu, ezkongabeak, txiroak eta aurretik esandako lanbideetan aritutakoak izaten zirelako. Baina, kasu honetan, emakume batzuk ezkondutakoak ziren, gizondunak, baina gizonak utzitakoak. Beraz, oso harrigarria izan zen Durangon gertatutakoa, oso labainkorra.
Gainera, azpimarratu behar da jaurerriko jaunak eskatu zuela prozesua abiaraztea, eta ondoren etorri zela Eliza. Beraz, argi dago epaiketa politiko bat izan zela.
"Getxon egindako formakuntzan mugimendu feministatik, baina batez ere teoria feministatik, hausnartzen eta aztertzen ari diren azkenengo gaiak jorratu ditugu: emakumeen kontrako indarkeriak, maitasun eredu ezberdinak, sorgin-ehiza, eta emakumeen kultura"
Katalunian ehiza edo jazarpen horiek eragindako kalteak nolabait aitortzeko prozesua abiatu dute orain gutxi, ezta?
Bai, gai honi ematen ari zaion tratamendu berria gelditzeko etorri da. Kataluniaren kasuan, eremu politikotik salatzen hasi dira sorgin-ehiza izan zela misoginia eta emakumeen kontrako indarkeria politikoa, eta berreskuratu nahi dituzte eraildakoen izenak kaleetan eta plazetan ipintzeko. Nolabait, konpentsazio sinbolikoa bilatzen ari dira. Hala, Katalunian onartu dute Estatutik zetorren jazarpen bat izan zela, eta "feminizidio" hitza aipatzen ari dira uneoro.
Zein izan da emakumeekiko jazarpen horren ondorioa gure gizartean?
Ondorioak oso latzak izan dira. Emakumeen askatasun-bideak akabatu zituzten, eta Estatuak zein Elizak nahi zituzten eredu estu eta misoginoak inposatu zituzten. Emakumeek kanpoan eta esparru publikoan zuten papera ezabatu zuten, eremu pribatura konfinatuz. Gainera, badago beste kontu bat, gizarte osoarentzako kaltegarria izan zena: emakume horiek zuten jakituria ia osoa galdu egin da. Galera oso handia da.
Gaur egun, nor izango litzateke sorgin bat, edo zer egin beharko luke pertsona batek sorgin gisa identifikatzeko?
Sorginen ehizarekin kontra zegoena edo ezberdina zena ezabatzeko metodologia garatu zen. Edonor izan daiteke sorgina. Emakumea bada, emakume "on" bat ez den guztia da sorgina. Baina ez da egia, ez dagoelako eskapatzerik. Zintzoa, bidezkoa eta esanekoa izan arren, ezberdinak izango gara beti. Inposatu nahi diguten emakume-eredua ez da existitzen, ez da egiazkoa. Ez dakit zenbat aldiz entzun behar izan dudan nik halakorik; askotan...
Halere, jazarpen hau emakumeoi bakarrik kezkatu behar zaigula dirudien arren, ez da hala izan behar. Dena ondo aztertuta, ikus daiteke botereak zeintzuk modu eta egitura jartzen dituen martxan jendearen kontra egiteko. Gaur nire kontra jo dezakete emakumea naizelako, baina baliteke bihar zure kontra egitea, ezberdina zarelako.
Bada, nork die beldurra sorginei? Galdera horregaz izendatu zenuen Getxon eskainitako hirugarren berbaldia; zein da horren erantzuna?
Boteredunek; botereak dio beldurra ezberdina denari, dela sorgina, dela heretikoa, dela beltza, dela kanpotarra... Beraz, boterea galtzeko beldurra duen edonork du beldur hori.
Getxoko Emakumeentzako jabekuntza Eskolaren egitarauaren barruan, Skolastika Feminismo Mintegia egiten ari dira hilabeteotan. Joan den urtarrilaren 20an egin zuten hirugarren saioa, "Nork die beldurra sorginei" titulupean, Josune Muñoz filologo eta ikertzaileak gidatuta.