Elkarrizketak

Jabier Jiménez: "Gure helburua komunitatea dinamizatzea da, fokua gazteriaren gainean jarrita"

Iker Rincon Moreno 2022ko mar. 17a, 12:21

Jabier Jiménez gizarte hezitzailea da, eta berak du proiektuaren ardura.

Udalerriko gazte eta ekintzaileei laguntzeko asmoz, Berango Gazte Lab proiektua jarri zuen martxan Udalak orain hiru urte. Bide horretan, lekuz leku ibili da egitasmoa eta, orain, urtarrilean, lokal berria estreinatu du Sasiarte kaleko 4 zenbakian. Bertara hurbildu gara eskaintza bertatik bertara ezagutzeko, eta horren nondik norakoak azaldu dizkigu bertako erraztailea den Jabier Jiménezek.

Noiz eta zeri erantzuteko sortu zen Berango Gazte Lab?

Lokalak oraindik eginda ez zeuden arren, 2019an sortu zen proiektua. Izan ere, Berangoko Udalak ikusi zuen udalerriko gazteek leku bat behar zutela euren proiektuak profesionalekin garatu ahal izateko, eta baita ikasteko gela bat ere, Berangoetakoa txiki geratzen ari zelako.

Hala, Santa Anako Antzokian ekin genion bideari. Lekua ez zen aproposena, baina ekintzak antolatzen hasi ginen bertan. Hala, lekua eta beharrezkoak zaizkien tresnak eskaintzen hasi ginen gazteei euren proiektuak garatzeko; eurekin harremanetan gaude, zer behar duten jakiteko eta, horren arabera, baliabideak eskaintzeko.

Santa Anatik, baina, beste bulego batera egin duzue salto orain gutxi, ezta?

Bai, urte honetako urtarrilean erdigunera etorri gara, bulego berri honetara.

Udalerriko gazteei begirako proiektua da, ala zabalagoa da?

Berangoztarrak dira publiko xedea, baina eskualdeko inguruko herrietakoak ere etor daitezke; gure helburua komunitatea dinamizatzea da, fokua gazteriaren gainean jarrita. Halere, ekintza esanguratsuak egin nahi ditugu eta, horretarako, beste eragile edo agente batzuk behar ditugu. Hartara, egiten ditugun ekintzak ez dira gazteentzako esklusiboak; haientzako antolatuta daude, bai, baina ekintza transbertsalak diren heinean, beste agente-mota batzuekin elkarlanean egotea bilatzen dugu. Adibidez, ortu-proiektu bat garatu nahi bada, ekintzailea baserritarrekin harremanetan jarriko dugu, eta horrela ekintzaren arabera.

Agente edo eragile ezberdinak batu nahi dituzue; zeintzuk lortu dituzue orain arte?

Denetarik; norbaitek zer edo zer egiten baldin badaki eta hona badator, dakien hori konpartituko du ingurukoekin. Ikasketa-trukaketa bat egotea saiatzen gara.

"Ikasketa-trukaketa bat egotea saiatzen gara"

2019tik hona, zelako harrera izan du proiektuak?

Nahiko ona, baina COVID-19aren pandemiak eragina izan du; egiten genuen guztia moldatu behar izan genuen, presentzialki egotea ezinezkoa zelako, eta, horretarako, webgunea baliatu genuen, gauzak digitalki eta bideo-konferentzien bidez eginez. Topaketak, lehiaketak eta bestelako kontu batzuk antolatu genituen, aisialdia sustatzeaz gainera, gazteen beharrak zeintzuk ziren jakiteko. Hala, formakuntza-saio zehatzak antolatu ditugu orain.

Zein da Berango Gazte Laben erabiltzailearen profila?

Gazteak, baina unibertsitatea amaitu dutenak batez ere. Gazteagoek ikasgelak erabiltzen dituzte, eta nahikoa dute ikastearekin. Baina zerbait sortu nahi dutenean, hona etortzen dira ia zer egin ahal duten jakiteko eta euren ideiak ondo zehazteko. Badakite zer egin nahi duten, baina arazoak dituzte zelan egite horrekin. Gure zereginetako bat da horretan gidatzea, badakigulako zeintzuk zerbitzu dauden eta zelan balia daitezkeen horietaz.

Ekintzaileak laguntzeko coworking-gune horretaz gainera, formakuntzak ere prestatu dituzue hilabeteotarako...

Bai, agenda horretan bi motatako saioak topa daitezke: batetik, aisialdi osasuntsuari begirakoak; eta, bestetik, networking edo sarea handitzeko ekintzaile edo enpresei begirakoak.

Adibide bat jartzearren; datorren apirilaren 9an bi tailer izango ditugu: bata, triatloiak prestatzen hasteko tailerra; eta bestea, foam surfing, non enpresa gazteek euren proiektuak aurkeztuko dituzten eta horiek zelan sortu zituzten azalduko duten.

Daborduko lehenengo saioak egin dituzue. Zelakoa izan da parte-hartzea?

Oso ona. Bizikletak konpontzeko tailer bat egin genuen eta izen-emate asko izan genituen. Hona etorri zen jendea pozik irten zen. Bestalde, oposaketetako nortasun-testak prestatzeko tailer bat egin genuen, berton dauden askok behar hori zutelako, eta, horretarako, psikologo kliniko baten laguntza izan genuen. Gainera, martxoaren 8aren harira, Euskadiko emakume ekintzaile eta enpresari elkartearekin batera “ekintzailetza jasangarria” tailerra antolatu genuen, eta erantzuna oso ona izan zen.

"Bi motatako saioak egiten ditugu: batetik, aisialdi osasuntsuari begirakoak; eta, bestetik, networking edo sarea handitzeko ekintzaile edo enpresei begirakoak"

Agenda hori maiatzera bitartekoa da; hortik aurrera zer aurreikusten duzue?

Enpresen eta saretze horri buruzko zerbait antolatuko dugu, jendearen beharren arabera. Adibidez, hamaika proiektutan dagoen erabiltzaile bat etorri da orain gutxi eta ikastaro bat egingo dugu berarekin. Izan ere, berak asko daki gestoria-lanaren inguruan, eta hori oso baliagarria izan daiteke berton dabilen jende askorentzat. Esan bezala, hartu-emanean oinarritzen da gune hau.

Interesa duenak zer egin beharko luke coworking-gune horretan parte hartzeko?

Izena ematea, besterik ez, doan. Baina hona datozenek argi izan behar dute irekiak izan behar direla, ingurukoekin harremanak egiteko prest egon behar dutela. Ideia da elkarrekin batzea eta batak bestearengandik zerbait ikastea, besteak beste.

Zenbat erabiltzaile ditu proiektuak gaur egun?

Nahikotxo, ehun eta piku, baina aldakorra da. Garai batean gehiago izan ditzakegu beste batean baino, jendea joan-etorrian dagoelako beharren arabera. Demagun, pertsona batek proiektu bat garatu nahi duela, baina lana topatzen duela eta egitasmoa alde batera utzi behar izaten duela, denbora faltagatik. Bada, tarte batean kanpoan egongo da, baina gero bueltatuko da, edo ez. Bestalde, formakuntzetara bakarrik datozenak ere badaude, edota ideiak dituztenak baina oraindik proiektuak garatzeari ekin ez diotenak.

Joan den udan, Berango-Merana eskolako ortua garatzeko proiektua zuen esku egon zen ere, ezta?

Bai, eskolak galdetu zigun ea boluntarioak topa genitzakeen ortua udan zaintzeko. Izan ere, ikasleekin hori lantzen dute ikasturtean zehar, baina, uda heltzean, inor ez badago hori zaintzen, irailean hasiera-hasieratik hasi behar izaten dute dena. Hala, boluntario-talde bat osatu genuen eta laguntza eskaini genien.

Mota horretako bestelako proiekturik duzue buruan?

Bai, beti egin nahi izaten ditugu, baina egoeraren arabera. Besteak beste, Fair Saturday jaialdia berreskuratu nahi dugu. Pandemia dela eta, digitalki egin behar izan dugu azken bi urteetan, baina aurten, hada, aurrez aurre egin ahal izango dugu. Horretarako, jendearekin eta musikariekin harremanetan nago zerbait antolatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun